Babesgabe dauden adingabeak

HABIA SEGURU BATEN PREMIAN

Babesgabetasun egoeran dauden haur eta nerabeei arta emateko babes sistema usu albiste deigarriekin eta ilunekin lotuta ageri ohi da, baina alor ezezaguna da; garrantzitsua da haren argi eta itzalei erreparatzea. Han jaso ohi dute abaroa hainbat adingabek; bolada batean hainbatek, ia haurtzaro osoan beste askok.

arantxa iraola
2016ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Meritokraziak esaten du berdintasunezko sistema batean gaudela: etsamina bat eta bera dela guztiontzat, bereizkeriarik gabe. Eta familian estimulazio handia izan duen umeak seguruenera ongi egingo du etsamina; baina ondoan egongo da haur bat gainean izugarrizko bizkar zorro bat duena, ibiltzen ere uzten ez diona. Hori da auzia». Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Familiaren eta Adingabeen zuzendariordea da Mikel Gurbindo. Adingabeen babesaz mintzatzean, indarrean dagoen gizarte ereduak mozorrotzen dituen zenbait gezur biluztea ezinbesteko iruditzen zaio. Eta gaiaz ozen aritzea ere bai: «Izan ere, babesgabe dauden haur eta nerabeena tabu bat da oraindik». Hedabideetara usu iristen da albiste ilunekin erlazionatuta; lehengo hilean, esaterako, Gasteizko Sansoheta egoitzan —portaera arazo larridun nerabeentzat atondua—prostituzioan ari ziren nerabeen sare bat zegoela jakin zen, eta adingabeen babeserako sareko hainbat profesional —psikologo bat atxilotu zuten— horrekin nahastuta zeudela. Orriak idatzi dira albisteari buruz, baina alor arrotza da oraino babesik gabe dauden adingabeen babeserako sistema. Eta aldaketa betean dago, Gurbindoren aburuz: «Ahitzen ari da. Egungo premiei ezin die taxuz erantzun». Behar berriei erantzuteko kezka arrunt zabalduta dago: Frantziako Gobernuak udaberri honetan onetsi du haurrak eta nerabeak babesteko lege berri bat; Espainiako Gobernuak iaz egin zuen.

Motibo asko ikusten ditu Gurbindok babes sistemak egun «ingurumari berri» bati erantzun behar diola adierazteko. Krisi ekonomikoak, esaterako, arazoak ugaritu ditu. «'Gatazkak gizarteko klase guztiak zehar lerrokatzen ditu', esaten da; hori mito bat da. Jakina, gizarteko klase guztietan agertzen da gatazka; baina non agertzen dira kasurik gehienak? Esku hartzeen %90 gizarteko sektore zaurgarrienetan izaten dira». Etorkin familia askoren egoerarekin, esaterako, kezkatuta dago, Nafarroan esku hartzeen erdiak familia horietan egiten baitituzte: «Eta gizartearen %10 dira». Hori, hein handi batean, indarrean dauden migrazio politika okerren ondorio dela argi du: «Kontuan hartu behar da zein arazo dauden familiak batzeko, eta gero zein baldintzatan bizi behar dute hemen». Familien pobretzeak, halaber, arazoak gordindu ditu. «Gurasoak usu ez dira babesgabetzaileak, baina bizi dituzten egoeren ondorioz, babesgabetzaile bihurtzen dira». Ondorioz, babesgabe dauden adingabeak ugaritzen ari dira. «Igoera ez da handia; baina beherakada bat egon behar luke, eta ez dago». Egoerari erantzuteko plan berri bat lantzen ari dira Nafarroan: oinarri teorikoa eginda dute.

Familien ezintasunen ondorioz babesik gabe geratutako adingabeak, nerabezaroan agerturiko portaera arazoen ondorioz familiek zaindu ezin dituzten gazteak, eta bakarrik iritsitako etorkin adingabeak. Hiru talde horietako haur eta nerabeak artatzen dituzte adingabeak babesteko sistemek. «Bigarren horiek ere adingabe babesgabeak dira; beren buruarengandik babesteko tresnarik gabe daude», ohartarazi du Gurbindok. Bat dator Gipuzkoako Diputazioaren Haurren eta Nerabeen Babeserako zerbitzuko burua, Patxi Agiriano. Eta osasun sisteman ondo bete gabeko premiak ere ikusten ditu sarri nerabeentzako zerbitzuetan. «Buruko gaitzak dituzten zenbait nerabek, beren nahasmenduengatik, portaera bortitzetara egiten dute zenbaitetan... Horietako hainbatek adingabeen egoitzetan amaitzen dute. Akaso, ez lukete hor egon behar; beste baliabide batzuk beharko lituzkete. Osasun sistemak berak onartzen du hori; beraiekin lan egiten dugu».

Protokoloak badira

Sansohetako gertaeren harira auzitan jarri da adingabeen artarako egoitzen jardunbide egokia. Instituzioek, oro har, argi utzi nahi dute artatzen diren adingabe guztiak ez direla egoitzetara bideratzen: ahal dela, arazoak familia barruan konpontzen dira, horretarako laguntza programekin. Harrera familiak ere badira. Nolanahi ere, egoitza batean bizitzea beste biderik ez zaie geratzen hainbat adingaberi, eta bizitoki horien funtzionamendu egokirako protokoloak badirela diote instituzioek. Arabako Foru Aldundiko arduradunek ez dute hitz egin nahi izan erreportaje honetarako; Hegoaldean adingabeen gaineko ardura duten gainerako erakundeek bai, ordea, eta neurriak hartzen direla defendatu dute. Rosa Gutierrez, esaterako, BizkaikoForu Aldundiak zuzenean kudeatzen dituen —gainerakoak itunpekoak dira— adingabeen egoitzetako arduraduna da. Bizileku guztietako funtzionamendua aldunditik —«adingabe bakoitzaren kasuak arduradun bat du hemen»— zorrotz kontrolatzen dutela esplikatu du, eta Adingabeen Fiskaltzak ere gertutik jarraitzen dituela egoitzetako jardunbide guztiak. Baina nerabeekin —etabizipen minberetatik datoz egoitzetan daudenak usu— lan egiteak aparteko zailtasunak dituela ezin dela ahantzi oroitarazi du. «Protokolo asko izan ditzakezu, baina nerabeekin konfiantza harreman bat lantzera lortu ez baduzu, zaila da sarri lana». Harago egiteko, nerabeen komunikazio telematikoak kontrolatzera egin behar litzatekeela uste du. «Baina, seguruenera, legearekin arazoak izango genituzke horrelakoekin».

Bizitokietan lanean ari diren langileen portaera okerrak saiheste aldera, horiek inoiz sexu deliturik ez dutela egin ziurtatu beharra izaten dute lanean hasi aurretik; aldaketa berria izan da alorrean —umeekin diharduten gainerako profesionalei ere eragiten die: irakasle, mediku, aisialdiko langile...—, aurten indarrean sartua. Haatik, guztiz garbia den jardunik inoiz ez dela lortuko oroitarazi du Gutierrezek: «Zero arriskurik ez dago». Bitxia egiten zaio Sansohetako kasuan, hala ere, ezaugarri bat: «Deigarria da tartean hainbat nerabe egotea, eta ez inork erreparatzea».

Gurbindori ere ihes egiten diote Sansohetako gertaeren inguruan zabaldu diren hainbat albistek. «Beti daude atzematen zailak diren egoerak, ihes egiten dutenak; baina Gasteizkoa sinesten zaila egiten zait niri. Argi dago ez direla gertatu denaz jabetu, eta jabetu egin behar dute». Nafarroako babes sisteman egoitzetako arduradunekin hilean behin elkartzen direla esplikatu du: «Adingabe bakoitzaren inguruko helburuak zein diren gogorarazten da, eta zer eboluzio duen. Egoitzetako arduradunek, halaber, abusu edo gehiegikeria baten berri izan bezain pronto, jakinarazi egin behar digute: lehenbiziko unetik». Adingabeek kexen berri emateko «mekanismoak» badituztela azaldu du: «Gurekin edonoiz jar daitezke harremanetan, eta badituzte beste bide batzuk: hezitzaileak, Adingabeen Fiskaltza, edo foruzainak: zuzenean».

Adingabeekin: bakarka

Agirianok azaldu du Gipuzkoan lehenesten dutela adingabeei hitza ematea. «Garrantzitsua da haur eta nerabeei entzutea; horretan, oso esanguratsua da tutoreen lana. Egoitzetan adingabe bakoitzak tutore bat izaten du, eta horrek jakin behar du non dabilen adingabea, zer bizimodu darabilen, norekin...». Egoitza orotan, halaber, kanpoko ikuskaritza bat ere egiten dute. «Lantalde bat dugu ikuskaritzak egiteko; ikuskaritzak egiten dituztenak lau hilabetean behin joaten dira egoitzetara, eta zuzenean solastatzen dira adingabeekin, egoitzetako hezitzailerik gabe: 'Zer moduz doa bizitza?', galdetzen diete». Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Jaurlaritzaren dekretu batek ezartzen ditu egoitzen funtzionamendu irizpide nagusiak; herrialdez herrialde oinarrizko betebeharrak gisakoak dira.

Agirianok ere onartzen ditu, hala ere, nerabeekin aritzean izaten diren zailtasunak. «Egoitzetako nerabeak kolektibo kaltebera dira; eraman duten bizimoduaren ondorioz, arrisku asko dituzte». Eta tentazioak: «Iruzur, losintxa eta halakoen bidez, jendea hurbiltzen zaie sarri». Maizegi. Informazioa urria da, eta nekeza zaio Sansohetan jazotakoa ondo ulertzea. «Baina pentsatu nahi dut ez direla izan dirudien bezain axolagabeak. Jende oso ona dago lanean».

Portaera arazo oso larriak

Nerabeentzako egoitzetan banaketa egiten dute babes sistema denek: gazteen portaeraren arabera sailkatzen dituzte. Ohikoak, portaera arazo larriak dituzten nerabeenak, eta portaera oso larriak dituztenenak. Herrialde guztietan daude azken horietakoak, Araban izan ezik. Horietan,gazteen askatasuna eta eskubideak urritu ditzaketen erabakiak hartzen dira, eta usu jarri da auzitan funtzionamendua. «Esan genezake arta psikiatrikoan erabiltzen diren baliabideen modukoak dituztela egoitza horietan: nerabeari egin diezazkiokeen oharrazpenetatik hasi, hainbat egunetan egoitzatik ateratzea galarazi, edo nerabea ohatila batean etzan eta lotzerainokoak izan daitezke neurriak», azaldu du Gurbindok.

Legez, iaztik, neraberen bat modu horretako egoitzaren batera aldatu aurretik epaile baten oniritzia behar dute babes sistemek, eta halaxe dihardute, esaterako, Nafarroan eta Gipuzkoan. Bizkaian, ez; urrats hori ez dute oraindik egin. Herrialdean modu horretako egoitza bakar bat dutela esplikatu du Gutierrezek —Laukizen dago—, eta nerabeen askatasun eta eskubideak «era agerikoan» murrizteko neurririk ez dela bizitoki horretan hartzen. «Egoitza horretan, ez dugu gazteei eusteko gelarik, nerabeak ez dira lotzen, eta ez zaie botikarik ematen beren portaera kontrolatzeko». Neurriak badira, hala ere: leku bakarti batean dago egoitza, eta hantxe hilabete bat egin behar izaten du nerabeak. «Ez du irteerarik, han barruan jasotzen ditu eskolak, eta, inora joan behar badu, beti lagunduta doa. Geldialdi horren ostean, ahalegina egiten da nerabeak berriro gizartean bizimodua egiten hasteko».

Egoitza horietan lanketa hezitzaile bat egiten ahalegintzen direla nabarmentzen dute instituzio guztiek, eta kasu oso larrietan hautatzen dela nerabeak horietara bidaltzea. «Egoitza horiek erabiltzen dira, ikusten bada nerabe horiek sortzen dituzten elkarbizitza arazoak larriak direla: ihes ugariez mintza gaitezke, hezitzaile eta egoitzako kideei eginiko erasoez. Beste klase bateko baliabide bat behar dute nerabe horiek, atxikitze neurri gehiagorekin, eta baliabide terapeutiko hobeagoekin», esan du Gurbindok. Bat dator Agiriano: «Ez dira normalean agertzen diren jazoerak, baina izaten dira halakoak. Gipuzkoan, esaterako, horrelakoetarako 30 leku ditugu: bete egiten dira». Adingabeak «bakartzea» premiazkoa denean, beharrezkoak direla uste du.

Ahal dela, hala ere, egoitzetako egonaldiak urritzera egin behar da. Bat datoz. Gutierrez: «Harrera familiak behar ditugu». Inoiz ez dira aski. Prebentzioa, halaber, giltzarri dela azaldu du Gurbindok. «Kaltea konpontzera gehiegi jotzen da; gehiago egin behar da prebentzioa eta adingabeen arta ona sustatzera. Zerbait gaizki egiten ari gara: egoitzetan leku berriak ireki ahala, bete egiten ditugu. Ezin dugu horrela jarraitu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.