Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Espainiako alderdiak. PP

Monopolioa galdu du

Eskuinaren erreferente nagusi eta ia bakarra izan da PP 30 urtean. Agintea galdu ondoren, ordea, bertze bi lehiakide agertu zaizkio, eta Pablo Casado liderrak onartu du gobernatzekotan koalizioan aritu beharko duela.

Monopolioa galdu du.
mikel rodriguez
2019ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Azken hamarkadetan, Espainiako eskuinaren erreferente nagusi eta ia bakarra izan da PP Alderdi Popularra. 1989an sortu zuten alderdia, haren aitzindaria, AP Aliantza Popularra, birfundatu ondoren. 1982an UCD Zentro Demokratikoaren Batasuna hondoratu eta desegin ondoren, AP bihurtu zen eskuinaren erreferente; eta PP, erreferente ez ezik, gobernuko alderdi ere bihurtu zen ondoren. Sortu zenetik igaro diren 30 urteotan, hamabortz egin ditu agintean, eta haietako zortzi, gehiengo osoarekin. Pablo Casado alderdiko buruzagiak onartua du, ordea, garai horiek iraganeko kontua direla; bertzeak bertze, kanpainako azken egunean argi erran baitu Ciudadanosi eta Voxi ministerioak eskaintzeko prest dagoela haien babesaren truke.

«Alderdi Popularrak behar handia izanen du bertze alderdi batzuen babesa lortzeko, ez da Alderdi Sozialista bezain nabarmen izanen koalizio bateko bazkide nagusia», azaldu du Lluis Orriols politologoak. «Horregatik, begi bistakoa da egonkortasuna bermatzeko jarlekuak uzteko prest daudenek trukean eskatzea gobernuan sartzea». Orriols Zientzia Politikoetan doktore da Oxfordeko Unibertsitatean (Ingalaterra), eta gaur egun Madrilgo Karlos III.a Unibertsitatean irakaslea da. Iritzi publikoa, portaera politikoak eta hautesleen portaerak ditu aztergai nagusi.

1978ko konstituzioa indarrean sartu zenetik, ez da egon alderdi batek baino gehiagok osatu duten Espainiako gobernurik. Orriolsen ustez, bai herritarrek, bai politikariek eragozpen berezirik gabe onartu dute hori aldatuko dela. Bertze ziklo bat hasi da. «Aitzineko zikloan, bertze alderdiei beldur ematen zien gobernuan sartzeak, ez baitzuten gehiegi hurbildu nahi ez PPra, ez PSOEra, uste baitzuten haien espazioa ez zegoela egonkortuta. Baina uste dut orain onartua dagoela bertze alderdiak luzaroan gelditzeko ailegatu direla, eta prest daudela legegintzaldi honetan egin litzaketen akordioez erantzukizuna hartzeko».

Kataluniako gatazka

Horregatik, Orriolsek uste du PPri ez diola kalte egiten koalizio batekin gobernatuko duela onartzeak. «PP eta PSOE koalizio gobernuetan egon dira autonomia anitzetan. Erantzukizuna hainbat alderdiren artean hartzea ez da hain berria».

Hala ere, PPrentzat aldaketa handia izan da, UCD desagertu zenetik ez baita egon erresuma osoan itzal egin dion eskuineko bertze alderdirik. Egonkortasun hori oso tarte laburrean aldatu da. «Lehenbiziko sintomak 2017 bukaeran eta 2018 hasieran agertu ziren, Ciudadanosek lehenbiziko aldiz eskuinaren zati handi bat irabazi ahal izan zuelako», azaldu du Orriolsek.

Politologoaren ustez, Kataluniako gatazkak eragin du PPren nagusitasuna kolokan paratzea. «Identitate nazionalari buruzko gaiak nabarmendu ziren, eta Ciudadanosek ardatz horretan artikulatzea lortu zuen; bertzeak bertze, Katalunian oposizioko lider bihurtuta, Kataluniako nazionalismoaren aurkako jarrera identitate ikur bihurtuta».

Kataluniako gatazkaren paraleloan, azken bi legegintzaldiotan bata bertzearen gibeletik argitaratu dira PPren ustelkeria kasuak. Ministroak, erkidego autonomoetako presidenteak, alderdiko diruzainak... amaigabea da zigortu eta ikertu dituzten goi kargudunen zerrenda. Errematea iazko maiatzean etorri zen, Gurtel auziaren lehen epaiarekin, Espainian ustelkeriagatik zigortu duten lehen alderdi politikoa baita PP —eta, orain arte, bakarra—.

Ustelkeria kasuen eragina

Kasu horiek PPk gehiengo osoz agintzen zuenean argitaratu ziren (2011-2015), eta 2015eko eta 2016ko hauteskundeetan gehiengo osoa galdu zuen. Orriolsen ustez, «izan liteke» ustelkeria kasu horiek faktore bat izatea PPk eskuinaren monopolioa galtzeko, baina Kataluniako gatazkaren aldean ez zaio hain erabakigarria iruditzen. «Ezkerra hausten hasi zenean, 2013an, eskuina fidel mantendu zitzaion PPri, nahiz eta ustelkeria eskandaluek alderdia zokoratuta zeukaten».

Gobernua Gurtel auziko epaiarengatik galdu zuen PPk, baina zentsura mozio batengatik izan zen, ez hauteskunde batzuengatik. Oposizioan dagoenetik, oihartzun mediatiko txikiagoa dute eskandaluek, eta Orriolsek uste du botoei dagokienez PPk jada amortizatua izan lezakeela ustelkeriaren zama. «Etxeko lanak egin ditu. Barne berrikuntza bat egin zuen, eta alderdian ibilbiderik motzena zuen hautagaiak irabazi zuen, hau da, iraganarekin apurtzaileena zenak. Logikoa da ustelkeriaren itzala gibelean gelditzea pixkanaka, zuzendaritza berriari eragiten dion kasurik agertzen ez bada».

Alderdiak imajinario kolektiboan txertatu nahi du ustelkeria Mariano Rajoyren PPren auzi bat zela, eta Casadoren PP libre dagoela zama horretatik. Ez da hori aldaketa bakarra izan. Iaztik eskuinaren eremuan hirugarren lehiakide bat agertu zaio, Vox eskuin muturreko alderdia. Horrek ondorio bat utzi du: «PPk erabaki du bataila ideologikoa eskuinerantz egitea, proposamen gogorrekin, tonu gogorrarekin. Eta horrek aldendu egin du Rajoyk eta Aznarrek landu zuten iruditik». Orriolsek azaldu du irudi hori dela «gobernuko alderdi moderatu batena, kudeaketa profil bat duena, ekonomian arduratsua dena».

Hain zuzen, politologoaren iritziz, paradoxa bat gertatu da Jose Maria Aznar presidente ohiarekin. «Espainiako iritzi publikoaren ikuspegian, Aznar gizon nabarmenki ideologikoa da, Casadoren balioak ongi gorpuzten dituena, PP kontserbadore eta borrokalari batenak, baina Aznar historiara kontrakoagatik pasatuko da. Hura lider zenean lortu zuen PPk Europako gainerako alderdi kontserbadoreekin homologatzea, oinordekotza frankistaren itzala kentzea, eta Manuel Fragarekin zuen boto sabaia gainditzea». Orriolsek dio Espainiako boto emaileen «grabitate zentroa» zentro-ezkerrean dagoela, alderdi bat eskuinekotzat identifikatzen bada «arazo handiagoak» dituela hautesleak erakartzeko. Horregatik, Aznarrek 1993-2000 bitartean zentrokotzat aurkeztu zuen PP, «kudeaketaren, gaitasunaren eta erantzukizunaren» alderditzat. «Anitz saiatu zen irudi hori zaintzen. Harrigarria da azken hamabortz urteotan nola aldatu den pertzepzioa».

Casadoren patua

Casadok eskuina hitza ez du anitz erabili, baina argi markatu du bidea. «Ez badu lortzen gobernua osatzea, barne eztabaida bat ireki liteke. Alderdi bat oposizioan dagoenean, aukera handiagoa dago fakzioek liderrei erronka jotzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.