Santi Brouard omendu du Bilboko Udalak, lehen aldiz

Ibon Areso Bilboko alkatea, Edurne Brouardi aitaren omenezko Bilboko domina ematen. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
GALek tiroz hil zuenetik 30 urte igaro ondoren, omenaldia egin dio Bilboko Udalak Santi Brouard HBko buruzagiari. Bilboko domina eskaini dio alkateorde izan zuenari. Udaletxeko Arabiar Aretoan egin dio omena, talde politiko guztietako ordezkariak bertan zirela. EAJko, PSE-EEko, Bilduko eta PPko zinegotziak izan dira ekitaldian. Baita Itxaso Atutxa EAJren BBBko presidentea ere. HBn Brouardekin aritu ziren kideek ere parte hartu dute, Tasio Erkiziak kasurako, eta EH Bilduko kideek. Brouard hil eta bost urtera, azaroaren 20an bertan tiroz hil zuten Josu Muguruzaren bikotekide Elena Bartolome ere izan da omenaldian. Bizkaiko Medikuen Elkargoko kideak ere bai, eta Monika Hernando Eusko Jaurlaritzako Biktimen zuzendaria.

Brouarden hiru seme-alabek jaso dute aitorpena: Edurnek, Santik eta Terek. Bilboko Domina Ibon Aresok eman dio Edurne alaba nagusiari, eta hunkituta jaso du, zendu zitzaien amak aitorpena ikusi ezin izateagatik penatuta.

Adiskidetzea eta normalizazio politikoa herriaren «helburu nagusietako bat» dela adierazi du alkateak. Bakea «sekula baino gertuago» dagoen ustea azaldu, eta bidean laguntzeko eskatu du: «Guztioi dagokigu elkarbizitza lortzea indarkeria ez dadin sekula berriz gure artean bizi».

Zauriak itxi beharraz ere ohartarazi du, Udalaren ekitaldia hartarako saioa dela azalduta: «Gure gizartean geratu ziren zauriak gertatutakoa aitortuta eta oroituta sendatzen dira; beraz, ez gara zauri zaharrak irekitzen ari, ixten saiatzen baizik». Aresoren esanetan, gizartea justuagoa egiten du horrek. Elkarbizitzarako «pedagogia» aldarrikatu du alkateak, eta Brouarden alabarengana zuzendu da espresuki: «Edurne, adiskidetzerako dokumental batean ikusi zaitut. Hori da gizarteak desio duen bidea».

Brouardek zuzenean erantzun die alkatearen hitzei. «Aitorpena da oinarria; harri horren gainean eraiki beharko dugu gero egia, justizia eta erreparazioa». Egia guztien aitorpena aldarrikatu du, eta Brouardi egindako omena «biktima guztiei egingo zaizkienen hasiera» izango den esperantza adierazi du.

Bakegintzaren alde jarraituko duela ere erantzun dio Aresori: «Gure mina ez da sekula izango konfrontaziorako. Gure mina eta sufrimendua ezin dira erabili bake bidean oztopoak ipintzeko, alderantziz baizik. Hori nahi dugu, eta horretan jarraituko dugu».

Gaur, Eusko Legebiltzarrak aitortuko du Brouard biktima gisa, oroimenerako plaka jarrita.

Mikel Zabalza

Indarkeriaz hil zuten beste pertsona bat oroitu zuten atzo haren senide eta lagunek Donostiako Altza auzoan: Mikel Zabalza. Atzo 29 urte atxilotu zuen Guardia Zibilak, eta hogei egunera Bidasoa ibaian agertu zen gorpu, tortura zantzuekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.