Justizia, etenik gabeko kezka

Duela 25 urte hil zen Friedrich Duerrenmatt, Bigarren Mundu Gerraren ondoko Europako gizartearen kritikari zorrotzenetako bat.

Friedrich Duerrenmatt idazlea, Vienan 1975eko azaroan egindako argazki batean. AP PHOTO / ASSOCIATED PRESS.
Juan Luis Zabala
2015eko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Ezarritako legearen eta egiazko justiziaren arteko arrakalen ikerketak batzen ditu Friedrich Duerrenmatten obra guztiak, eta arrakala horietan oinarritzen du idazleak bere garaiko gizarteari egiten dion kritika zorrotza. XX. mendeko alemanezko literaturako egile nagusien artean kokatzen dute kritikariek, eta ez da oharkabean pasatuko haren heriotzaren 25. urteurrena. Konolfingenen (Berna, Suitza) 1921ean jaioa, 1990eko abenduaren 14an hil zen Duerrenmatt, Neuchatelen (Suitza), bihotzak huts eginda.

Bigarren Mundu Gerraren ondorengo gizartearen gorakada ekonomikoari erantzun kritikoa eman zion Duerrenmattek, Max Frischek bezala, gorakada horren alderdi ilunak erakutsiz, horien artean gertuko iraganarekin lotutakoak. Umoreari ironiaren nahiz elementu absurdoen bidez lekua eginez, eta elementu groteskoak ere txertatuz, bere lanetan gizabanakoaren eta gizartearen arteko harremanen alderdirik korapilatsuenei heldu zien Duerrenmattek, zalantzarako, gogoetarako eta debaterako egokienei. Horretarako talaia ideologiko jakin bat bereganatu gabe, zorrotz erreparatu zien bere garaiko eta gizarteko erakunde politikoen kontraesanei, eta gizabanakoak erakunde haien boterearen aurrean izaten duen babesgabetasunari.

Idazle ez ezik, marrazkilari eta artista plastikoa ere izan zen, eta antzerki munduan grafista gisa sartu zen. Anabaptisten inguruko obra bat da antzerkirako idatzi zuen lehena, Es steht geschrieben (1947, Idatzia dago). Ondoren, Der Blinde (1948, Itsuak), Romulus der Grosse (1949, Romulo Handia), eta Die Ehe des Herr Mississippi (1952, Mr. Mississippiren ezkontza) idatzi zituen, besteak beste. Narratiba arloan, aurretik zegoen idazten hasia, ipuinak eta nobela laburrak batez ere, hala nola Weihnachten (1942, Eguberri), Der Richter und sein Henker (1950, Epailea eta bere borreroa), Der Tunnel (1952, Tunela)...

Duerrenmatten obrarik ezagunenetako bat Der Besuch der alten Dame tragikomedia da (1956, Dama zaharraren bisita). Txirotasunak zanpatutako herri bateko bizilagunek diru trukean herritar bat hiltzea onartzen dute, haren maitale ohi aberats baten eskaintzari baiezkoa emanez. Guellen herria nobelaren garaiko Europaren ispilutzat jotzekoa modukoa da, baina baita gaurko Europarena ere. «Istorio hau idatzi duena ez dago pertsonaia horiengandik urrun, eta ez dago oso seguru ez ote zuen berak ere haiek bezala jokatuko» , adierazi zuen Duerrenmattek, Der Besuch der alten Dame-ri buruz ari zela. «Obra perbertsoa da, eta, horrenbestez, perbertsiorik gabe interpretatu beharrekoa».

Lan hartan oinarrituta, 1964an Der Besuch (Bisita) filma zuzendu zuen Bernhard Wicki zinemagileak —Die Bruecke (1959) filmaren egileak—, Ingrid Bergman eta Anthony Quinn aktore nagusi zituela. 1971n Gottfried von Einemek Der Besuch der alten Dame opera estreinatu zuen.

Euskarazko hiru itzulpen

Antonio Maria Labaien izan zen Duerrenmatten testu bat euskaratzen lehena; Gizona ta kidea antzerki obra argitaratu zuen (Der Doppelgaenger jatorrizkoan), 1963an, Egan aldizkarian. Obrako bi pertsonaia nagusiek «berebiziko auzia» darabilte, Labaienek itzulpenaren hitzaurrean idatzi zuenez: «justizia eta justizia-ezaren arteko borroka; errundun eta errugabearen arteko eztabaida». Antzerki zuzendaria, antzerki kudeatzailea eta egilea bera ere traman sartzen ditu obraren une batzuetan Duerrenmattek.

Labaienenaren ondoren, euskarazko beste bi itzulpen izan ditu Duerrenmattek: Matxura narrazioa, Xabier Mendiguren Bereziartuk euskaratu eta Erein argitaletxeak Bartleby sailean 1992an kaleratua, Andres Urrutia egungo euskaltzainburuaren hitzaurrearekin; eta Hizketaldia gauez gizon arbuiatu batekin antzerki obra laburra, Labayru Ikastegiak euskaratu eta Zubizabal aldizkarian 1999an argitaratua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.