Hauteskundeak. Eusko Legebiltzarrerako bozak

Egutegiari aurrea hartzen

Bozek datarik ez badute ere, indar politikoek martxan dituzte Jaurlaritzako lehendakarigaien hautatze prozesuak. EH Bilduk otsailaren 3an izenda lezake, eta Elkarrekin Podemosek, martxoaren 4an

Egutegiari aurrea hartzen.
jon olano
2020ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeek oraindik ez dute data ofizialik, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak ez baitu jakinarazi noiz sinatuko duen Eusko Legebiltzarra desegiteko dekretua, baina Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako indar politikoak lanean ari dira jada hauteskunde horiei begira; nagusiki, hautagaitzak prestatzeko asteak izaten ari dira, 2016ko emaitzak hobetzeko edo, behintzat, ez okertzeko.

EAJ
Lasaitasuna helburu


Legebiltzarrak 12. legealdiari ekingo dio hauteskundeen ondoren, eta azken zortzi urteetan izandako patxadari eustea izango da EAJren helburu nagusia. Aro gozoa bizi du alderdiak: haren babesa koska bat hazi da 2015-2019 hauteskunde zikloan, agintean dago Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundietan, Bilboko, Gasteizko eta Donostiako udaletan, Eusko Jaurlaritzan, gobernukide da Nafarroan, eta Espainiako Gobernuak lehentasunezko bazkide ditu jeltzaleak. Jokaleku hori ahalbidetu duen ildoari eusteko borondatea erakusten du Euzkadi Buru Batzarrak Iñigo Urkullu berriro proposatu izana Jaurlaritzako lehendakarigai izateko —martxoaren 7an berretsiko dute—. Irabaziko balu eta legealdia amaituko balu, Urkulluk hamabi urte egingo lituzke Ajuriaenean; Jose Antonio Ardanza izan ezik, beste inork baino gehiago.

Lehendakariak bere esku du bozen data, baina eskuak libre ditu. Hiru urtez gehiengo absolutuaren atarian gobernatu du, eta, beranduenera, udazkenerako deitu beharko luke hauteskundeetara, baina aurtengo aurrekontuak onartu izanak legealdi amaiera nahierara antolatzea ahalbidetu dio. Halere, maiatz amaierako eta ekain hasierako igandeak ageri dira aukera gisa; 2021eko aurrekontuak denborarekin prestatzea eta Espainiako Gobernuaren tempo berarekin negoziatzea erraztuko lioke horrek. PSErekiko aliantzak gora eginez eta Elkarrekin Podemosen konplizitateari eutsiz gero, jeltzaleek legealdi barea izan dezakete.

EH BILDU
Hautagaia, argitzeke


EAJrekiko aldea txikitzea izango da EH Bilduren asmoa. Indar subiranistak martxan du hautagaiak aukeratzeko prozesua: bakarra aurkezten bada, otsailaren 3an izendatuko du. Bilkideek 2ra artean proposa ditzakete lehendakarigaiak. Hautagaiak bat baino gehiago balira, otsailaren 4-13 artean kanpaina egingo lukete, eta otsailaren 14an, 15ean eta 16an, bozketa; irabazlea otsailaren 17an izendatuko lukete. KOntrara, 2016ko aldagai bera mahai gainean dago: ikusteko dago Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileari denbora emango dion hautagai izan ahal izateko. Bateragune auziko inhabilitazioa dela eta, 2021eko otsailera arte ezin da hautagai izan, baina Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren 2018ko epai bat dela eta —epaiketa injustutzat jo zuen—, defentsak Espainiako Auzitegi Gorenean berraztertze helegitea aurkeztua du, eta uste du Gorenak epaia baliorik gabe utziko zuela. Modu horretara, kendu egingo liokete inhabilitazioa Otegiri. Gorenak ez du eperik ebazpena emateko.

Lehendakarigaia gorabehera, EH Bilduk badauzka 2016ko emaitzekiko hazkundea aurreikusteko elementuak: 2015-2016 urteetako hauteskundeetan behera egin ondoren, emaitzak hobetuz joan da 2019ko guztietan.

ELKARREKIN PODEMOS
Aliantza berrien testa


Legebiltzarrean indartsu sartu zen Elkarrekin Podemos 2016an: 11 legebiltzarkide eta 150.000 boto baino gehiago; 2015ean Espainiako Gorteetarako bozetan eta foru hauteskundeetan izandako emaitzen erdibidean. Lehen aldiz aurkeztu, eta hirugarren indarra ere izan zen Ahal Dugu-k, Ezker Anitzak eta Equok osatutako koalizioa. 2016a zen, eta erasokor ari zen Espainiako eta Euskal Autonomia Erkidegoko agintari politikoen aurka. Legealdi amaieran diskurtsoa moldatuta, ordea, gobernabidea errazteko ezinbesteko pieza bilakatu da, aurtengo aurrekontuak adostuta eta estatus politikoari buruzko eztabaidan EAJrekin eta PSE-EErekin ardatza osatuta. Neurri batean, Madrilgo egoera bera izan dezake Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; behera egin du babesean, baina gora eragiteko gaitasunean.

Hori horrela, ikusgai dago zein izango den zerrendaburua. Jakina da Pili Zabala 2016ko lehendakarigaiak ez duela jarraituko, eta Ahal Dugu-k zabalik du haren ordezkoa izendatzeko bidea. Otsailaren 2an hasiko da prozesua, eta hautagaien arteko kanpaina otsailaren 23tik martxoaren 1era bitartean egingo dute. Bozketan garaile dena martxoaren 4an izendatuko dute. Litekeena da hautagai bat baino gehiago aurkeztea, baina ikusgai dago horien artean egongo den Lander Martinez Ahal Dugu-ko idazkari nagusi eta Elkarrekin Podemoseko bozeramailea. «Beste aukera batzuk badauzkagu, aukera onak. Ni ziur aurkeztuko naizela legebiltzarkide; lehendakarigai, ez dakit nire rola hori den», esan zion BERRIAri abenduan.

PSE-EE
Hazkundea berretsi nahia


Aurten sei urte egingo ditu Idoia Mendiak PSE-EEko idazkaritza nagusian, eta ziklo makurra bizi izan du alderdian; Podemosen agerpenak kolpe handia eman zion PSOEri Madrilen, eta beste hainbeste gertatu zen Euskal Herrian Ahal Dugu-rekin eta PSE-EE eta PSNrekin. Orain, iazko joerei eusten badie, porrotaren mikatzak atzean utzi eta hazkundearen gozoak probatuko ditu Mendiak; hura da lehendakarigaia. Ahal Dugu-ri jaten dion pusketa erabakigarria izan daiteke Jaurlaritzako koalizioa gehiengo absolutura heltzeko.

PP
Leku bila


Garai zailean helduko dira hauteskundeak PPrentzat, Madrilgo zuzendaritzaren eta Euskal Autonomia Erkidegokoaren arteko giroak baretu ezinik jarraitzen baitu Pablo Casado presidentetzara heldu zenetik. EAEko PP ez dago eroso Madrilgo buruzagitzak hartu duen ildoarekin, eta iazko udal bozetan alderdia hazkunde bidean jarri zuen hautagai bakarrak, Borja Senper Donostiako alkategaiak, alderdian zituen kargu guztiak utzi ditu. Alfonso Alonso PPko EAEko presidentearen nahia da eskuin espainiarzalearen inguruko boto guztiak bilduko lituzkeen hautagaitza bat sortzea, baina aukera hori behin eta berriz ukatu du Ciudadanosek. Hortaz, ikusteko dago espazio politiko horrek zenbaterainoko tartea daukan hazteko, edo, kontrara, azken hamarkadan izan duen gainbehera irauli ezinik jarraituko duen.

Ez dirudi alternatibarik dagoenik Alfonso Alonso lehendakarigai ez izateko. Erabakia Madrili dagokio, eta sorpresa litzateke Casadoren taldeak beste hautagai bat jartzea, baina ez litzateke aurreneko aldia ere; Espainiako Gorteetarako iazko bi hauteskundeetan, Casadok bere gustuko zerrendaburuak ezarri zituen, EAEko taldeen irizpidearen aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.