Frantziako Poliziak errefuxiatuen kanpaleku bat hustu du Parisen

Frantziako Polizia errefuxiatuen kanpaleu bat husten, herenegun, Parisen. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Frantziako Poliziak ehunka errefuxiatu zeuden kanpaleku inprobisatu bat hustu zuen herenegun gauean Parisko erdigunean, Errepublika plazan. Hainbat erakundek ostatuak eta «benetako harrera sistema» bat martxan jartzeko eskatu zioten gobernuari. Poliziaren operazioak tentsioa sortu zuen, eta agenteen aurkako manifestazio bat ere egin zuten, haiek baliatutako bortizkeria salatzeko. Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroak Poliziak izandako jarrera ikertzeko eskatu zuen. Zabaldutako irudiek sumina eragin dute, eta atzo arratsalderako ere protestarako deia egin zuten errefuxiatuen eskubideen aldeko eragileek. Operazioan migratzaileen aurka jo zuen Poliziak, eta 500 denda inguruko gunea husteko negar gasa erabili zuten. Kazetariei ere eraso egin zien, protestako irudiak grabatzen ari zirela.

«Legez kanpoko migratzaileen kanpalekuko sakabanaketaren irudi batzuk harrigarriak dira. Gertakarien inguruko txosten bat eskatu dut», adierazi zuen ebakuazioa egin eta berehala Darmaninek. Atzo Polizia prefeturak txostena entregatutakoan, jakinarazi zuen agenteen esku hartzea ikertzeko eskatu diola IGPN Frantziako Poliziaren Ikuskaritza Nagusiari; 48 orduko epea eman zion. Barne ministroaren arabera, jazoera batzuk «onartezinak» dira.

Anne Hidalgo Parisko alkate sozialistak adierazi zuen ezin dela ebakuazio bat abiatu «aurretiko diagnostiko sozialik gabe eta kalteberez arduratu gabe». Poliziaren jarrera gaitzetsi zuen. Amnesty International erakundeak ere kritikatu egin zuen agenteen esku hartzea.

Duela astebete egindako operazioaren ondorio izan zen herenegun Errepublika plazan eraikitako migratzaileen kanpalekua. Frantziako Poliziak ehunka migratzaile bizi ziren kanpalekutik aterarazteko operazio bat egin zuen orduan Paris inguruan, Stade de France futbol zelaitik gertu. Sena-Saint-Denisko prefeturaren arabera, 2.800 lagun inguru atera zituzten, eta, hain justu, horko kideetako hainbat ziren herenegun bildutakoak.

Salatu zuten ebakuazioaren ondoren ez zietela irtenbiderik eskaini, ezta aldi baterako ostaturik ere. «Ezin zaio miseriari matrakekin erantzun. Kalean geratu diren Saint-Denisko kanpalekuko migratzaileei babesa ematea premiazko da, ezinbestekoa eta eztabaidaezina», adierazi zuen France Terre d'Asile erakundeko zuzendari Delphine Rouilleaultek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.