Europako Parlamenturako hauteskundeak. Ekonomia.

EB-REN IPARRA. Zauri handia itxi ala zauri berriak ireki

Hazkunde ekonomikora bueltatzeko bosturtekoa izan bada ere, ekonomia eta gizarte konbergentzia egiteko daude oraindik batasunean. Bien bitartean, erronkak ugaritu dira.

EB-REN IPARRA. Zauri handia itxi ala zauri berriak ireki.
Jon Fernandez.
2019ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Zauria sendatzeko legealdia izan da Europan 2014tik 2019rakoa, krisi ekonomiko handiak eragindako zauria osatzekoa. Datozen bost urteetako legealdia; beraz, gakoa izango da Europako Batasunaren eta eurogunearen iparra zein den jakiteko: zauria itxi eta orbaintzeko bosturtekoa izan daiteke, edo itxi gabekoa zoldu eta zauri berriak sortzekoa.

Legealdi arantzatsua izan da igarotakoa, 2008ko krisiaren kalteen kudeaketari migratzaileen krisiarena, brexit-arena, Donald Trumpen merkataritza gerrarena eta eskuin muturraren igoerarena gehitu zaizkielako. Ez ditu arantza gutxiago izango uztailaren 2an Europarlamentuan abiatuko den bosturtekoak.

KONBERGENTZIA ZANTZUAK
Ezberdinen Europa


Europako sei egunkarik asteon aldi berean argitaratu duten Angela Merkelen elkarrizketan, Alemaniako kantzilerrak sutsu defendatu du Irlandan, Espainian, Portugalen eta Grezian ezarritako austeritatea, baina aitortu du herritarrek garesti ordaindu dutela: «Ez daukat zalantzarik ikaragarria izan dela herritarrek jasan duten zama».

Ongizate estatua argaltzen eta desberdintasun sozialak handitzen ikusi dituzten europar askok haserrez begiratzen dute Bruselara —euroeszeptikoek Europarlamentuaren heren bat kontrola dezakete—, eta gakoa izango da suspertze ekonomiko ahul baina jarraitua ongizate estatua indartzera eta desberdintasun sozialak txikitzera bideratzea, batasuna bera kolokan ez jartzeko.

Nahi izanez gero, aurki daitezke datu ekonomiko batzuk esateko 2019ko EBko ekonomia 2014koa baino bateratuagoa dela. Hainbat aldagai aintzat hartuz gero, azken urteetan ekialdeko estatu kideek aldea txikitu dute mendebaldekoekiko; baita euroguneko periferiako estatuek ere iparraldekoekiko. Mendebaldeak mendebalde jarraitzen badu ere, eta iparraldeak iparralde, agertu dira konbergentzia joera batzuk bederen.

Aldeak txikiagoak dira orain 2014an baino inflazio tasari, langabezia tasari eta hazkunde tasari dagokienez. Halaber, per capita BPGa (barne produktu gordina biztanleko), erosteko ahalmena kontuan hartuta, ekialdeko herrialdeetan eta euroguneko periferian hazi da gehien 2014tik 2017ra —infografian ikusgai—: esate baterako, Irlanda, Errumania, Letonia, Zipre, Polonia, Lituania, Eslovenia, Txekia, Estonia eta Espainian. Aldiz, per capita BPGa apaldu egin da bost urteotan Luxenburgon, Frantzian, Suedian, Austrian, Herbehereetan, Belgikan, Alemanian, Eslovakian, eta, jakina, Grezian.

Nahiz eta erpinen arteko aldea txikitzeko joera erakutsi, muturrek mutur diraute. Izan ere, BPG per capita BPGak gora egin duenen taldean denek jarraitzen dute, Irlandak salbu, EBko batezbestekotik behera —askok, gainera, dezente beherago—; alderantziz, azken bost urteetan pobretu diren herrialdeek, Eslovakiak eta Greziak salbu, batez besteko aberastasunetik gora jarraitzen dute —batzuek dezente gorago—.



EUROGUNEA
Etengabeko konponketan

2008ko krisi ekonomikoak gogor jo zuen eurogunearen bihotza, euroa: batasunak bost herrialde erreskatatu zituen —Grezia, hiru aldiz—, haien banku pribatuak erortzen ez uzteko, eta trukean, Bruselak, austeritate politikak ezarri zituen. Nahiz eta eurogunea haustear egon den —ez da ahaztekoa Wolfgang Schaeublek eta Gianis Varufakisek, Alemaniako eta Greziako finantza ministro zirela, 2015eko udaberrian izandako duelua—, osorik atera da diru batasuna.

Naufragioa saihesteko, instituzio eta lege berriak sortu ditu EBk urteotan, eta datorren legealdiko eztabaida izango da ea zer egin eurogunea suspertzeko balio izan duen azpiegitura horrekin: dagoenean eutsi ala indartu, batasun ekonomikoaren konbergentzian sakontzeko.

IKUSPEGI EZBERDINAK
Berlin-Paris ardatza, motz

Arlo askotan dago burutu gabe harmonizazioa: diru batasunean, zerga sisteman, bankarenean, langabezia aseguruetan, lan merkatuetan... Ikuspegi eta interes ezberdinak biltzen dira Bruselan, eta are gehiago bilduko dira aurrerantzean. EBren pausoen erritmoa zehazterakoan funtsezkoa izan da Paris-Berlin ardatza; inoiz ez da izan erraza bien arteko sintonia lortzea eta blokean nagusitzea, baina aurrerantzean zailago bihur daiteke, Alemania-Frantzia ardatza dagoeneko ez delako nahikoa.

Europako Parlamentuan indarra har dezakete harmonizazio fiskal eta ekonomikoaren kontrako indarrek, izan euroeszeptiko, izan eskuin mutur, izan Hansako Liga berria deitutakoa. Baltikoko herrialdeei deitzen die prentsak Hansako Liga berria; Jeroen Dijsselbloem eurotaldeko buru ohi herbeheretarraren kordakoak dira, zeinak Europa hegoaldeko herrialdeei egotzi baitzien iparraldekoei «laguntza» eskatzea, «diru guztia edaritan eta emakumetan gastatu eta gero».

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak asmo handinahiak agertu zituen bere legealdi hasieran EBrako: eurogunerako aurrekontua, eurogunerako Finantza superministroa, EBko armada... Angela Merkelek galga jarri dio, eta urardotu dizkio asmo batzuk, baina iaz Meseberg gazteluan adostu zuten 2021erako euroguneko aurrekontuak sortzea eta ESM erreskate funtsa Europako NDF bilakatzea. Beste kontu bat da hori lortzeko behar adina aliatu lortzen ote dituzten, eta ez ote diren asmoak bidean usteltzen. Eurotaldean asteon hasi dira eztabaidatzen nondik atera dirua euroguneko balizko aurrekontua osatzeko.

ZERGA SISTEMA
Eskandaluak, isunak eta promesak

Zergei dagokienez eskandaluen legealdia da igaro berria, horren lekuko Panamako Paperen eta Lux Leaksen auziak. Argi geratu da, halaber, Interneteko eta teknologia berriko multinazional handiek ihes egiten dietela EBko zergei: Applek 13.000 milioi euro ordaindu behar izan ditu Bruselak aginduta, eta Dublinen borondatearen kontra.

Egon da ahalegin bat Interneteko erraldoiei diru sarreren %3ko tasa bat jartzeko EB osoan, baina porrot egin du saialdiak. Eskandinaviarren eta beste herrialde batzuren ezetzak proposamena trabatu du, eta Bruselak bigarren ahalegin bat egin beharko du datorren bosturtekoan. Berlinek eta Parisek prest nahi dute zerga 2020rako, baldin eta lehenago OCDEk ez badu enpresa digitalak zergapetzeko formula bateraturik sortzen.

KANPO MERKATARITZA
Trump, Txina eta 'brexit'-a

Susperraldi ekonomikoa hauspotzen nahikoa ez, eta nazioartetik ekaitza gerturatu da, berriro, EBren zerura. Mario Draghik erruz bota du erregaia EBZren galdara gelara: zeroren pareko interes tasen aro luzeak eta zorra erosteko plan erraldoiak EBko ekonomiak hazten jarraitzea ahalbidetu dute, arnasketa lagunduarekin bada ere. Hazkundea motela da halere, Alemania eta Italiaren pattalaldiarekin.

Bien bitartean, ugaritu egin dira mehatxuak merkataritza harremanetan: Mendebaldetik, Trumpen AEB protekzionistak —muga zergak jarri dizkiete EBko altzairuari eta aluminioari, eta mehatxu egin dute autogintzari ere jartzeko—; ekialdetik, Txinaren Zetaren Bide berria ate joka dauka Erroman; eta, azkenik, etxe barrutik, Londresen dibortzio gogor batek trabatu egin dezake EBren hazkundea.

Ez da garai errazena nazioarteko merkataritza itunentzat: Kanadarekin CETA sinatu du Bruselak, baina ezin izan du TTIPa sinatu Etxe Zuriarekin, eta berriz hasi nahi du negoziatzen.

INDUSTRIA
Lankidetza eta kanpoko inbertsioen kontrola

Merkatu globalean Txinako konpainia erraldoiak hainbat sektoretan lortzen ari diren nagusitasunari aurre egiteko, Alemaniak eta Frantziak lankidetza sustatu nahi dute sektore estrategikoetan. «Europako erraldoi industrialak» bultzatu nahi dituzte, esaterako, puntako teknologietan. Horretarako, EBko lehia legedia ere moldatu beharko litzateke, bazkideen adostasunarekin. Horrez gain, EBk legedia gogortu du Txinaren inbertsioak mugatzeko. Norabide horretan, pauso gehiago eman ditzake batasunak datorren bosturtekoan.

AURREKONTUAK
NPB, adosteko

Datozen hilabeteetarako beste patata bero bat 2021-2027rako EBko aurrekontuak adostea izango da, tartean NPB Nekazaritza Politika Bateratuaren erreforma onartuta, eta Erresuma Batuaren agurraren ondorioz aurrekontuetarako egongo diren diru sarrera txikiagoetara moldatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.