Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Espainiako alderdiak. CIUDADANOS

Bi arimetako bat plazaratuz

Kataluniako egoerari eta bipartidismoaren higadurari etekina aterata lortu du, hamarkada batean, alternatiba izatea. Nazionalismoari kontra eginez sortu zen, baina, batez ere, nazionalista espainiarra da, eta hori erakusten du.

Bi arimetako bat plazaratuz.
Igor Susaeta.
2019ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Victor Lapuente politologoak (Bartzelona, 1976) dio Ciudadanos alderdiak «bi arima» dituela. «Batetik, arima liberala, oso modernoa, oso garatua. Baina, bestetik, arima nazionalista hori du, ez dena hain positiboa, agerikoagoa dena, Colon plazako argazkiarena... Bi arimak alderdi berean mantentzea zaila da, eta mezu bat bestea baino gehiago nabarmendu behar duzu». Oxfordeko Unibertsitateko doktore eta Goteborgeko Unibertsitateko katedradunaren ustez (Suedia), Albert Rivera alderdiaren presidentea «bigarren mezua» azpimarratzen ari da, mezu nazionalista.

Hain zuzen, nazionalismoen kontra egiteko sortu zuten Ciudadanos: 2006an sortu zen, Katalunian, eta intelektual talde batek bultzatuta; sozialista ohiak ziren horietako asko. Ez zuen ideologia zehatzik, eta «Espainia eraldatzea» zuen xede, alderdiak orduan zioenez. 2007an egin zuten lehen batzar orokorra, eta azpimarratu zuten «zentro-ezker ez-nazionalistaren» espazioa betetzeko beharra zegoela. Baina, lehen lerrora jauzi egiteko ahaleginean, aldatuz joan ziren alderdiaren beharrak, aldatuz buruzagien aldarriak. Bipartidismoa ere higatu zen Espainian; Katalunian, independentistek gora egin zuten, eta, hortaz, Ciudadanosek azkeneko bi aldagai horiek baliatu zituen. Iazko aurreneko hilabeteetan egindako inkesta batzuen arabera, boto asmoari zegokionez lehen indarra zen Espainian. Hori izan zen PPren ustelkeria kasuak puri-purian zeudenean, PSOE artean Moncloan ez zegoenean, eta Katalunian Ciudadanosek berak hamaika aldiz eskatutako 155. artikulua ezarrita zegoenean. «Astroak modu ezin perfektuagoan lerrokatu ziren Riverarentzat. Bi indarrak zituen. Ez dirudi, ordea, oso ondo doakionik baten alde eginda», zehaztu du Lapuentek.



Urtebeteren buruan, ez da inondik inora lehen indarra boto asmoan. Sortu zenean nazionalismoen aurka zegoen alderdi horrek, oraindik ere, nazionalismo espainiarra goratzen du, migrazio «legez kanpokoaren» kontra egiten du, politika sozialak baztertzen ditu, baina PPk eta Voxek ere gauza bera egiten dute. Jarrera horren ondorioz, gainera, behinola PSOEtik arrantzatutako botoak galdu ditu. Beraz, boto asmoan hirugarren indarra da egun.

Lapuentek uste du horregatik Ciudadanos«durduzatuta» heldu dela hauteskundeetara. «Sentsazio gazi-gozo batekin iritsi da, nolabait bere bidea topatzeko ahaleginean». El País, Eldiario.es eta Onda Ceroko kolaboratzailearen ustez, «ziurrenik» datu batzuek bultzatu dute alderdia mezu nazionalista lehenestera. «Nik galdetzen dut ea hori ez ote den izango gaur ase, bihar gose. Kostu batzuk izan ditzake hain argi esateak ez duela PSOErekin itunik egingo, eta gontz alderdia izateari uko egiteak». Lapuente gontz alderdien aldekoa da, eta pentsatzen du gisa horretako alderdi «pragmatikoek» sostengatu dituztela Europa mendebaldeko demokraziak. «Populismoen garaian, inoiz baino beharrezkoagoak dira alderdi horiek». Eta EAJ jarri du adibidetzat. Dena den, ez du hain garbi PSOErekin itunik egingo ez duenik. «Hauteskundeen biharamunean, mundua diferentea izaten da...». Inkestek diotenari erreparatuta, «jario batzuk» detektatu ditu. «Horiek adierazten dute Ciudadanosi botoa eman behar ziotenek PSOE bozkatuko dutela. Agian eskuineregi jo du...».

Halere, Lapuenteri ez zaio gaizki iruditzen diskurtso abertzalea edukitzea. «Uste dut ona dela nortasunaz hitz egitea, aberriaz, batzen gaituenaz. Baina saiatzea banaketa bat egiten abertzale onen eta txarren artean... Horrek banatu egiten du». Pentsatzen du debatea polarizatzeak «efektu negatiboak» eduki ditzakeela. «Herrialde bakoitza diferentea da, baina Mendebaldeko herrialdeek komunean dutena polarizazioa da: errepublikanoak eta demokratak; remainer-ak [brexit-aren kontrakoak] eta brexiter-ak; espainiar onak, eta espainiar txarrak... Hori ez da ona. Negoziatzeko eta denekin itunak lortzeko gai diren alderdiak behar ditugu».

Ustelkeriaz

Alderdiaren laugarren batzar orokorretik, 2017tik, «liberala, progresista, demokrata eta konstituzionalista» da Ciudadanos, hala diote estatutuek. Lapuenteren esanetan, alderdiak badu zeresana egiten duen proposamen «liberalari» dagokionez. Luis Garicano ekonomista izango da alderdiaren zerrendaburua Europako Parlamenturako hauteskundeetan, eta hark ondutako El contrataque liberal (Kontraeraso liberala, 2019) liburua du hizpide politologoak. Zenbait alderdi «kritikagarriak» direla uste du —adibidez, politika publikoetan proposatutakoa, edo aberatsei zergak jaistearena—, baina «lan politikarako, hezkuntzarako» proposamenak tradizio liberalarekin, «Europako abangoardia liberalarekin» uztartzen direlakoan dago.

Politika jakin batzuetan «ausarta, pragmatikoa» da Ciudadanos, Lapuenteren ustez. «Erreforma instituzionalei dagokienez, esaterako. Erkidego batzuetan eta maila zentralean dauden txiringitoak birplanteatzeko orduan; instituzioak deskolonizatu eta despolitizatzeko garaian. Diagnostikoa zuzena da».

Ustelkeriaren kontrako aldarria ere egin du Ciudadanosek, baina Gaztela eta Leongo (Espainia) azkeneko primarioetan iruzurra salatu zuen alderdikide batek. Lapuentek argitu nahi du aspalditik ari dela ustelkeria «modu konparatuan» ikertzen, eta horren emaitza da Organizando el Leviatán liburua (Leviatana antolatzen), iaz Carl Dahlstromekin batera argitaratu zuena. «Aipatzen dugu zeintzuk iruditzen zaizkigun neurririk egokienak ustelkeriaren kontra borrokatzeko, eta proposamen horiek argien betetzen ari den alderdia Ciudadanos da. Alde horretatik, bulkada erreformista bat duela esango nuke».

Eskuin muturra onartzeaz

Lapuentek aipatutako demokrazietan, ez da ohikoena izaten eskuin muturreko alderdiak gobernuko kide izatea, nahiz eta Austrian, adibidez, hala den. Ciudadanosek ez zituen Voxen botoak baztertu Andaluzian (Espainia), PPrekin batera gobernua osatzeko. Politologoa ez dago hautu horren kontra. «Datuek zera iradokitzen dute: nahi baduzu eskuin muturreko alderdi batek gorantz egitea, onena da haiek koaliziotetatik kanpo uztea». Frantzian hori gertatu dela dio. «Esaten dute: 'establishment-ak diskriminatu egiten gaitu'. Karta hori jokatzen dute. Beraz, lehen kolpean mingarria izan arren, haien gorakada etete aldera hobe da haiekin itunak egitea». Eta Andaluziako kasua jarri du mahai gainean, bere tesia argitze aldera. «Kontua ez da gobernuan sar daitezela, baizik eta, Andaluzian bezala, kanpo itunak egitea, eskubideen babesari buruzko politikak ez ditzaten modu erradikalean baldintzatu». Pentsatzen du jokabide hori,«epe luzera», hobea dela «sistema demokratiko batentzat». Finlandian, berriki, sozialdemokratek ez dute baztertu ultraeskuindarrekin hitz egitea.

Ciudadanosek ere ez du baztertzen. Haren bi arimetako bat plazaratzen ari da, duela bi aste Errenterian ikusi bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.