Kaletik ere kanporatuak

Joan den asteburuan, Bilboko udaltzainek zenbait gazte migratzaile bota zituzten Euskalduna zubiaren azpian lotarako erabiltzen zituzten etxoletatik, eta lotarako lekuak eraitsiko zituztela ohartarazi zieten; oraingoz, udal aterpe batean hartu dituzte, baina zazpi eguneko epea bete ostean gazteek kalera itzuli beharko dute.

Etxolak. Euskalduna zubiaren azpiko lekua atondu zuten gazte migratzaileek han lo egin ahal izateko, eta etxola moduko batzuk eraiki zituzten. ARITZ LOIOLA / @FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2021eko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Gazteenak 18 urte bete zituen joan den urrian. Nagusienak ez ditu 22 baino gehiago izango. Gazte migratzaileak dira, sorterritik ihes egindakoak etorkizun hobea lortuko zutelakoan. Batzuek kontraturik gabeko lan txikiak egiten dituzte, txatarra bildu, esaterako; beste batzuk ikasten ari dira. Eta denak kalean daude; goian zerua eta behean lurra dutela igarotzen dute gaua Bilboko bazterretan.

Yusef, Mohamed, Nasser, Ayoub, Hashim, Omar eta gainerakoek Euskalduna zubiaren azpiak erabili dituzte orain arte lo egiteko. Batzuek lau hilabete eman dituzte han; beste batzuk, aldiz, urte berriarekin hasi ziren leku hori lotarako erabiltzen. Ahal bezala atondua zuten: kartoi, xafla eta oihal batzuekin etxola moduko batzuk eraikiak zituzten han gaua emateko. Joan den asteburura arte: udaltzainek lekua husteko agindu zieten, eta astelehen goizera arteko epea eman zieten horretarako.

Haietako batzuek tokia lortu dute Altamira auzoko udal aterpean, baina zazpi egunerako bakarrik; epe hori amaituta, kalera bueltatu beharko dute. Eta beldur dira zubipeko bazter hori inork ez erabiltzeko moduan aurkituko ote duten eta, beraz, lo egiteko beste leku baten bila hasi beharko ote duten.

Urtarrilaren 29an agertu ziren udaltzainak lehenengo aldiz Euskalduna zubiaren azpiko bazter hartan. Eguerdian izan zen: gazte gutxi batzuk baino ez zeuden han, gainerakoak gizarte jantokian zeudelako. Lo egiteko tokiak estaltzeko erabiltzen zuten olana handi bat eraman zieten poliziek. Hurrengo egunean, larunbatean, udaltzainak berriro joan ziren hara, baina oraingoan goizaldean, eta gazteak iratzarri zituzten: «Indarrez altxarazi gintuzten, eta esan ziguten ez itzultzeko, han ezin genuela lorik egin».

OEE Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteko kideek aholkatuta, gazteek Bilboko GLUZ Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzura jo zuten. Hasieran erantzun zieten ez zegoela haientzako lekurik udal zerbitzuetan, baina arratsaldean haiekin kontaktuan jarri eta esan zieten baietz, Altamirako neguko aterpetxean hartuko zituztela zazpi egunez.

«Gaztetxoek segituan bidali ziguten informazioa, eta auzia mugitu ahal izan dugu», azaldu du OEEko Ana Elena Altunak, «baina orain gertatu dena oso ohikoa da Bilbon».

Behin-behineko irtenbidea

Gazteek diote «ondo» daudela Altamirako aterpean, «kalean baino hobeto», baina badakite hori behin-behineko irtenbidea dela eta aste hau igarota berriro itzuli beharko dutela kalera; zubiaren azpiko bazter horretara edo antzeko beste batera.

«Batzuetan, kalean bizi den jendeak badu bere txokoa baztertxoren batean», azaldu du Altunak; «Aterpetxe batean zazpi egun egiteko aukera ematen diete, eta ez dute nahi, badakitelako irtendakoan baztertxo hori galduko dutela, udal zerbitzuek desmuntatu dutelako edo beste batzuek lekua hartu dutelako».

Gazte hauek ere horren beldur dira: «Orain zazpi egunez sartuko gaituzte aterpean», esan du Hashimek, «baina bitartean zubi azpian genituen gauza guztiak handik kenduko dituzte, eta gero gu kalera bidaliko gaituzte berriro».

Bilbon ez da ezohikoa jendea kalean lo egiten ikustea. Arazo horri buru egitera bideratzen diren baliabideak nahikoak ez direla esan nahi al du horrek? Bilboko Udala ezezkoan dago: askotan azaldu duenez, Bilbon zerbitzu sozialen laguntzari uko egin eta kanpoan egotea nahiago dutenak baino ez daude gauez kalean; edo, bestela, udal aterpeetan arazoren bat sortu eta zigorturik daudenak.

OEE ez da iritzi horretakoa: «Altamirako aterpetxea, adibidez, neguko aterpetxea da», esan du Altunak; «abenduan zabaldu da, eta, seguru asko, apiril hasierarako itxiko dute. Aterpetxe horretara joan nahi duenak frogatu behar du gutxienez hiru hilabete daramatzala Bilbon. Baina guk ezagutzen dugu Bilbon hiru hilabete baino gehiago daraman jendea, arazorik sortu ez duena, kalean egon nahi ez duena eta aterpetxean lekurik ez duena».

Auziak badu kontuan hartu beharreko beste ertz bat: Bilboko Udalak behin baino gehiagotan salatu du biztanle kopuruagatik dagozkion gizarte zerbitzuak eskaintzen dituela, adibidez, etxerik gabeko pertsonentzat, baina inguruko herri nagusiek ez dutela berdin egiten, eta, ondorioz, beharrizana duten askok herrietatik hiriburura jotzen dutela zerbitzu horien bila.

Altunak onartu du Bilboko Udalak «arrazoi zati bat» baduela: «Egia da dekretuak ezartzen duela, adibidez, 20.000 biztanle baino gehiago dituzten herrietan zerbitzu batzuk egon behar direla, herri batzuek ez dutela arau hori betetzen eta orduan jendea zerbitzuak dauden lekuetara joaten dela; kasu honetan, Bilbora. Baina hori inguruko herriekin konpondu beharko du, eta ez jendearen bizkar».

Errealitate horren jakitun, Bizkaiko OEE kanpaina bat prestatzen ari da, 185/2015 dekretua, hots, gizarte zerbitzuen euskal sistemaren laguntza eta zerbitzuen zorroari buruzkoa, bete dadin: «Lehenengo pausoa izan da egoera aztertzea; beraz, 20.000 biztanle baino gehiago dituzten Bizkaiko 11 udalerrietako eragileekin kontaktuan jartzen ari gara, egoera zertan den jakiteko».

Eskolan ikasi eta kalean bizi

Ana Elena Altunak dioenez, Bilbon kalean bizi diren etxegabe guztiak ez dira soslai berekoak, eta ezaugarri desberdinak dituzte: «Badago kalean bizi den jendea eta bazterketa sozialaren ertzean dagoena, baina badago beste jende mota bat, gazte migratzaileak, etxerik izan ez baina ahalegintzen direnak bizimodu ahalik eta normalena eramaten, 08:00etan prestakuntza ikastaroetara joaten direnak, edo gaztelania klaseetara. Helduentzako eskolek baiezta dezakete datu hori; zenbat eta zenbat jende dagoen, kalean bizi dena, bolada batez besterik ez bada ere, eta eskolara joaten dena».

Altunak esandakoa betetzen da gazte hauen kasuan: batek informatika eta bizargintza tituluak ditu, beste bat elektronika ari da ikasten, eta gaztelaniaz hobeto jarduteko eskoletara joaten dira horietako asko. Baina ez da erraza kalean bizi izanda, eta aterpearen aukerak ere ez dizkie gauzak errazten. Yusef, esaterako, 08:00etatik 12:00etara aritzen da Peñascal kooperatibak Boluetan (Bilbon) dituen tailerretan, eta, ondoren, helduentzako eskolan ikasten du 16:00etatik 19:00etara, Errekalden. «06:00etan esnatzen naiz egunero ikastera joateko», azaldu du, «ikastetxea aterpetik oso urrun dagoelako. Gosaldu barik joaten naiz. Lehen banuen aukera arropa garbitzeko, baina orain ez dit astirik ematen».

Den-denak ez daude Altamirako aterpean, hala ere. Mohameden kasua, adibidez, berezia da: duela hiru urte iritsi zen Euskal Herrira, artean adingabea zela, eta duela gutxi arte adingabeentzako egoitza batean egon da. Baina joan den urrian 18 urte bete zituen, eta kalean gelditu zen.

Orain, lo egiteko tokirik gabe gelditu ostean, Bilboko gizarte zerbitzuekin hitz egin ahal izan du, eta beste egoitza batera bideratu dute, adingabeentzako zentroetan egon ostean 18 urte bete eta kalean gelditu diren gaztetxoentzat beren-beregi atondutako batera. Baina Altunak nabarmendu du aukera hori sortu dela pandemia egoerari aurre egiteko hartu diren neurri bereziei esker: «Beste egoera batean, 'deituko dizugu' esan eta Mohamed kalera bidaliko zuketen beste zenbait hilabetez».

Asteburu honetan amaituko da gizarte zerbitzuek aterpean emandako epea. Gazteek argi dute hori bukatutakoan kalera jo beharko dutela berriro. Diotenez, berriro ere Euskalduna zubiaren azpiko bazter horretan saiatzea izango da lehenengo aukera: «Han ez diogu inori enbarazurik egiten. Beranduenez, 22:00etarako jendea jada lo dago. Leku lasaia da», esan du Hashimek.

«Bilboko Kale Nagusian badago jendea lotan, baina gazte hauek ez», erantsi du Altunak; «Normalean, leku ezkutuagoak bilatzen dituzte, inork ez ikusteko modukoak. Tapakiak, arropak eta bestelako gauzak uzten dituzte han, eta askotan, ailegatzen direnean, ikusten dute dena kendu dietela; udaltzainek eta udal zerbitzuek eraman dituzte. Horren inguruan udalak esan ohi du garbiketa zerbitzuek leku horiek txukundu behar dituztela eta abar, baina leku horietara ez da inor joaten, gazteek beraiek eta udaltzainek baino ez dituzte ezagutzen. Zer kalte egiten dute, bada? Guztientzako zerbitzurik ez badago, behinzat utz diezaiotela jendeari bizitzen».

OEE elkartean uste dute beharrezkoa dela kalean bizi direnen arazoa konpontzea. Eta, haien iritziz, irtenbidearen atal bat izan beharko litzateke, lotarako lekuak eskaintzeaz gain, egunez ere egon ahal izateko tokiren bat izatea, are gehiago pandemia garaiotan: «Guk ez dugu esaten ezer ez dagoenik: Bilbon badaude jantokiak, leku askotan ez daudenak, udal dutxak, arropa garbitzeko lekuak... Baina aterpetxeetan dagoen jendea 08:00etatik 20:00etara kalean dago».

Altunaren aburuz, garrantzitsua da horrelako zerbitzuak eskaintzea: «Horrek ematen du gizartearen ongizatearen neurria. Denontzat ona da. Beharbada, zuk eta nik ez ditugu orain erabiliko, baina batek daki zer gertatuko den etorkizunean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.