KRITIKA. Zinema

Iraganaren gaurkotzea

Another Day of Life filmeko irudi bat. BERRIA.
Gontzal Agote.
2018ko azaroaren 1a
00:00
Entzun

'Another Day of Life'



Zuzendariak: Raul de la Fuente eta Damian Nenow. Aktoreak: Miroslaw Haniszewski, Vergil J. Smith, Tomasz Zietek. Herrialdea: Polonia. Iraupena: 82 minutu.

Donostiako Zinemaldiko ikusleen saria jasotzean, «gora euskal zinema» hunkitu batekin bukatu zuen bere esker oneko hitzaldia Raul de la Fuente zuzendariak. Izan ere, dokumentazio fitxetan film poloniarra dela esaten bada ere, euskal ekarpen ezinbestekoa du helduentzako animazio filmak.

Ez da etnozentrismo hutsa, kontuak garrantzia izan badu, Another Day of Life-k ederki erakusten baitu zein bide anitz hartu dituen Euskal Herrian egiten ari den zinema garaikideak. Orain dela urte gutxi batzuk pentsaezina zen halako aberastasuna, estilistikoki, tematikoki zein hizkuntzen erabileraren aldetik.

Edukiari helduz, Ryszard Kapuscinski kazetari ezagunaren liburu kuttunari heldu diote bi zuzendariek. Erronka ez zen makala; batetik, jatorrizko iturriak —liburua bera zein egilea— oso maila bikainekoak baitziren; bestetik, animazio formatua genero errealistekin uztartzea ez baita langintza erraza. Bi langa horiek espero baino aiseago gainditu ditu azken emaitzak, Another Day of Life pelikula bizi, gozagarri eta beharrezkoa da.

Alderdi teknikotik, errotoskopiaren antzeko teknika baliatu dute; horrela, pertsonaiei benetakotasun handiagoa emate aldera, mugimenduen azkartasuna zertxobait sakrifikatu dute. Alderdi historikoa memento onirikoekin nahasiko dira modu orekatuan, jatorrizko testuak dituen alderdiei fidel izanik.

Nolanahi ere, Another Day of Life-k oso azpimarratzekoa den beste baliabide bat du, proiektuari erabateko zentzua ematen diona. Garai hartako pertsonaiak berreskuratuta, haien testigantzak eta haien irudiak, duela berrogei urte pasa Kapuscinskik ireki zuen bideari behar den segida emanen dio filmak, iraganaren eta orainaren arteko guztiz beharrezkoa den zubia eraikiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.