Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Hego Euskal Herria

Inkestak. Sukaldea eta osagaiak

Nola egin inkesta bat, bozetan gertatuko denetik gertu egon dadin? Nola bildu datuak, eta nola ustiatu? Hauteskunde portaera ikertzen dutenek zailtasunak izan ohi dituzte, baina badituzte horiek gainditzeko mekanismoak ere.

Herritarrak botoa prestatzen, Gasteizko hautesleku batean, 2015ean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
jon olano
2019ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Kritika guztien jomugan egon ohi dira: batzuk, huts egiteagatik; beste batzuk, berriz, asmo politikoak ezkutatzen dituztelakoan, alderdi batzuk puztuta edota beste batzuek izan dezaketen babesa gutxietsita. Jasotako datuak kozinatzea leporatu ohi zaie, erdeinuz. Eta, hala ere, hedabide eta herritar askok kasu egin ohi diote hauteskunde aurreko zenbaki saltsari, inkestek azaleratzen dutenari. Azken asteetan argitaratutakoak biltzen ari da @inkestak Twitter kontua, eta, sukaldeak sukalde, argitaratutako gehienetan joera batzuk errepikatzen dira; esaterako, EAJk sei diputatu lortuko dituela eta EH Bildu bizpahiru ordezkariren inguruan ibiliko dela. Hori bera jasotzen du Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak apirilean argitaratutako inkestak; sei EAJk, lau PSE-EEk, hiru EH Bilduk, hiru Elkarrekin Podemosek eta bi PPk. Jaurlaritzaren inkesta izanik, ez ditu aintzat hartzen indar politikoek Nafarroan lor ditzaketen emaitzak.

Jaurlaritzaren Lehendakaritzako azpisailak joera batzuk nabari ditu apirilaren 28ko hauteskundeetarako: Espainiako Estatu osoa aintzat hartuta, bozak PSOEk irabaziko ditu, «boto diferentzia handiarekin», eta, horrekin batera, Unidas Podemos «nabarmen» jaitsiko da; eskuinen arteko lehian, berriz, PP nagusituko da, eta PP-Ciudadanos-Vox baturak ez du gehiengo absoluturik lortuko. Nafarroari dagokionez, kabineteak kalkulatu du balitekeela PSNk lortzea boto gehien, Navarra Suma koalizioaren aurretik. Azkenik, aurreikusten du apirilaren 28ko eta maiatzaren 26ko emaitzen artean ezberdintasunak egongo direla, aurreko urteetako esperientzian oinarrituta: «Duela hiru urte, ezberdintasun horiek egon ziren hauteskunde orokorren eta autonomikoen artean. Orduan ere, inkestek aurreratu zuten joera ezberdina izango zela».

Inkestak aurreikuspenak dira; kalkuluak, unean uneko argazki bat. Ez dira gertatuko denaren iragarpen bat. Aitzitik, garrantzitsua da datuak modu egokian biltzea eta horiek ondo ustiatzen asmatzea, kalkulua ahalik eta gehiena gerturatu dadin unean uneko errealitatera. Bide horretan, hiru elementu hartu ohi ditu kontuan Prospekzio Soziologikoen Kabineteak, BERRIAri azaldu dionez: «Aurrenekoa da lagin on bat izatea, zabala eta ondo aukeratua, aldagai garrantzitsuenak kontuan izango dituena. Bigarrena da galdera egokiak egitea; hau da, herritarren iritziak, jarrerak eta portaerak ezagutzeko hainbat aukera izatea. Hirugarrena bilakaera datuak izatea da; hots, iraganean gai beren inguruan jasotako informazioa».

Kantitatea ez, kalitatea

Lagina, beraz, gakoetako bat da. Apirileko inkestarako, laurehun pertsona elkarrizketatu zituzten Araban, seiehun Bizkaian, eta bostehun Gipuzkoan; 1.500 guztira. Datuak ondoren haztatu zituzten, lurraldea, sexua, adin taldeen araberako biztanleriaren banaketa errealaren eta profil soziopolitikoaren arabera. Zenbat eta jende gehiago, orduan eta azterketa eraginkorragoa? Ez da beti horrela, Jaurlaritzaren arabera; ez puntu batetik aurrera: «Beste faktore batzuek ere eragin handia dute: inkesta etxez etxekoa den edo telefono bidezkoa, galdera sortaren diseinua, eta abar. Horiek guztiak kontuan hartu behar dira zenbat jenderi, zer zonatan eta nola galdetu behar zaion erabakitzeko».

Datuak bilduta ere, zailtasunak ageri dira horiek ustiatzerakoan; esaterako, herritarrek gezurra ez esatea, botoa nori emango dioten ez aitortzea edo abstentzio tasa aurreikustea. Ikerlariek badituzte horiek zuzentzeko mekanismoak: gezurrak antzemateko, galdera guztiei emandako erantzunen koherentzia aztertzea; boto ezkutuari dagokionez, aurreko hauteskundeetan alderdi bakoitzak izan duen boto ezkutuari erreparatzea. Horrek aparteko zailtasuna dauka alderdi sortu berrien kasuan. Abstentzioan dago oztopo nagusia, ez baita erraza hori aurreikustea: «Azken finean, botoa emateko erabakia ez dutela hartu esaten dutenen artean, erabaki hau da garrantzitsuena: botoa eman ala ez eman».

Erabakia, azken egunetan

Bada beste joera bat ere, inkesta egileen egitekoa zailtzen duena; jendeak gero eta beranduago erabakitzen du nori eman botoa, eta hor datza kanpaina on bat egitearen eragina: «Hauteskundeen ostean egiten diren inkesta guztietan, boto erabakia aztertzen da, eta horietan ikusten da herritar askok gero eta beranduago hartzen dutela erabaki hori», dio kabineteak. Adibide gisara, azken hauteskundeak: herritarren %20-25 inguruk kanpainan zehar hartu zuten erabaki hori: «Proportzio hori handia da, eta eragin zuzena du emaitzetan».

Hain justu, hori da inkestek huts egitearen arrazoietako bat; bestea, alderdi berrien sorrera. Azkeneko urteetan, sortu eta berehala, ordezkaritza zabala lortu dute Espainian Podemosek, Ciudadanosek eta, orain espero denez, Voxek. Euskal Herrian, soilik Ahal Dugu-k izan du hain agerpen arrakastatsua; Ciudadanosek apenas lortu zuen ordezkaririk 2015eko udal eta foru hauteskundeetan —2016an, batere ez Espainiako Gorteetarako eta Eusko Legebiltzarrerako bozetan—. Eratu berrien inguruan ez dago iraganeko hauteskundeetako informaziorik, eta, beraz, zailagoa da horien botoen kalkuluan asmatzea.

Hauteskundeetako inkestak kanpainetako protagonistetako bat dira, eta, hala ere, bizitza laburra izaten dute; besteak beste, argitaratzeko mugak legez ezarrita daudelako. Espainiako Hauteskunde Batzordeak gogorarazi duenez, Hauteskunde Legeak dio ezin dela ezein hedabidetan inkestarik argitaratu bozen aurreko bost egunetan. Kalkulurik ez, beraz, asteartetik aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.