Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Espainia

Madrilgo begirada. Agertoki korapilatsua

Agenda politikoa aldatu egin da azken hauteskundeetatik, eta estatuaren batasuna da gai nagusia. Espainiako alderdiak bi bloketan daude banatuta, eta Kataluniakoek eta Euskal Herrikoek garrantzi berezia izan dezakete.

Joan den otsailaren 10ean PPk, Ciudadanosek eta Voxek Madrilen egindako manifestazioaren argazkia. VICTOR LERENA / EFE.
Iosu Alberdi.
Madril
2019ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Alderdiak sartu dira bete-betean kanpainan, 1978an abiatu zen bipartidismoa guztiz amai lezakeen parlamentu berrian ahalik eta pusketarik handiena lortzeko. PSOErekin eta PPrekin batera, Ciudadanos eta UP Unidas Podemos egonkortze bidean dira, eta, eskuin muturreko Vox alderdia gehituko zaie apirilaren 28tik aurrera. Ezin alde batera utzi Euskal Herriko eta Kataluniako alderdi abertzaleak ere, Espainiako Estatuaren batasuna eta Kataluniako independentzia prozesua gai nagusia diren kanpaina honetan. Horrek guztiak ezbaian jar dezake Espainiaren gobernagarritasuna.

2015. eta 2016. urteetako hauteskundeetatik, agenda politikoa eta mediatikoa aldatu egin da. Hala uste du Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko irakasle eta politologo Anton Rodriguez Castromilek, eta kanpainako gai nagusiari horren adierazgarri deritzo: ustelkeria eta klase politikoa azken bozetan, eta Espainiaren batasuna eta Katalunia orain.

Izan ere, Gurtel auziko azken aurkikuntzek bultzatu zuten Pedro Sanchez Espainiako Gobernura, independentisten babesarekin. Gai hori, ordea, bigarren mailan geratu da Kataluniako prozesuak presente jarraitzen duen bitartean. Horrek «egoera polarizatu du», Castromilen esanetan. Bat dator Pablo Simon analista politiko eta Madrilgo Carlos III.a Unibertsitateko irakaslea ere. Haren hitzetan, polarizazio horrek bi bloke nagusitan banatu du esfera politikoa: PP, Ciudadanos eta Vox eskuinean, eta PSOE eta Unidas Podemos ezkerrean. «Botoen transferentzia nagusietan ikus daiteke hori, baita balizko koalizioetarako seinaleetan ere».

Gai nagusia jada finkaturik egoteak mesede egiten dio eskuinari, Castromilen iritziz: «Baina zein eskuini?». Konplutentseko irakasleak azaldu duenez, «espainiar sentimendu nazionalista» animatzeko asmoa nagusitzen bada, «jarrera gogorrena azaltzearen aldeko borroka» piztuko da: «Vox izan daiteke onuradunena, PPren kalterako». Izan ere, CIS Espainiako Ikerketa Soziologikoen Zentroaren hauteskunde aurreko estimazioek adierazten dute alderdi popularrak behera egingo duela; 2016an bozen %33 lortzetik, orain %17,2 lortzera (66-76 eserleku). Voxen beraren eta Ciudadanosen onerako izango litzateke jaitsiera.

PP «erorketa askean» doa, Simonek adierazi duenez. Horri aurre egiteko eta Voxerako bidea har lezaketen bozkatzaileei eusteko, alderdi popularrak «gehiago ideologizatzeko» erabakia hartu du: «Posizio gogorrak ezarri dituzte». Halere, Vox da diskurtso «erreakzionarioenak eta gogorrenak» dituena, batez ere feminismoaren eta immigrazioaren inguruan. Halere, Simonek garbi du lurralde batasunaren gaia dela Voxen «bektore zentrala».

Santiago Abascalen alderdiaren estrategia, ordea, ez da bere burua erakustearen aldeko kanpaina egitea, Simonek adierazi duenez; izan ere, gainontzeko alderdiek eta komunikabide nagusiek eurekin «polarizatzeko» duten asmoa aprobetxatzearen aldekoa da. Simon, ordea, Voxek egin dezakeen «azken esprintaren» zain dago: «Lurraldea markatzeko eta emaitza ona lortzeko erabil dezakete».

Eskuineko blokeko hirugarren alderdia Ciudadanos da; Simonen arabera, «manta motzegiaren tesia» erosi du, ezker-eskuin zituzten babesak mantentzeko zailtasuna ikusita: «Identifikatu dute eskuineko botoan ainguratu behar dutela, gehien gora egin dezaketen lekua baita, batez ere PPren bozkatzaile atsekabetuen artean». Izan ere, 2016an PPren aldeko boza eman zutenen %8,2k Ciudadanosen alde emango lukete, CISen arabera. Uste du horretarako PPrena bezain gogorra ez den profil baten alde egingo dutela, baina lurralde aferetan haiena bezain gogorra den diskurtso bat babestuz.

Eskuinaren zatiketa «aurretik ikusi gabekoa» da Espainian, Castromilen esanetan. Ez, ordea, ezkerreko blokearen banaketa, beti alderdiren batek hartu izan baitu PSOEren ezkerrean geratzen den lekua. PCEk edo IUk lehen, eta Unidas Podemosek orain. Haien arazo nagusia, ordea, Kataluniak egin diezaiekeen kaltea da. «Ezkerrari mesede txikiagoa egiten dio gai honek, baina ez du esan nahi bozak galduko dituztenik». Uste du bigarren mailan dauden gaiak kontuan izan beharko dituztela hala ez gertatzeko, zalantzati daudenen boza eskuratze aldera: hautesleen %41,6k oraindik ez dute erabaki nor bozkatu.

Bata gora, bestea behera

Bi alderdiek, ordea, joera oso ezberdina dute: inkestek iradokitzen dute PSOEk nabarmen egingo duela gora, gobernuan egon izana aprobetxatuta. Era horretan, alderdi sozialista «boto erabilgarri» gisa aurkeztu da, Simonek adierazi duenez, catch-all erako mezu tradizionalarekin: «Ezkerrekoak eta aurrerakoiak diren posizioak defendatuko dituzte, baina ateak itxi gabe, herritarren zati handi baten ordezkari izan daitezkeela erakusteko».

PSOEk ezkerreko beste alderdiaren kontura lortuko luke aipatutako igoera. Castromilek «txartzat» jo ditu Unidas Podemosen hauteskunde aurreikuspenak. Izan ere, baliteke Sanchezen aldeko boza ematea alderdi sozialistaren eta UPren arteko itunaren aldekoek, 2016an UPren alde egin zutenen %19k, CISen arabera. Halere, Castromilek uste du PSOEn ere beldurra dagoela, UP hondoratuz gero gobernua osatzeko aukerarik gabe gera baitaitezke.

Kanpainari begira, beraz, Simonek beharrezkotzat jo du Podemosek barne gatazkei aurre egitea. Pablo Iglesiasen alderdia «2015era itzultzeko diskurtsoa» erabiltzen ari dela azaldu du: «Diskurtso gogorrago bat planteatu nahi du, antioligarkikoa». Simonek uste du horren atzean abstentzioagatik izan ditzakeen galerak gutxitzeko estrategia dagoela: «Egia da PSOErantz doan bozkatzaile fluxu handi bat duela, baina garrantzitsuak dira etxean gera daitezkeenak ere, PSOEren alde ere egin nahi ez dutenak». Kontuan izan behar da abstentzio tasa handiagoa izan ohi dela ezkerreko hautesleen artean.

Hirugarren hanka

Parlamentu berria, ordea, ez dute bost alderdi horiek bakarrik osatuko, eta garrantzi berezia izan dezakete Euskal Herriko eta Kataluniako alderdi abertzaleek. Simonek bi taldetan banatu ditu. Batetik, EAJ dago, «diskurtso teknokrata baten aldeko apustua» egin duena, catch-all estrategia batekin, baina Araba, Bizkai eta Gipuzkoa mailan. Estrategia horrek diputatu bat gehiago (sei) eman diezaioke EAJri, orain arteko inkesten arabera.

Kataluniako agertokia, ordea, oso ezberdin ikusten du: «Preso politikoen egoeraren eta 2017ko erabakien shock-a oraindik ere agerikoa da». Bozak lortzeko, ERC eta JxCAT elkarrekiko konpetentzian ikusten ditu, eta ERCren igoera nabarmendu du hor, Katalunian gehien bozkaturiko alderdi izan bailiteke. CISen datuekin 17-18 eserleku izango lituzke, eta JxCk, 4-5. Halere, uste du JxCren azken estrategiek gauza alda dezaketela.

Parlamentu berriak aldaketa esanguratsu bat ere izan dezake ERCk eta EH Bilduk talde bakarra osatzen badute. Taldeak 20-23 eserleku lortuko lituzke, CISen datuen arabera, 3-5 EH Bilduren eskutik. Simonen ustez, horrek negoziatzeko gaitasuna kenduko lioke alderdi katalanari, EH Bilduk «Espainiako alderdien artean arbuio handiagoa sortzen baitu». Koalizioa estrategia «osoki independentista batean» kokatu du, erkidegoetako hauteskundeei begirako batean. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan datorren urtean egingo dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta Simonek udazkenerako espero du Kataluniako Parlamenturako hauteskundeen aurrerapen deia. «Haien estrategia logikoa da, independentismoaren alderdi nagusi gisa azaldu nahi baitute. EH Bilduren kasuan, espazio txikiago batean, EAJren hegemoniaren ondorioz. Baina espazio handi bat ERCrentzat, PDeCATen krisia dela eta».

Castromilen iritziz, berriz, orain bigarren mailan gera liteke Kataluniako, Euskal Herriko edo Galiziako alderdi abertzaleek Espainiako Gorteetan izaniko rol historikoa, «giltzarriarena», bipartidismoaren hausturaren ondorioz: «Orain koalizio handia beste alderdi batzuekin doa, ezkerretik, PSOErekin eta Unidas Podemosekin; edo eskuinetik, andaluziar erako gobernu batekin. Agertoki horietan, ikusteko dago ea giltzarri lan hori beharrezkoa izango den». Izan ere, blokeoa gertatuz gero, haren ustez Ciudadanosen mugikortasuna kontuan hartu beharrekoa izango da, eskuineko gobernua osatzerik ez badago, PSOEren aldera eginez.

Izan ere, Simonek hiru agertoki ikusten ditu apirilaren 28 osterako. Lehena, zundaketa gehienek adierazitakoa, blokeo egoera litzateke: bi bloke nagusiak gehiengo osorik gabe geratzea. «Independentistek eta nazionalistek ez lukete Pablo Casado inbestituko, Voxen eta Ciudadanosen babesa izanik. Bestalde, Pedro Sanchezek ezingo luke Unidas Podemosekin gehitu. Beraz, EAJk sartu beharko luke, eta ez legoke arazorik itun baterako». Independentistek itun horretan parte hartzea «konplexuago» ikusten du, ordea, faktura «ordaintzen zailagoa» bailitzateke Sanchezentzat. Bigarren aukera eskuinen arteko batura litzateke, «karanbola» baten ondorioz gerta litekeena. Hirugarrena, berriz, PSOEk eta Ciudadanosek osatutako gobernua; horiek ere gehiengo osoa beharko lukete. Castromilek aukera gehiago ikusten dizkio azken akordio horri PSOEk Euskal Herriko eta Kataluniako alderdi abertzaleen babesa lortzeari baino.

Azken hitza, ordea, hautetsontziek izango dute, eta, Castromilen esanetan, horietan zera gerta liteke: inkestetan aurretik doazen alderdietako bozkatzaileek iritzia aldatzea edo abstenitzea, eta zalantzati daudenek azken unean erabakitzea. Izan ere, zalantzan daudenen %6,6k PPren eta PSOEren artean hautatuko lukete, eta %8,9k, PSOEren eta Ciudadanosen artean. Blokeek gora edo behera egin dezakete, beraz. Simonen esanetan, berriz, zirkunskripzio batzuetan gerta daitekeen boto gutxiko aldeak mugi dezake balantza alde batera edo bestera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.