Durangoko 56. Azoka. Bilakaeraren lekukoak

Salbuespenean salbuespen

Elizpean hasi eta Landakora heldu, mende erdi pasako bidean 'liburu eta disko azokaren' etiketa galdu, eta «kultur plaza» bihurtu da azoka. Garai «gozoenean» iritsi da «atzerapausoa» batzuentzat

2003. urtean heldu zen azoka Landakora, eta hor finkatu du egoitza. ARITZ LOIOLA / FOKU.
itziar ugarte irizar
Durango
2021eko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Ohitu nahi ez, baina ohitu behar. Azken-aurreko eguna, eta gorputzak Landakoren paisaia berrira egokituak dituztela itxaron dituzte erakusmahaien atzeko langile zein boluntarioek lehen txandako bisitariak. Goizeko hamarrak jotzeko puntuan heldu da barrura emaria. Sartu eta segidan, ordu eta erdi dutela gogorarazpena bozgorailuetatik, eta ezin dela jan, ezin dela edan, maskararekin sudurra eta ahoa estalita ibili behar dutela, eta arduraz jokatzeko, «barruan zein kanpoan». Ohitu nahi ez, baina ohitu behar. Aurtengoa ez duela inork erraz atzenduko, hala uste du Izaskun Ellakuriaga azokako komunikazio arduradunak. Postu horretara heldu aurretik,beste hainbat egiteko bete ditu aurretik azokaren bueltan, eta argi esan du: «Iazkoaren eta aurtengoaren moduko ezohiko ediziorik ez da sekula izan aurretik».

Eta hori izan direla garai eta urte konplikatuak iraganean. Egunotan azokan dabiltzan ugarik ezagutu dituzte, esaterako, frankismoaren hondarretan egindako lehen aldiak. 1965ean izan zen estreinakoa, Andra Mariko elizpean. Testuinguru erdaldun orokortuari salbuespen bat eraiki nahi izan zioten antolatzaileek, euskarazko —ez soilik— liburugintzari eta diskogintzari bere plaza propioa emanez. Hemeretzi erakusle zituen ordukoak, eta 219 ditu gaurkoak. Han egon zen azoka 1974ra arte, eta 56. Azokara disko berriarekin heldu den Joseba Tapiak gogoan du hura bertatik bertara ezagutu izana. «Segituan aldatu zen gero merkatura; han erosi nuen nik Errobiren lehen diskoa, eta biniloak entzuteko plastikozko aparatua harekin estreinatu nuen. Urte hartan eman zioten Itoizi rock talde hoberenaren saria ere».

Egon edo ez egon lanaren azal gorriaren argitan, patxadaz mintzatu da egunaren hasieran, eta «ezberdin» eta «arraro» erabili ditu orain arteko sentsazioez aritzeko. «Lehen egunean hartu genion denok neurria aurtengoari; edo kolpea, segun». Disko berri bat kaleratu duenero jarri da erakusmahaiaren atzealdean—1987an lehen aldiz, Leturiarekin ondutako Jo eta hautsi (Elkar) lanarekin—, eta batere dudatu gabe onartu du bide horretan diskoen salmentan izandako gainbehera. «Aurtengo zenbakiak are txikiagoak izaten ari dira, baina gure krisia lehenagotik dator. Arazoa formatua berritzean dago. Literaturan ez dago arazo hori, liburuak hor jarraitzen du, baina guri gertatzen zaiguna da agian jendeak erosten duela diskoa eta, beharbada, plastikotik atera gabe, telefonotik entzuten duela gero. Egun, diskoa erosten duenaren atzean batez ere beste intentzio bat dago, sostenguarena, eta hori jasotzea ederra da guretzat».

Landakoren barrenean, musikarenean, aurreikusten ditu Tapiak eraldaketa gehien datozen urteei begira. «Inpresioa dut liburuen aldean salmentak egonkorrago direla». Ez du tonu etsirik azaldu, ordea, eta ospatu egin du «gremioaren» igurtzia jasotzen aritzea egunotan. «Ez dakit ez ote den hori azokaren alde inportanteena».

Hamahirugarren hilabetea

Azokak izandako bilakaeraren gertuko testigua izan da Pello Eltzaburu Pamielako editorea ere. Kazetariak beterano deitu duenean, «lasai, laster erretiratuko naiz», itzuli dio barrez. Berak ere ezagutu zuen azokaren elizpeko sasoia, eta oroitzen ditu 1974-1996 artean merkatuan igarotako azoka egunak, bai eta 2003an Landakon finkatu ziren arte, han-hemengo karpa aldakorretan atondutako salmahaiak. Salbuespenezkoa izateari utzi gabe, hazten ikusi du azokaren itzala, eta bidean egindako urratsak «onerako» izan direlakoan da. «Liburu eta diskoak bakarrik ez, kulturaren ekosistemari egin zaio lekua», txalotu du. «Azokak urteekin egin duen jauzia ikaragarria izan da, estetikoki begiratuta ere nabarmena da. Garairik gozoenean iritsi da atzerapausoa, baina, ahal bezala, aurrera egin dugu».

Ez du ezkutatu, bestalde, «bistakoak» direla aurtengo azokaren «mugak». Eurek %60 jaitsi dute Landakon hartu ohi duten espazioa; zortzi erakusmahai ziren lehen, eta bost eta erdira igaro dira. «Pozten naiz aurreikuspena txikira jota egin genuelako», onartu du, arinduaz. «Azoka industria kulturalarentzat hamahirugarren hilabetea da fakturazioan, baina aurten lege hori ez da beteko, eta horren eragina, zoritxarrez, datorren urtean ikusiko dugu».

Pandemiak iaz inauguratu zuen azokaren bilakaeran beste mugarri bat jarri duena: saltoki digitala. Eltzabururen esanetan, eta bere ezusterako, harrera ona izan zuen iaz —«funtzionatu zuen herri honetan funtzionatu izan duen elkartasunaren uholdeak»—, eta, aurten motelago badoa ere, ongi ikusiko luke luzarorako etorri izana. Ñabardura bat, ordea: «Euskal kulturaren produkzioa eta panorama modu presentzialean baino ezin daitezke ikusi. Pentsa, guk 80 erreferentzia ditugu online, baina hemen 350 bat ditugu, eta ez dira denak!».

«Hau gorantz doa»

Azokaren atzeko egituraketan eta langileetan ere aldaketa nabarmenak izan dira hamarkadaz hamarkada. Komunikazioaren ardura duen Ellakuriagak uste du alor horretan izandako hazkundea bera dela frogarik behinena: «Neu soilik nengoen lehen, eta bost-sei lagun gara orain, eta beti ez da nahikoa. Azokaren zutabeetako bihurtu da komunikazioa».

Iurretakoa (Bizkaia) da sortzez, Gerediagako bazkidea aspalditik, eta hurbiletik jarraitu du, hala, azokaren eraldaketa. Irudi lezake bisitariak etxeko egin duela jada DA!-ren marka, baina izan, berri samarra da, eta azken urteetan hartutako norabidearen erakusle da Ellakuriagarentzat: «'Liburu eta disko azoka' aspaldi zaharkitu zen. Salmenta tokia da hau, baina hori baino gehiago izan da beti, eta hortik etorri da DA: kultur plazaren ideia nabarmentzeko».

Aurrera begira, faltan zera hartzen du: azokaren oihartzuna urte guztira zabaltzen asmatzea. «Bitartean, egin ahal izan dugun azokarik onena egiten saiatu gara», aipatu du, «dena kontran» sumatu arren: «Espektatibarik gabe antolatu behar izan dugu. Zer pasatuko zen txandekin? Ez genekien. Zer online dendarekin? Ez genekien. Eta eguraldiak ere ez digu lagundu. Karparik karpa ibili ginen urte batean elur asko egin zuen, parte hartzaile asko berandu heldu ziren... baina egunotakoa bezalakorik ez da tokatu urtetan».

Izpiritu baikorrarekin zebilen Laura Mintegi idazlea ere. «Ni hasi nintzen etortzen oraindik elizpean zegoenean azoka, eta, orduan bezala, niretzat gaur ere erresistentziaren sinbolo bat da», zioen. «Hau beti izan da leku bat esateko: 'Bagara nor'».

Carles Torner idazle katalanarekin eta Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarekin batera, PEN Klubaren inguruko solasaldi batean hartu zuen parte arratsalde erdian. Batetik bestera zenbiltzan, bizi. «Hau gorantz doa, bai ekoizpenean, bai kalitatean. Beti esaten dugu hartzailearen hanka dagoela kolokan, baina, lehengo aldean, beste zerbait ikusten dut nik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.