Gasteizko Udalak persona non grata izendatu du Rodolfo Martin Villa Espainiako Sindikatuekiko Harremanetarako ministro ohia. Martin Villa kargu horretan zegoen 1976ko martxoaren 3an, Espainiako Poliziak Gasteizen bost langile tiroka hil zituen egunean. Hain justu, bihar zortzi 43 urte beteko dira Pedro Maria Martinez Ozio, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda hil zituztenetik.
Martxoak 3 elkartearen eskariz eta Martin Villa epaitegietara kanpainarekin bat eginez hartu zuen Gasteizko Udalak Martin Villa persona non grata izendatzeko erabakia, atzoko udal batzarrean. EAJk, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Irabazik alde bozkatu zuten, eta PSE-EEk eta PPk, berriz, aurka.
Andoni Txasko Martxoak 3 elkarteko bozeramaileak azaldu zuen «ezinezkoa» suertatzen ari dela Martin Villa auzitara eramatea, «Espainiako auzitegiek ez dituztelako kereilak onartzen eta Espainiako Gobernuak ez duelako Maria Servini epaile argentinarrarekin kolaboratzen». Horregatik, elkarteak uste du Martin Villak «arbuio instituzional eta soziala» izan behar duela eta hori «zigorgabetasunaren aurkako urrats garrantzitsu bat» izango litzatekeela.
Gasteizek 'persona non grata' izendatu du Martin Villa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu