Europako diruetatik 5.700 milioi nahi ditu Jaurlaritzak, «krisia aukera bihurtzeko»

Euskadi Next planak 188 proiektu ditu, gehienak energia berriztagarriekin eta digitalizazioarekin lotutakoak. Ez du AHTrako dirurik eskatu, Espainiarena delako eskumena

Iñigo Urkullu eta Pedro Azpiazu, atzo, Gasteizen. MIKEL ARRAZOLA / IREKIA.
Irune Lasa.
2020ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Pedro Sanchez Espainiako presidentearen mahaian 188 proiektu jarri ditu Eusko Jaurlaritzak. Euskadi Next plana da, Europako Batasunaren suspertze funtsetatik ia 6.000 milioi euro erakartzeko eta, aldi berean, Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren hurrengo urteotako bide orria markatzeko egitasmoa. Atzo aurkeztu zuten Iñigo Urkullu lehendakariak eta Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak.

Urkulluren arabera, Euskadi Next programa da, Berpiztu programarekin eta datorren urterako aurrekontuekin batera, Next Generation EUri emandako «euskal erantzun propioa». Urkulluk espero du diru horiekin pandemiaren txikizioa onerako ere erabili ahal izango dela. «Historiak irakasgai bat erakutsi digu: Euskadi, krisialdi bakoitzaren ondoren, berriro berpiztu da. Krisi bakoitza akuilu bat izan da. Krisi bakoitzak gure egokitzeko gaitasuna, izaera ekintzailea eta biziraupen sena indartu ditu. Orain erronka handi bati egin behar diogu aurre, eta aukera paregabea dugu. Erronka hau aukera bihurtu behar dugu».

Finean, Next Generation EU-rekin eta haren barneko Errekuperazio Mekanismoarekin, Europako Batasunak dirutza bideratuko du pandemiaren osteko susperraldia ahalik eta bizkorrena izan dadin, eta herrialdeek ekonomia eta gizarte erresilienteagoak izan ditzaten. Xede horrekin, hiru transformazio handi jarri ditu Batasunak funts horien jomugan: trantsizio ekologikoa, trantsizio digitala eta trantsizio soziala.

Helburuak betetzeko proiektuak lagunduko ditu diruz Europak, bai laguntza zuzenekin, bai maileguekin. Dena den, diru hori estatuei emango zaie, haiek aurkeztutako planen bitartez. Euskadi Next, beraz, Madrilen aurkeztuko da orain, España Puede planaren parte izateko borondatez.

BALDINTZAK

Euskadi Next programari atzematen zaio proiektuen hautaketan oso presente izan dituztela Europako Batzordeak funtsetarako ezarritako esparruak. Baina aintzat hartu dituzte, batez ere, España Puede planaren ildoak. Jaurlaritzak ariketa berezia egin du Euskadi Nexten txostenean grafikoki erakusteko egitasmo bakoitza nola kokatzen den España Puedeko proiektuetan.

Izan ere, oraindik zehazteko daude Espainiak Bruselara bidaliko duen zerrendarako irizpideak —eta negoziatzeko ere bai, ziurrenez—. Ez dago argi nola eta zer proiektu hautatuko diren erkidegoek eta beste erakundeek aurkeztutakoen artetik. Eta uler daiteke aurkeztu dituen egitasmoak ahalik eta ondoen justifikatzea dela, ziurrenez, haiek España Puedekoekin lotzeko berariazko ariketaren helburua.

Epeen baldintzak betetzeko ahalegina ere atzematen da Euskadi Nexterako proiektuen aukeraketan. Jaurlaritzaren ustez, proiektu guztiak gai izango dira abian jartzeko 2023rako eta bideragarri izateko 2026ko abendurako.

DIRUAK

Proiektuokin guztira 13.135 milioi euro «aktibatuko» direla aurreikusten du Jaurlaritzak. Parte bat administrazioak jarriko du; beste zati batek sektore pribatutik iritsi beharko du, gehienak lankidetza publiko-pribatuan oinarrituko diren egitasmoak baitira, eta beste partea izango da Europako diruetatik datorrena. Zehazki, Euskadi Nexteko 188 proiektuek 5.702 milioi euro erakarri nahi dituzte Errekuperazio Mekanismotik.

Nabarmentzekoa da Jaurlaritzak abuztuan Madrilera bidalitako lehen zirriborro hartan 10.000 milioi euro aipatzen zituela. Baina zerrenda hartan Espainiako Gobernuaren eskumena diren proiektuak ere bazeuden; AHTa, adibidez. Halakorik ez daagertzen zerrenda honetan, nahiz eta Urkulluk nabarmendu zuen AHTak bete egiten dituela EBren finantzaketa jasotzeko irizpideak.

Madrilen bitartez Bruselara funtsen bila joateko beste bide bat ere badago, zeinetatik iritsi daitekeen dirurik Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara: erkidego batean baino gehiagotan eragina izango duten proiektuak izanik, Espainiako Gobernuak berak kudeatuko dituen proiektuak. Eta enpresek euren kabuz aurkez ditzakete proiektuak zuzenean Madrilen.

PROIEKTUAK

Handiak, txikiak, berritzaileak, ia ezezagunak... 188 proiektuen artean denetarik aurki daiteke. Aipagarria da, esaterako, zerrendan egotea Iberlyzer proiektua. Hidrogeno berdea ekoizteko beharrezko elektrolizatzaileak ekoiztea da Iberdrolak eta Ingeteamek osatutako talde horren egitasmoa. Zalantza dago, hala ere, elektrolizatzaile horiek non egingo diren, beste erkidegoren bat ere egon baitaiteke egoitza hartzeko prest. Euskadi Nextek, dena den, 80 milioi euroko proiektu bat dauka izen horrekin EAErako.

Basquevolt Gigafactory da datozen hilabeteetan zeresana eman dezakeen proiektu bat. 707 milioi euroko egitasmo horrek—217 letorzke Europatik— egoera solidoko baterien fabrika erraldoi bat ekarriko luke. Energiaren Euskal Erakundeaz gain, Iberdrola, Petronor, Enagas, Mondragon, Irizar, Ingeteam, Ormazabal, CIE Automotive eta Solarpack enpresen parte hartzea luke. Non ezarriko litzateke? Araban, Bizkaian ala Gipuzkoan? Zantzu bat eman dezake txostenak berak Michel Armand ikerlaria aipatu izanak. Armand baterietako teknologia askoren garatzailea da, eta Miñaoko (Araba) CIC Energiguneren babesle handia.

LURRALDEAK

Proiektuen lurraldekako banaketa hizpide izan da zerrenda egiteko lehen egunetatik, eta aurrerantzean ere hala izango dela dirudi. Hasteko, oraindik zehazteko dagoelako non ezarri proiektu, lantegi eta zentroen ia erdiak (%44,9). Beraz, nolabait esateko, Europatik etorri beharko luketen 5.700 milioi euroetatik 2.561 milioi oraindik banatu gabe daude herrialdeen artean. Bitartean, Bizkaiak du finantzaketa gehien esleituta, %24,1 (1.403 milioi). Gipuzkoari oraingoz 1.001 milioi legozkioke (%17,6), eta Arabari, berriz, 736 milioi (%12,9).

UDALEN ESKU HARTZEA

Udalek Euskadi Next programan parte hartzen dutela azpimarratu dute bai Urkulluk eta bai Azpiazuk,Eudelek eta Bilboko, Gasteizko eta Donostiako udalek esku hartu dutelako zerrendaren osaketan. Jaurlaritzak azaldu du udalek beste bide batzuk izango dituztela. Azpiazuk, esaterako, iragarri du gobernura eta diputazioetara iristen den diruekin egin ahal izango direla planak udalekin. «Ulertzen ditut kezkak eta jakiteko gogoa. Nik ere badauzkat, baina gauza asko ez dakizkigu oraindik, eta egunean-egunean landu beharko ditugu».

GOBERNANTZA ETA MADRIL

«Lehen zerrenda bat»,«agiri bizia»... Oraindik aldaketa asko izan daitezke Euskadi Nextenzerrendan, eta aldaketa horietako batzuk Madrilen gerta daitezke. Urkulluk berak azaldu du urtarriletik apiril amaiera arte negoziazio prozesu bat zabalduko dela. Apirilarekin amaituko da epea estatuentzat euren behin betiko planak Bruselan aurkezteko. Urkulluk esan du joan den asteko Espainiako Gobernuaren dekretua gorabehera «dena egiteko dagoela», eta esperantza duela Errekuperazio Mekanismoko funtsen gobernantza Jaurlaritzak eskatutako ildotik joango dela, «beharrezkoa» delako erkidegoak kudeaketan egotea. Feder funtsekin egiten den maila anitzeko gobernantza bat posible ikusten du Azpiazuk.

ENPRESA TXIKIAK

Europako diruak iritsiko dira enpresa txikietara, ala enpresa handien kontuetara joango dira? Azpiazuren ustez, enpresa txikiek ez dute ahalik laguntzetara aurkezteko, baina inbertsio horietatik guztietatik zati bat iritsiko zaie, eta izango dute aukera parte hartzeko. Urkulluk azaldu du, gainera, egongo dela Europako beste funtsetarako proiektuak aurkezteko aukera, hala nola Feder laguntzetara, eta hori aukera izan daitekeela hala enpresa ertain eta txikientzat nola egitasmo publikoentzat beraientzat ere.

EKINALDI PRIBATUAK

Soilik pribatuak eta euren kabuz Madrilera aurkeztuko diren proiektuak ez dira Euskadi Nexten sartu. Baina Arabara, Bizkaira edota Gipuzkoara Europako diruak ekar ditzaketen zenbait proiektu aipatu ditu eranskin batean. Horien artean aipatzekoak dira Mondragonen hiru proiektu: ekonomia zirkularrari buruzkoa (636 milioi euroko inbertsioa); adimen artifizialean oinarritutako MCC digitala (570 milioi euro); eta etorkizuneko etxebizitza eta pertsonen zaintza (122 milioi eurokoa). Hor daude, halaber, Iberdrolaren lau proiektu; Boroako hidrogenoaren proiektua, eta AFM makina-erreminta clusterraren egitasmo bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.