Gerran dauden herrietako umeentzat inoizko urterik gogorrena izan da aurten

Nazio Batuen Erakundeak salatu du nazioarteko legedia «lotsarik gabe» urratzen dutela tokikoek eta esku hartzen duten kanpoko potentziek

Ume batzuk, gerrak hondatutako etxebizitzen artean, Siriako Al-Nashabiehen. MOHAMMED BADRA / EFE.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2017ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Urtearen gainbegiratua egitea egokitzen da egunotan; erakundeak ere horretan ari dira, datuen zenbaketan oinarritutako ondorioak ateratzen, eta, behar den kasuetan, salatzen. Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak gerran dauden herrialdeetako umeen egoeraz egin du urteroko txostena, eta ezin du kopuru zehatzik eman, baina urterik urte errepikatzen den joeraren berri eman du: gero eta gehiago erabiltzen dira umeak arma gisa gerretan. Beraz, aurtengoa inoizko larriena izan da: «Proportzio asaldagarriak dira».

Kaleak, eskolak eta parkeak umeentzako gune izateari utzi diote leku askotan, aspalditik gainera; adibidez, Yemenen, Iraken, Sirian eta Afganistanen, hala nola Nigerian, Hego Sudanen eta Myanmarren, beste herrialde batzuen artean. Unicefek salatu duenez, «lotsarik gabe nazioarteko legedia urratzen» dute, bertakoek, eta baita nazioarteko potentziek ere. Bahitu egiten dituzte, ezkontzera behartu, eraso suizidetarako erabili, giza ezkutu gisa, soldadu gisa, mendekurako, eta, horrez gainera, gaixotasun eta goseteen biktima dira, baita ingurumenaren hondamendienak ere. Gutxienez 27 milioi umeri ukatu diete eskolara joateko eta etorkizun bat izateko eskubidea.

Nazioarteko esku hartzea

Yemenen, hiru urteko gatazkan, egoera ez da okertu besterik egin. Barne gatazkaren eta Saudi Arabiaren esku hartzearen ondorioz, 5 urtetik beherako hamar umetik sei hildira aurten, eta 385.000 ume daude gosez hiltzeko arriskuan. AEBen urteetakoesku hartzeak ere ez du hobetu Afganistango eta Irakeko egoera, eta gerra garai gorrienean bezainbeste ume hiltzen dira ia, NBEren arabera: milaka, bonben, minen eta gosearen ondorioz.

Aurten, Myanmarren jarri du azpimarra NBEk: hango armadak rohingyen kontrako erasoaldia hasi zuenetik, abuztuan, milaka pertsonak alde egin behar izan dute etxetik, eta errefuxiatutakoen %60 umeak dira, Bangladeshera ihes egindakoak, etxeak eta herriak erre baitituzte. NBEk Aung San Suu Kyi Myanmarko buruarekin hitz egin nahi izan du asteon rohingyen egoeraz, baina mintzatzeari uko egin dio. Nazioartearen buruzagi kuttuna izan da urte askoan; Bakearen Nobel saria eman zioten Myanmar demokratizatzeko saiakeragatik.

Afrikako gerra luzeetan ere egoera larrian daude umeak. Besteak beste, Nigerian, Txaden, Nigerren eta Kamerunen gutxienez 135 ume erabili dituzte suizida gisa atentatu handiak egiteko, 2016ko datua halako bost. Afrika Erdiko Errepublikan 400 eskola suntsitu dituzte, eta 850.000 etxetik atera dituzte. Somalian, 1.800 ume errekrutatu dituzte 2017ko lehen hamar hilabeteetan. Horiek dira zerrendan larrientzat jotzen dituztenak. Zenbaki izatera eta izendatzera ere ez dira iristen milaka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu