Nerea Osinalde.
Zientzia. ARGI ALDIAN

Naturako soinu entzunezinak

2021eko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Txiki-txikitatik erakusten digute nolakoak diren animalien soinuak: txakurren zaunka, txorien txioa eta lehoien orroa, besteak beste. Baina nola egiten dute jirafek? Eta tximeletek? Guk entzun ez arren, animalien eta landareen erreinuko milaka espezie soinuen bidez komunikatzen dira.

Gizakiok 20 eta 20.000 hertz (Hz) arteko soinu maiztasun-tartea entzun dezakegu. Muga horretatik gorako eta beherako soinuak ultrasoinuak eta infrasoinuak dira, hurrenez hurren.

Oro har, animalia handiek frekuentzia baxuko soinuak igortzen dituzte. Adibidez, elefante ar eta emeak bananduta bizi dira; eta emeak araldian daudenean, airetik edo lurretik hedatzen diren infrasoinuen bidez jakinarazten diete arrei.

Animalia txikiek, berriz, normalean ultrasoinuak igortzen dituzte. Esaterako, saguzarrek ultrasoinuak erabiltzen dituzte orientatzeko eta intsektuak harrapatzeko. Matxinsalto eta sitsek, aldiz, bikotea bilatzeko. Gainera, sitsak saguzarren ultrasoinuak atzemateko gai dira, eta horri esker, harrapakariarengandik ihes egiteko aukera izaten dute. Hori horrela, sits izurriteei aurre egiteko, saguzarren ekolokalizazio deiak simulatzen dituzten sistema elektronikoak diseinatu izan dituzte.

Lurreko animaliek ez ezik, animalia urtarrek ere soinuak igortzen dituzte. Izurde eta baleak, esate baterako, nahiz eta animalia handiak izan, ultrasoinu bidez komunikatzen dira. Arrezifetako koralak ere, zehazki koral osasuntsuak, oso zaratatsuak omen dira. Soinu horri esker, itsas zabalean jaiotzen diren arrezifetako arrainen larbak koralera itzultzeko gai dira. Arrain horiek berebiziko garrantzia daukate koralek ekosistema osasuntsu gisa funtziona dezaten. Tamalez, azken hamarkadetan gertatzen ari den koralen gainbehera dela eta, koralen soinua itzaltzen ari da eta, horrekin batera, bertako arrain-komunitatea desagertzen ari da. Hilzorian dauden koralak berpizteko, Australiako eta Erresuma Batuko zientzialariek «aberasketa akustikoa» deritzon estrategia erabiltzea proposatu dute. Izan ere, arrezife osasuntsuen soinuak errepikatuz, suntsituta dauden koral guneetara arrain gazteak erakartzea posible dela frogatu dute.

Landareek ere soinuak igortzen dituzte, bereziki estres hidrikoa pairatzen dutenean. Kasu horretan, ur burbuilak sortzen dira; eta horiek xileman kolapsatzen direnean, hots, ura eta gatzak sustraietatikhostoetara bidaltzen duen ehun eroalean, soinu bat ateratzen da. Era horretako soinuak 1966tik grabatu izan dira zuzenean, landareari lotutako sentsoreak erabiliz. Berriki, landareek igorritako ultrasoinuak urrunetik antzeman dituzte, eta soinu horiek landarearen egoerari buruzko informazioa daramatela frogatu dute, zehazki, landareak lehortuta edo moztuta dauden jakin daiteke.

Beraz, ondorioztatuko zenuten bezala, landareek, soinuak igortzeaz gain, soinuak atzeman ditzakete. Eta ez soilik landare erreinuko bizidunena, baita inguruko animaliena ere. Adibidez, lore horidun Oenothera drummondii landareek nektarreko azukre kontzentrazioa emendatzen dute, erleek hegan egitean igorritako soinuak antzeman eta minutu gutxira. Berdin jarduten dute erle soinuen eta infrasoinuen grabaketak entzutean. Aldiz, isilpean eta frekuentzia ertain zein altuko soinupean izandako landareen nektarra ez da aldatzen.

Beraz, hurrengoan naturak eskaintzen duen lasaitasunaz gozatzean, eskerrak eman inguratzen zaituen guztia entzuteko gai ez zarela. Bestela, lasaitasuna amesgaizto jasanezina bilakatuko litzateke!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.