Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Espainiako alderdiak. PSOE

Haizea alde du berriro

Inoizko bi emaitzarik txarrenak lortzetik boterera iritsi da hiru urteko epean. Sanchezentzat, «kanpainarik onena» Moncloan egotea izan da, eta hilabeteotako joera ez zapuzteko ahaleginetan aritu da azken asteotan.

Haizea alde du berriro.
ander perez zala
2019ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Asko idatzi da eta asko eztabaidatu da Europako alderdi sozialdemokraten gainbeheraz. Sozialdemokrazia inoizko krisirik larrienean dagoII. Mundu Gerra amaitu zenetik, eta horren erakusle da alderdi sozialdemokraten egoera: botoak eta erreferentzialtasuna galdu dituzte, batez ere 2008ko krisi ekonomikoa hasi zenetik. Pasokizazioa deitu zaio fenomeno horri, Greziako Mugimendu Sozialista Panheleniarra (Pasok) alderdiak izandako beherakadagatik; gobernuko alderdi izatetik egun ia indarrik eta eraginik gabe izatera iritsi baita. Baina ez da bakarra izan, antzekoa gertatu baita Frantzian, Alemanian, Italian, Austrian eta beste hainbat herrialdetan ere. Espainian ere bai, edo hala zirudien behintzat: hiru urteko epe laburrean, PSOE boterera iritsi da, inoizko bi emaitzarik txarrenak lortu eta ia-ia amore eman ostean Podemos eta Ciudadanos (C's) alderdi berrien aurrean. Igandeko bozei begira, Pedro Sanchez buru duen alderdiak dena du alde.

Zer gertatu da bidean? Edu Bayon politologoaren iritziz, inflexio puntu batek azaltzen du duela urte eta erdi gutxik espero zuten eboluzioa: iaz Mariano Rajoy presidentearen (PP) aurka aurkezturiko zentsura mozioak. «Giltzarria izan zen, [PSOE] gobernura iritsi baitzen. Inflexio puntua ez soilik boterera iristeagatik, baita mugimendu politiko horrek beste alderdietan eragin zituen ondorioengatik ere». Baina politologoak Sanchezengan eta alderdiaren egoeran izan duen eraginaz ohartarazi du batez ere: «Mozioaren aurreko asteetako datuek zioten Sanchezen figura eta PSOE higatzen ari zirela, baina egungo egoerak ez du horrekin zerikusirik».

Alde horretatik, Espainiako jarduneko presidentearentzat boterean egondako hilabeteak izan dira herritarrei bere ideiak aurkezteko eta bere burua saltzeko garairik egokiena; alegia, hauteskunde kanpainarik aproposena. «Moncloa okupatzea izan da kanpaina onena, eta gainontzeko alderdiak haren kontra aritu izana. Kanpaina aurreko hilabeteetan, PSOEk markatu du erritmoa, eta beste alderdiek kanpaina, mezuak eta diskurtsoak alderdi horren arabera zehaztu dituzte, haren aurka egiteko». PP eta C's PSOEren aurkako kanpaina egiten ari direnez, horrek atentzioa Sanchezengana zuzendu du, eta haren alderdia jarri du hauteskunde-taularen erdian; horrek onurak ekarri dizkio Sanchezi, aurreko urteetako egoerarekin konparatuz gero.

PSOEren idazkari nagusiak alderdiaren bi emaitza txarrenak izan zituen 2015eko eta 2016ko bozetan: 90 diputatu (botoen %22,01), eta 84 (%22.67), hurrenez hurren. Emaitza horiek, bai eta egoera politikoaren blokeoak ere, sekulako barne gatazka eragin zuten alderdian, eta 2016ko urrian Sanchezek dimisioa eman zuen idazkari nagusi kargutik; alderdiaren ezohiko kongresua antolatzeko bozketa galdu zuen, eta orduan kudeaketa talde batek hartu zuen PSOE zuzentzeko ardura. Denen oroimenean daude gertakari horren ondorioak: Rajoy bigarren aldiz hautatu zuten Espainiako presidente, PSOEren abstentzioari esker. Eta hilabete horietan inoiz baino argiago geratu zen alderdia bitan zatituta zegoela; batetik, Sanchez bera, eta bestetik, Susana Diaz, garai hartan Andaluziako presidente zena —iazko abenduan galdu zuen boterea, eskuineko blokearen aliantzaren erruz—.

Baina PSOEren presidentegaia itzuli egin zen. 2017ko maiatzean primarioak egin zituzten, kudeaketa taldearen agintaldia amaitu eta idazkari nagusi berria hautatzeko. Sanchez izan zen garailea (botoen %50,21), Diazen (%39,94) eta Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiaren aurretik (%9,85), eta bigarren agintaldiari ekin zion idazkari karguan, Moncloara iristeko helburua jarrita.

Aukerak baliatzea

«Onerako edo txarrerako», alderdiak jakin izan du hilabeteotan bere burua kudeaketaren alderdi gisa aurkezten. Bayonen iritziz, Moncloara iritsi izanak eta boterean egindakoa «ondo komunikatzeak eta saltzeak» aldatu ditu PSOEren ibilbidea eta herritarren iritzia; ondorioz, inkesta guztietan lehen indar gisa ageri da. Finean, alderdiaren egungo egoera «ezin hobea» da.

Dena du alde Sanchezek. Inkestek 102 eta 155 diputatu arteko emaitzak aurreikusten dizkiote; batez beste, 129 ordezkari. Zalantzarik gabe, PSOEren babesak nabarmen egingo du gora, eta, hori jakinik, kanpainan hutsik ez egiteko estrategia erabiltzen ari da; alegia, dena alde duenez, joera hori zapuzteko ezer ez egitea. «Bide horretatik doa Sanchez, eta horri gehitu zaio PPk eta C's-ek eskuinera egin izana. Muturreko jarrera horien aurrean, PSOE moderazioaren alderdi gisa aurkeztu da, eta ideia hori bera iradokitzen du haren leloak: La España que quieres [Nahi duzun Espainia]». Alde horretatik, jarrera hori eta alderdiaren mezuak sendotzeko mehatxu gisa erabili ditu Vox eskuin muturreko alderdia eta orokorrean eskuineko alderdien koalizio posiblea —Andaluzian egin bezalakoa—; horrek ahalbidetuko lioke PSOEri urteotan galdutako boto emaileak berreskuratzea.

Zeregin horretan, Bayonek uste du hainbat tokitatik lortuko dituela babesak. «Zentsura mozioaren garaian, hautesle gehiagok egiten zuten PSOEtik C's-erako bidea kontrakoa baino. Gaur egun, baina, kontrako bide hori da nagusi; horri gehitu behar zaizkio 2016an abstenitu zirenak eta Unidos Podemos [UP] koalizioaren alde bozkatu zutenak, eskuineko blokea gelditzeko boto erabilgarritzat baitute igandean Sanchezen alde egitea». Hain justu, eskuinaren zatiketak mesede egin dio PSOEri eserleku batzuen banaketan: izan ere, bost ordezkari edo gutxiago hautatzen dituzten probintzietan, zatiketa horrek aukera gehiago ematen dizkio diputatu gehiago lortzeko.

Ordea, gehiengo osotik urrun legoke, inkesten arabera, eta beste alderdiekin ados jarri beharko luke. Are, diktadura osteko garaian lehenengoz, litekeena da Espainian koalizio gobernu bat egotea boterean, eta, gaur-gaurkoz, UPk dirudi koaliziokiderik egokiena. Bayonen iritziz, PSOE-UP-EAJ litzateke «adostasunik erosoena», Kataluniako alderdi independentisten babesaren beharrik gabe Rajoyren zentsura mozioan gertatu ez bezala-; baina politologoak ohartarazi du alderdi independentista horien jarrera —«batez ere ERCrena»— aldatzen ari dela Sanchezen inbestidura posiblearekiko, nahiz eta PSOEk 155. artikulua aplikatzea babestu zuen. «Inbestiduraz harago, horiek gabe gobernatzea askoz ere erosoagoa izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.