Malguago, eskurago

Jaurlaritzak laguntza gehiago iragarri ditu COVID-19ak eragindako kalteak arintzeko. Deialdi berrian baldintzak eta banaketa irizpideak aldatu dituzte, hala ere.

aitor biain
2021eko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak diru laguntza gehiago iragarri ditu kulturaren sektorearentzat aurten. Lehendakariak berak eman zuen horren berri iragan otsailean, Gasteizko Artium museora egindako bisita batean. Gobernuak ia 13 milioi euro jarriko ditu sektorearen eskura pandemiak eragindako kalteei aurre egiteko. Denera, 23 deialdi iragarriko ditu datozen hilabete eta asteetan. Oraingo honetan baina, Urkulluk adierazi zuen eskatzaileei «erraztasun gehiago» eman nahi dizkietela laguntzak jaso ahal izateko. Eta badirudi esandakoa bete duela.

Izan ere, lehenengo deialdia martxan da dagoeneko: milioi bat eta ehun mila euroko poltsa bat jarri du Jaurlaritzak pandemiak kalte egindako kultur arloko autonomoak, enpresak eta entitate profesionalak laguntzeko. Ordain horietara aurkezteko baldintzak nahizlaguntza horien banaketa irizpideak, ordea, ez dira iazko deialdiaren parekoak. Apur bat malguagoak dira, eta eskaera kopuruaren araberako aldaketak egon daitezke. Horrela, laguntzak ahalik eta profesionaikl gehienek jasotzea bermatu nahi du Kultura Sailak. Laguntzak martxoaren 17tik apirilaren 16ra bitartean eskatu ahal izango dira.

Hasteko, laguntzak eskatu ahalko dituzte iazko fakturazioaren %70, gutxienez, aginduan jasotako kultur jarduera bati lotua dutenek. Honako hauek dira jarduera horiek: arte eszenikoak, ikusizko arteak, arkeologia, ikus-entzunezkoak, bertsolaritza, bitartekaritza edota kultura aholkularitza/kontsultoretza, liburua eta literatura, musika eta ondarea. Eta erakutsi beharko dute COVID-19aren krisiagatik 2020an %20ren galerak edo handiagoak izan zituztela, 2019aren aldean.

Iazko deialdian aintzat hartu ez zituzten jarduera batzuk berariaz sartu dituzte zerrendan: bertsolaritza, esaterako. Jarduera ekonomikoaren epigrafea ez baitzegoen aurreko urteko zerrendan. Gainera, laguntzak bateragarriak izango dira helburu bereko beste edozein administrazio edo entitate publiko zein pribatuk emandakoekin. Hor ere bada berritasunik, beraz.

Deialdi honetan, gainera, aurreikusitako poltsa osorik banatuko da, hau da, 1,1 milioi euro banatuko dira eskaera onartu zaien guztien artean. Ez da zozketarik egingo. Kultura eta Hizkuntza Politika saila izango da prozedura ebatziko duena, eta ez Lanbide, aurrekoan egin bezala.

Aurreikusitako kopuru hori amaitzen bada edo eskabide guztiei erantzuteko adina ez bada, «proportzionalki aplikatutako ehunekoan» murriztuko da bakoitzari esleitutako kopurua, eskabide guztiak estali arte. Era berean, poltsa osorik exekutatzen ez bada, 2019 eta 2020 bitarteko fakturazio aldea % 60raino igo ahal izango da, baina gehienez ere 40.000 eurora arte.

Diru laguntzen onuradunek ordainketa bakarra jasoko dute oraingoan, halere: 2019 eta 2020bitarteko fakturazio aldearen %50erainokoa izango da hori, eta 30.000 eurokoa gehienez ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.