Albistea entzun

Mende erdia utopiaren xerka

UEU Udako Euskal Unibertsitateak gaur ekingo die Udako 50. Ikastaroei. Mende erdi honetan lan handia egin du goi mailako jakintza euskaraz garatzeko. Ikerkuntza da etorkizuneko ildoetako bat
Idoia Torregarai, Kepa Sarasola eta Jose Ramon Etxebarria, UEUko hiru belaunaldi.
Idoia Torregarai, Kepa Sarasola eta Jose Ramon Etxebarria, UEUko hiru belaunaldi. IÑIGO URIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Gotzon Hermosilla -

2022ko maiatzak 21 - Iruñea

Aurten, UEU Udako Euskal Unibertsitateak Udako 50. Ikastaroak antolatuko ditu. 50 urtez jakintza, ikerkuntza eta goi mailako ikasketak euskaraz sustatu eta euskal unibertsitatearen egitasmoa hauspotu izana ospatzeko modukoa da, eta ospakizunez beterik datoz hurrengo hilabeteak: gaur bertan, esaterako, Udako Ikastaroen hasiera ekitaldia egingo dute, Miarritzen (Lapurdi). Baina, aldi berean, urteurrena talaia egokia da orain artekoaren bilana egin eta aurrera begirako egitasmoak taxutzeko.

Lehen Udako Ikastaroak 1973ko abuztuaren 29tik irailaren 8ra antolatu zituzten, Donibane Lohizunen (Lapurdi), baina kezka lehenagotik zetorren. Jose Ramon Etxebarria (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1948) hasiera-hasieratik egon da UEUren egitasmoari loturik, eta hiru mugarri aipatzen ditu: Baionako Euskal Idazkaritza (1964), euskara batuaren oinarriak finkatu zituen Arantzazuko bilkura (1968) eta UEUren sorrera. «Ni gazte-gazterik igo nintzen trenera, baina trena beste batzuek abiarazi zuten; tren txikia zen hasieran, eta, poliki-poliki, honaino iritsi gara».

Kepa Sarasola (Bilbo, 1958) EHUko irakaslea da, Informatika Fakultatean. Hark ere aspalditik ezagutzen du UEU, 1980an hasi baitzen horretan. 2018tik UEUko zuzendaria da. Hark ere aitzindari haien lanaren garrantzia nabarmendu du: «Batua formalki 1968an definitu zen, baina batua, berez, ez da ezer: hainbat alorretara eraman behar da. Eta belaunaldi bat dago, miragarria, oso jende azkarrak osatua, batere tribiala ez den zerbait lortu zuena: unibertsitate mailako ezagutza euskara errazean transmititzea».

Etxebarriak kontatzen duenez, Donibane Lohizuneko lehen saio haietan 60 bat lagun batu ziren. Oraindik ez zegoen sailik; talde bakarra zegoen, eta guztiak hitzaldi guztietara joaten ziren. Han zeuden orduko euskal kulturako egilerik nabarmenenak: Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi, Jean Haritxelar, Piarres Xarriton, Jean Louis Davant, Koldo Mitxelena, Alfontso Irigoien, Luis Villasante eta abar. Etxebarriak berak Sistema erreferentzialak mekanikan izeneko hitzaldia egin zuen: «Gero Villasante etorri zitzaidan, oso interesgarria iruditu zitzaiola esatera».

Hurrengo urtean berriro antolatu zuten ikastaroa Donibane Lohizunen, eta 1975ean eta 1976an Uztaritzera aldatu ziren (Lapurdi), Larresoroko apaiztegira. Ordurako, jende kopurua asko emendatua zen, eta saioak sailka antolatzen hasi ziren. Parte hartzaileetako asko Ipar Euskal Herrian aterpe bilatutako iheslariak ziren: Etxebarriak gogoratzen du lo egiteko erabiltzen zuten kanpalekuak indar parapolizialen erasoa jasan zuela behin.

Franco hil ostean, ikastaroak Hego Euskal Herrira eramateko aukera jarri zuten mahai gainean. Eztabaidak eta iritzi kontrajarriak agertu ziren horren inguruan, eta, azkenean, 1977an Iruñean hasi ziren ikastaroak antolatzen, Larraona ikastetxean.

Larresorotik Larraonara

Larraona «deskubrimendu bat» izan zen, Etxebarriaren hitzetan. Oso leku egokia zen ikastaroetako eta parte hartzaileen arteko sozializazioa errazteko, eta bi hamarkada luzez UEUren arrakasta gero eta handiagoaren gakoa izan zen.

Horri esker, UEUren hazkundea «esponentziala» izan zen, Sarasolaren hitzetan, eta emaitzak ere ikusgarriak izan ziren: jende asko goi mailako jakintza arloetan euskaraz trebatu zen, testuak ere landu ziren, lexiko teknikoan aurrerapauso handiak egin ziren, liburu ugari argitaratu zituzten eta abar. Mendearen bukaerarako, ia gradu guztiak egin zitezkeen euskaraz EHU Euskal Herriko Unibertsitatean, neurri handi batean UEUk ereindakoari esker, UEUn trebatutako irakasleekin eta UEUk ekoitziriko testuekin. «Lan kolektibo ikaragarria» izan zen, Etxebarriak esan duenez.

Fisikako doktoreak praka motzetan, atsedenaldietan futbolean jokatzen; katedradunak eskolak ematen eta, amaitutakoan, gainerakoen hitzaldiak entzuten, beste ikasleekin batera; euskal sukaldaririk entzutetsuenak euren errezeten berri ematen gastronomia ikastaroetan; bertsolaritza lehenengo aldiz modu zientifikoan jorratzea; txangoak, kultur emaldiak, ikuskizunak. Bi hamarkada luze horietan, UEUk eta Larraonako ikastaroek sekulako bultzada eman zioten euskarazko unibertsitatearen ideiari eta, hori bezain garrantzitsua dena, komunitate bat sortzen ere lagundu zuten, batzuetan unibertsitateari egozten zaion elitismotik urrun.

Idoia Torregarai (Usurbil, Gipuzkoa, 1974), 1996an joan zen lehenengo aldiz UEUren Udako Ikastaroetara. Gaur egun, UEUren komunikazio arduraduna da. Dioenez, lehenengo kontaktu hura «mundu paralelo bat» aurkitzearen parekoa izan zen. Horregatik uste du Larraona «euskalgintzaren ikur» bilakatu zela, eta toki garrantzitsua hartu zuela euskaldun eta euskaltzaleen iruditerian.

«Hura ez zen soilik euskal unibertsitatearen oinarriak jartzeko edo euskara zientifikoa sustatzeko leku bat», azaldu du. «Euskararentzat arnasgune ikaragarria izan zen. Hamabost egunez euskaraz normal bizitzeko aukera ematen zien leku askotatik etorritako euskaldunei. Horregatik izan da hain garrantzitsua jende askorentzat: euskaraz bizitzeko tokia zen, jendea ezagutzekoa, maitemintzekoa, ondo pasatzekoa, auzolanean aritzekoa».

Mende berrian, aldaketak

Mende berriarekin batera, UEUri «eskailerako hurrengo mailari» ekiteko garaia iritsi zitzaion, Sarasolaren hitzetan esanda. Eibarren (Gipuzkoa) egoitza finkatu zuen 2000ko azaroan. Bere jarduera hedatu zuen, eta, Larraona albo batera utzita, ikastaroak Euskal Herriko hainbat lekutan eta urte osoan antolatzeari ekin zion. Eta, batez ere, beste erronka garrantzitsu bati heldu zion: euskaraz graduondoko ikasketak sustatzea.

UEU askotan izan da aitzindaria. Hark egindakoa eredu izan da geroago beste unibertsitate askorentzat, eta graduondoko ikasketen arloa ez da salbuespena. 22 urtean berrogei graduondoko ikastaro antolatu ditu: «Gure egitura malgua da, arina, moldagarria, eta, beraz, esperimentuak egiteko aproposa», azaldu du Sarasolak. «Hor ere esperimentatzen ari gara. Graduondoko batzuek urtebete baino ez dute iraun; beste batzuek, berriz, gizartearen aldetik sekulako harrera izan dute, eta eutsi egin diegu. Baina beti ari gara bidea zabaltzen».

Mende berriarekin jorratutako beste alor garrantzitsua izan da teknologia berriek eta Internetek eskaintzen dituzten aukerak baliatzea: hor daude Inguma euskal komunitate zientifikoaren datu basea, argitalpen digitalak, Artizarra sare soziala, Internet bidezko irakaskuntza eta beste hainbat eta hainbat egitasmo.

Azken urteotan, euskarazko ikerkuntza sustatzea da UEUren lehentasunetako bat, Ikergazte nazioarteko kongresuaren bidez. «UEUren jokamoldea horixe da», esan du Torregaraik; «euskarak behar duena lortzeko, euskal gizarte normalizatu bat edukitzeko zer falta zaigun ikusi, hutsuneak detektatu, eta hutsune horiek betetzeko lan egitea elkarlanez eta osagarritasunez».

50 urte joan dira lan molde horri atxikita: ezinezkoak posible bilakatuz, «utopia lorgarriak» erdietsiz, Sarasolak dioen moduan. Askok uste zutenean euskara tresna kamutsa eta ezdeusa zela goi mailako jakintzetarako, UEUk kontrakoa frogatu zuen; tresna baliagarria bai baina hori gauzatzeko masa kritiko nahikorik ez zegoela ihardesten zenean, UEUk etorkizuneko irakasleak trebatzeari ekin zion. «Bazirudien gauza batzuk ezinezkoak zirela, UEUk egiten zituen arte», esan du Sarasolak. «Gainera, militantziaz egin ere: jendearen ilusioa eta umore ona funtsezkoak izan dira egin den guztia egiteko».

Hurrengo «utopia lorgarria» zein izango den ere identifikatuta daukate UEUkoek: sareko unibertsitatea. «Gaur egun, munduan, unibertsitateko lau ikasletik bat online ari da», azaldu du Sarasolak. «Ingelesez eta gaztelaniaz badaude horrelakoak, eta euskal gizarteak ere sareko unibertsitate bat merezi du. Gu gai gara datozen hiru urteetan bi gradu online eskaintzeko: euskaraz inoizko irakaslerik trebatuenak ditugu, tresna informatikoak ere baditugu, eta instituzioen laguntza baino ez dugu behar».

Urratsez urrats, badoa UEU utopiak lortuz, azken xedea ahaztu barik: euskal unibertsitatea, «euskalduna, herrikoia, euskara ardatz izango duena», Torregaraik dioen moduan: «Gu amets horretara goaz, kimera horretara, utopia egingarri egin daitekeela frogatu nahian».

Badirudi duela 50 urte Donibane Lohizunen bildu ziren ameslari horien arnasa ez dela eten, eta utopiaren xerka abiatzeko asmoak bere horretan jarraitzen duela. Etxebarriak jarri dio azken puntua hitz-aspertuari: «Ulertzen duzue orain zergatik nagoen hain pozik?».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

<b>Epaiketa.</b> Martxoaren 7tik apirilaren 13ra bitartean epaitu zuten Cabezudo, Donostian. ©JON URBE / FOKU

Kote Cabezudo argazkilariari 28 urteko espetxe zigorra jarri diote

Jon O. Urain

Frogatutzat jo dute hamar delitu egin izana; akusazioek leporatutako 217 delitu ez ditu aintzat hartu epaimahaiak. Akusazio partikularrak helegitea jartzeko asmoa azaldu du
Eraso homofoboen aurkako manifestazio bat, Bilbon. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Genero autodeterminazioa ardatz duen lege proiektua onartu du Madrilek

Edurne Begiristain

Espainiako Ministroen Kontseiluak trans legea onetsi du. 16 urtetik gorakoek beren kabuz eskatu ahal izango dute sexu aipamena aldatzea
Ibai Segurola kapitaina, Inma Landa jeneral ohia, Tina Gasmi kantinera, Patxi Perez alardeko juntako kidea eta Maite Bergara jenerala, lehengo astean, Irunen. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Alarde parekidea berriz antolatu dute udalaren erantzunik jaso gabe

Arantxa Iraola

Antolaketa bere gain har dezala eskatu zioten orain hilabete batzuk Irungo Udalari; ez du erantzun. Instituzioaren esku hartzea ezinbesteko urratsa dela gogorarazi dute hautu parekidearen aldekoek
Atzo egin zuten proposamena, Bilbon. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

LGTBI+ Behatokiak lege integral bat eskatu dio Eusko Legebiltzarrari

Javi West Larrañaga

Salatu dute gorroto diskurtso eta delituen kopuruak eta larritasunak gora egin dutela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...