Erdarazko liburuak nobedade sasoian

Nobedadeak aurkezteko sasoia da Katalunian, Madrilen zein Frantzian, eta erdaraz idazten duten Euskal Herriko hainbat idazlek lan berriak dituzte: Darrieussecqek 'Pas dormir', Aranburuk 'Los vencejos' eta Bilbaok 'Los extraños'.

Belen Gopegui. EFE.
Gorka Arrese.
2021eko irailaren 17a
00:00
Entzun
Euskal Herrian irail hasieratik azaro bukaerara bitartean argitaratzen dira literatura liburu berriak, Durangoko Azokari eta Gabonei begira. Frantzian, ordea, abuztu erditik urri amaierara izaten da argitalpen sasoia. Livres Hebdo aldizkariak adierazi duenez, 521 literatura liburu berri espero dituzte udazkenean. Kazeta hori Frantziako liburugintzako profesionalentzat argitaratzen da: editorialak, banatzaileak, liburu dendak eta bibliotekak.

Aldizkariaren arabera, 521 liburuetatik 142 itzulpenak dira, gainerako 379ak frantsesez sortuak dira, eta azken horietatik 75 izango dira idazleen lehendabiziko eleberriak.

Liburu berrien artean iragarri dituzte, esate baterako, hamabi hauek: David Diop idazlearen bigarren nobela, La porte du voyage sans retour (Seuil argitaletxea); Amelie Nothomberen 30.ena, Premier sang (Albin Michel); Patrick Modianoren Chevreuse (Gallimard); Sorj Chalandonen Enfant de salaud (Grasset); Nina Bouraouiren Satisfaction (J.C. Lattes); Christine Angoten Le voyage dans l'Est (Flammarion); Tanguy Vielen La fille qu'on appelle (Minuit); Catherine Cusseten La définition du bonheur (Gallimard); Philippe Jaenadaren Au printemps des monstres (Mialet-Barrault); Agnes Desartheren L'eternel fiancé (L'Olivier); Benoit Coquilen Buenos Aires n'existe pas (Flammarion); eta Marie Darrieussecqen Pas dormir (P.O.L).

Marie Darrieussecq (Baiona, 1969) idazleak hogei urtetan pairatu duen insomnioaz dihardu Pas dormir (Ez lo egin) liburuan. Desesperoa eta dibertimendua, bitxikeriak eta erremedioak kontatzen ditu: barbiturikoa, pilula lo eragilea, meditazioa, ariketa fisikoa, errezeta, teknologia, xamanismoa... Galdera berezi bat egiten dio irakurleari: «Nork ez du lo egiten nik lo egiten ez dudanean?». Eta ohartuta dago: «Liburuak zabaldu eta denak insomnioaz ari zaizkit: Woolf, Gide, Pavese, Plath, Sontag, Kafka, Dostoievski, Darwish, Murakami, Cesaire, Borges, U Tam'si... kontinente guztietan».

Frantsesera itzulita agertuko dira idazle hauen liburuak: Richard Ford, Lionel Shriver, Richard Powers, Ta-Nehisi Coates, Quentin Tarantino, Kazuo Ishiguro, Karl Ove Knausgaard, Paolo Cognetti, Leonardo Padura, Wilfried N'Sonde, eta beste asko.

Aranburu eta Bilbao

Bartzelonan abian da Katalanezko Liburuaren 39. Azoka igandera bitarte, 204 erakusleren parte hartzearekin. Katalanez plazaratuko diren liburu berrietako batzuk izango dira: Carlota Gurten Sola (Proa argitaletxea); Tina Vallesen El senyor Palomar a Barcelona (Anagrama); Joan-Lluis Lluisen Junil a les terres dels bàrbars (Club Editor); Silvia Solerren Nosaltres, després (Univers); Adria Pujol Cruellsen Els llocs on ha dormit Jonàs (Empuries); Marc Cerrudoren Lluny vol dir mai més (Amsterdam); Montse Barderiren La vida autèntica (Columna); Sara Medinaren No em busquis (Rosa dels Vents); Marc Quintanaren Els culpables (Angle); Carles Casajuanaren Últimes notícies del Chaco (Proa); Andreu Clareten 1939 La caiguda de Barcelona (Columna); eta Marius Serrarem Fora de joc a Montserrat (Empuries).

Irailaren 10ean hasi zen Madrilgo 80. liburu azoka eta 26an amaituko da. Gaztelaniaz agertuko diren liburuen artean dira: Belen Gopeguiren Existiríamos el mar (Random House); David Truebaren Queridos niños (Anagrama); Manuel Vilasen Los besos (Planeta); Carlos Marzalen Nunca fuimos más felices (Tusquets); Pedro Zarralukiren La curva del olvido (Destino); Antonio Muñoz Molinaren Volver a dónde (Seix Barral); Arturo Perez Reverteren El italiano (Alfaguara); Gabriela Wienerren Huaco retrato (Random House); Fernando Aranbururen Los vencejos (Tusquets); Jon Bilbaoren Los extraños (Impedimenta); eta Francisco Brines poetaren Donde muere la muerte (Tusquets).

Fernando Aranbururen (Donostia, 1959) Los vencejos (Sorbeltzak) eleberrian, munduarekin haserre dago Toni, eta bere buruaz beste egitea erabaki du. Aukeratu du eguna ere: urtebete barru. Ordura arte, kronika bat idazten hasiko da, batzuetan gogorra eta zakarra, besteetan samurra eta umoristikoa. Halaxe azalduko zaizkio gurasoak, anaia jasanezina, emazte ohia, Nikita semea, Patachula adiskidea, Pepa zakurra. Eta ustekabean... Ageda.

Nobela laburra da Jon Bilbaoren (Ribadesella, Espainia, 1972) Los extraños (Arrotzak). Getxon bizi den idazleak (Bizkaia) kostaldean kokatu du bere kontakizuna. Etxalde batean bizi den bikoteak lehengusu baten eta berarekin dabilen neskaren bisita izan du. Bazkaldu eta afaldu, whiskia edan, herrian paseatu... denak normala dirudi, harik eta ohiz kanpokoa izaten hasten den arte.

Itzulpenen artean iragarri dituzte: Ali Smith, Sigrid Nunez, Jonathan Franzen, Paul Auster, Margaret Atwood, Alaa al Aswani, Rachel Cusk eta Douglas Stuart.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.