Ura bere bidean, edo besterenean

Busturialdean udan urarekin arazoak egotea ez da oraingo kontua, baina aurten alarmak piztu dira. Talde ekologistek kutsadura, basogintza eredu desegokia, turismoa, planifikazio falta eta antzeko faktoreak aipatzen dituzte egoeraren erantzule gisa.

Sukarrietako hondartza. Abuztuan, dutxetako ura moztu zuten. ARITZ LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
2022ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Aurtengo uda ezohikoa izan da Bizkaiko Busturialdean eta Lea-Artibain. Bero handia egin du, euririk apenas egin duen udaberritik hona, eta horrek guztiak lehortea ekarri du ondoriotzat. Busturialdean, udan urarekin arazoak egotea ez da oraingo kontua, baina aurten alarmak piztu dira: ekainean, Bilbo Bizkaia ur partzuergoak eskualdeko udalerriei jakinarazi zien egoera kezkatzeko modukoa zela; uztailaren 19an, alerta egoera ezarri zen, eta zenbait neurri hartu zituzten uraren kontsumoa murrizteko; abuztuaren 8an, etxeko uraren presioa jaitsi zuten 00:00etatik 06:00etara; eta abuztuaren 18an iritsi zen neurririk ikusgarriena, ura itsasontziz Santurtziko portutik Bermeokora garraiatzea.

Ikusi gehiago:Ane Zabaleta Lopetegi, geologoa eta ikerlaria: «Uraren eskarian, beharrak eta nahiak desberdindu behar dira»

Busturialdean dago Urdaibai, Unescok 1984an biosferako erreserba izendatutako gunea. Herritar askoren iruditerian, Urdaibai ura da: errekak, padurak, hondartzak, zelai berdeak eta baso berdeagoak. Nekez irudika daiteke urik gabeko Urdaibairik. Eta, hala ere, irudi horren atzean beste errealitate bat dago, askoz kezkagarriagoa, eta aspalditik datorrena.

Erroxeli Ojinaga Zain Dezagun Urdaibai plataformako kidea da. Dioenez, hainbat faktorek eragin dute oraingo egoera. Horietako bat uraren kutsatzea izan da: «Gernikak herri azpian dagoen akuifero batetik hartzen zuen ura, antzinako padurak zeuden lekutik, baina 1960ko hamarkadan mota askotako industriek kolonizatu zuten alderdi hori, eta horietako zenbait oso kutsatzaileak ziren. Garai hartan, eta geroagokoetan ere, ez dira kontrolatu isuriak: nik gogoratzen dut urtero-urtero abuztuan, oporrak eta herriko jaiak iristen zirenean, andeletako hondakinak zuzenean errekara botatzen zituztela. Araztegia egin zuten, baina mantentze lanik ez zuten egiten. Saneamendu plan batzuk egin ziren, baina inoiz ez ziren gauzatu, ez zutelako jartzen horretarako dirurik».

Beste faktore batzuk ere aipatu ditu Ojinagak: pinua eta eukaliptoa lehenetsi dituen basogintza eredua, eta Busturialdea eta Zornotza errepidez lotzeko egindako lanak, akuifero handi bat kaltetu zutenak: «Uraren Agentziak eta mundu guztiak ohartarazi zieten han akuiferoak topatuko zituztela, eta hala izan zen».

Turismoaren eragina

Baina, dudarik gabe, turismoa da ur eskasiaren atzean dauden faktore nagusietako bat. Ojinagak dioenez, Busturialdea ekonomikoki garatzeko aukeraturiko ereduaren auzia polemikoa izan da hasieratik, eta horretan Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundia ez dira beti bat etorri: «Aldundiak masa turismoa, etxeak eraikitzea eta abar sustatu ditu, eta Jaurlaritzak gehiago egiten zuen legea betetzearen eta garapen jasangarriaren alde. Aldundiak jarrera boikotatzailea izan du biosfera erreserbaren aurka. Adreilua, turismoa eta basogintza basatia izan dira haren lehentasunak».

Datu batzuk eman ditu Ojinagak, turismoak eskualdean duen eraginaren adierazgarri: «Busturian mila bat etxebizitza daude, eta erdiak baino gehiago bigarren etxebizitzak dira. Hau da, 1.600 biztanle inguru ditu normalean, baina udan 4.000 ere izaten ditu». Mundakak ia 1.900 biztanle ditu, baina udan 8.000 inguru izaten dira. Sukarrietan, berriz, 300 biztanle daude, baina 3.000 izaten dira udan. «Horri gehitu behar zaio hondartzetako eskaera, igerilekuetakoa —horietako batzuk legez kanpo eraikitakoak—, hotelak, txokoak... Horiei guztiei zerbitzua emateko, neurriz kanpoko sare bat egin behar da, baina, sare hori mantentzeko, askoz jende gutxiagoren zergak baino ez daude».

Eguzki talde ekologistako Garikoitz Plazaolak ere uste du turismoak, basogintza ereduak eta antzekoek eragin dutela oraingo egoeran, baina uste du horiek guztiak «planifikazio faltarekin» lotu behar direla: «Gauza asko egiten dira beste gauza batzuekin lotu gabe. Lurraldea modu jakin batean antolatzen bada, edo basogintza mota baten alde egiten bada, neurtu behar da nolako ondorioak izango dituen horrek, eta hori ez da egiten. Duela urte asko zekiten udan ur eskasia zegoela eskualdean, ur hornidurak arazoak zituela eta abar, baina, nire ustez, utzikeria interesatua dago hor».

Klima aldaketa

Ekologistak Martxan taldeko Diego Ortuzarrek, berriz, uste du arazoari so egiteko ikuspuntuak «askoz zabalagoa» izan beharko lukeela, eta beste faktore bat aipatu du: klima aldaketa. «Horrek dena aldatuko du; nola bizi garen, nola mugituko garen, eta, jakina, uraren inguruko politikak ere bai», azaldu du. «Gaur ura badugu, baina inork ezin du esan nola egongo garen hemendik urte batzuetara. Faktore hori mahai gainean jarri behar da».

«Ezohiko egoera bati erantzuteko ezohiko neurri bat» jarri zuen abian Bilbo Bizkaia ur partzuergoak joan den abuztuan, eta hasi ziren ura itsasontziz garraiatzen Santurtzitik Bermeora, ur eskasia apaldu nahian. Plazaolaren ustez, «prestidigitazio ariketa bat» izan da neurria, eta zalantzan jartzen du horren benetako balioa: «Prestidigitadoreak horixe egiten du: arreta erakartzeko zerbait erakutsi, benetako amarrua ikus ez dadin. Zenbait hedabideren arabera, itsasontziak bi milioi litro ur garraiatzen du, gutxi gorabehera, bi egunean behin: denbora tarte horretan eskualdeak behar duen uraren %8 edo %10 baino ez da hori, eta, gainera, ez da eskualde osora iristen. Beste neurri batzuk aplikatuko balira, beharraren zati handiago bat aseko lukete».

Eta orduan, zein da neurriaren helburua? Plazaolak uste du horrekin egitasmo handiago bat justifikatu nahi dutela: hamazazpi kilometroko hodi bat eraikitzea Mungia eta Bermeo artean, Sollube mendiaren azpitik, Zadorrako ura Busturialdera eramateko. «Oso egitasmo konplexua», Bilbo Bizkaia ur partzuergoko kide Koldo Urkulluk esan zuenez, denbora luzea eta inbertsio handia beharko duena.

Plazaola ez dago ados irtenbide horrekin: «ekonomikoki garestia da, eta ingurumenari kalte egiten dio». Horren ordez, «uraren kultura berri bat»proposatzen du, eta uste du ura aurrezteko neurriak indarrean jarri beharko liratekeela: «Urak izaera publikoa izan behar du, eta kontrol publikoa behar du. Orain, energia aurrezteko diskurtsoak indartzen ari diren honetan, inor gutxi ari da ura aurreztearen ideia bultzatzen, eta Bilbao Bizkaia ur partzuergoari ere ez diot horren inguruko mezurik entzun. Badirudi azken helburua dela eskaintza handiak egitea, eta ez ura modu arrazoizkoan erabiltzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.