Erreskate ontzi batek portu segurua eskatu dio Italiako gobernu berriari

'Ocean Viking' ontziak 50 migratzaile erreskatatu ditu Mediterraneoan. Contek elkartasuna eskatu dio EBri migrazio politikak aldatzeko

Andoni Imaz.
2019ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Italiako politika erabat irauli da azken hilabetean, baina Mediterraneo itsasoan ez da aldaketarik egon. Ocean Viking salbamendu ontziak 50 migratzaile erreskatatu zituen igandean, nazioarteko uretan, Libiako kostatik gertu. Italiako Gobernu berriak parean du lehen erronka. Giuseppe Conte lehen ministroak Matteo Salviniren neurri zorrotzak bukatzeko asmoa adierazi zuen atzo Ordezkarien Ganberan. Koalizioak babesa jaso zuen: aldeko 343 boto izan zituen, eta kontrako 263.

SOS Mediterranee eta Mugarik Gabeko Medikuak GKE gobernuz kanpoko erakundeena da Ocean Viking. GKE-ek adierazi dute erreskatatutako 50 iheslarietatik hamabi adingabeak direla, eta emakume bat haurdun dagoela. Atzo, ontziak lehorreratzeko portu segurua eskatu zien Erromako, Maltako eta Tripoliko kostazainei, baina ez dute erantzunik jaso. Mediterraneoko lehendabiziko erreskatea da M5S Bost Izar Mugimenduaren eta PD Alderdi Demokratikoaren koalizio gobernua sortu denetik.

Barne ministro berriak, Luciana Lamorgese abokatu independenteak, migrazio politikak aldatzeko asmoa adierazi izan du. Legea «zorrotz» beteko du, baina aintzat hartuko ditu «giza eskubideak eta itsasoko legea». Haren aurretik karguan zen Salvinik ontzien aurkako debekua sinatzen zuen GKE batek migratzaileak erreskatatu orduko.

Ontzia Mediterraneoan zebilen bitartean, Contek gobernu berria aurkeztu zuen Ordezkarien Ganberan, bigarrenez urte eta erdian. Lehen ministroak gobernuaren asmoak azaldu zituen, eta, hain zuzen, migrazioaz aritu zen. Adierazi zuen Salviniren lege polemikoa aldatzeko asmoa dutela, baina elkartasuna eskatu zion EB Europako Batasunari: «EBko estatu kideen elkartasun eraginkorra behar dugu. Elkartasun hori iragarri izan da orain arte, baina oraindik ez da gertatu», esan zuen. Irtenbideak ere proposatu zituen: esaterako, «giza korridore» bat osatzea Europan.

Oposizioa, protestan

Ordezkarien Ganberaren kanpoan, Italiako Anaiak alderdi ultrakontserbadoreak protestara deitu zuen koalizio gobernu berriaren aurka. Salviniren Lega eskuin muturreko alderdiak bat egin zuen protestarekin. Ehunka lagun elkartu ziren parlamentuaren bueltan, eta hiru sarrera blokeatu zituzten, hauteskundeak eskatu bitartean.

Duela hamalau hilabete, Contek Legaren eta M5Sren koalizioa aurkeztu berri zuen, guztiz bestelako proposamenekin. Atzo, migrazio politikak eta EBrekiko harremanak izan ziren gai nagusia; aurreko gobernua oso gogor aritu izan zen bi gai horiekin, hain zuzen. Lehen ministroak aurrekontuak zehaztu nahi ditu orain, Bruselaren babesa lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.