Euskararen azken bidegileak

Joxe Arratibel, Miren Jone Azurza, Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi' eta Xole Erbitiren bizitza eta lana jaso dituzte Bidegileak bilduman. Lau biografiokin amaitu du egitasmoa Eusko Jaurlaritzak

BIDEGILEAK.
mikel lizarralde
Donostia
2020ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Amaierara ailegatu da Bidegileak bilduma. Eusko Jaurlaritzak 1987an jarri zuen abian proiektua, euskalgintzan nabarmendu diren norbanakoen eta taldeen biografia laburrak jasotzeko helburuarekin, eta, orduz geroztik, launa liburuxka biltzen dituzten 68 sorta argitaratu ditu. 272 biografia orotara. Azkenekoak atzo bertan aurkeztu zituzten: Joxe Arratibel Zurutuza. Kontalari aparte, ahozkotasunaren gordailu paregabea —Miel A. Elustondok idatzia—, Miren Jone Azurza Aristegieta. Kazetari aitzindaria —Elixabete Garmendia—, Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi'. Gizon polifazetikoa eta intelektual osoa —Jose Luis Ormaetxea Lasaga Txipi— eta Xole Erbiti Arbilla. Lehen euskara teknikaria —Alberto Barandiaran—.

Bidegileak bildumako azken-aurreko hiru sortak 2013an argitaratu zituen Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, eta orduan bukatutzat eman zuen egitasmoa. Nolanahi ere, azkeneko sorta bat, lau biografia biltzen zituena, argitaratu gabe gelditu zen garai hartan, eta, atzo Estibaliz Alkorta Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak aitortu zuenez, Garmendiaren ekinari esker kaleratu dute orain.

Bidegileak bilduma asmo jakin eta zehatz batekin jaio zen: euskalgintzan aitzindari izan diren pertsona eta taldeen pentsaera, bizitza eta lana ezagutaraztea. «Ezin dugu ahantzi nondik gatozen , ezta nor garen ere. Eta horretarako tresna ezin hobea da Bidegileak bilduma», adierazi zuen Alkortak, eta gaur egungo belaunaldientzat ere baliagarria izan daitekeela gaineratu: «Belaunaldi berriek horren bidez aukera izan dute euskararen bilakaeraren berri izateko». Hain zuzen ere, Alkortak nabarmendu zuen «euskara batuak eta euskararen erabilerak hezkuntzan, hedabideetan, administrazioan eta gizarteko beste esparruetan» izandako garapena azken 30 urteetan erakunde publikoek eta euskalgintzak euskara biziberritzeko egindako lanaren emaitza direla .

Bidegileak bildumako lehen zuzendaria Joseba Intxausti izan zen, eta gero Mikel Atxagak eta Jerardo Elortzak hartu zuten beren gain lan hori.

Orain arte argitaratutako liburuxka guztiak bezala, formatu fisikoan atera dituzte (2.300 ale), eta euskadi.eus webgunean ere eskura daude aleen PDFak.



Joxe Arratibel Zurutuza
Kontalari aparta, ahozkotasunaren gordailu paregabea

(ATAUN, 1923 - ESTIBALIZ, 2011)
Egilea: Miel A. Elustondo

Idazle eta fraide beneditarra, Joxe Arratibel Zurutuza «kontalari aparta» izan zen, Miel A. Elustondo biografiaren egilearen iritziz. Ataunen jaioa (Gipuzkoa) 1923an, hainbat urtez Estibalizko fraidea izan zen. Haurtzaroan etxeko eta auzokoengandik ipuin zahar asko entzun eta ikasi zituen, eta, Jose Maria San Sebastian Latxaga apaizak eskatuta, istorio horiek idazten hasi zen. Hain zuzen ere, Kontu zaharrak (La Gran Enciclopedia Vasca, 1980) liburuan bildu zituen ipuin haietako asko. Handik aurrera beste hainbat liburu argitaratu zituen: Mari Xor eta beste, Dirua neurtzeko ontzia... 2008an plazaratu zuen Izugarriak (Pamiela), bere azken lana. «Desagertzeko zorian dagoen kontalarien espezieko kide miresgarria izan zen».



Miren Jone Azurza Aristegieta
Kazetari aitzindaria

(DONOSTIA, 1929)
Egilea: Elixabete Garmendia

Euskarazko kazetaritzan aitzindaria izan zen Miren Jone Azurza, «lehenengo emakume kazetari tituluduna», Elixabete Garmendia haren biografiaren egileak azpimarratu duenez. Aitzindaria izan zen «halabeharrez»; edo, Garmendiak dioenez, «aitzindari izaten asmatu zuen».

Zeruko Argia astekariaren zuzendari izan zen 1969tik 1975era, eta garai hartan hasi ziren aldizkarian idazten Luis Alberto Aranberri Amatiño eta Mikel Atxaga. 1977an, Deia egunkari sortu berrira pasatu zen, eta han Juan Olalde ezizenarekin sinatutako iritzi artikuluak idatzi zituen. Gero, 1990etik 1996ra, Jose Maria Setien Donostiako gotzainaren prentsa arduraduna izan zen.

Ohorezko euskaltzain izendatu zuten.



Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi
Gizon polifazetikoa eta intelektual osoa

(DONOSTIA, 1929-2012)
Egilea: Jose Luis Ormaetxea Lasaga

Alderdi asko jorratu zituen Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-k, eta haiei guztiei erreparatu die Jose Luis Ormaetxea Lasagak haren biografian. «Politika kontuak aipatu ditugu, baina ezin dugu ahaztu Txillardegiren motor nagusia hizkuntza zela, euskara. Esango nuke euskara dela bere lan, borroka eta jarduera guztien gunea».

Ormaetxeak berak harremana izan zuen Txillardegirekin, eta gogoratu du bere ideiak defenditzeko orduan «gogorra» zela, «erradikala Sartreren bidean», baina baita izaera apal eta samurrekoa ere. Bestalde, harekin bi bidegabekeria egin direla iritzi dio: «Euskaltzain oso ez izendatu izana eta Gasteizko filologia fakultatean irakasle aritzeko aukera eman ez izana».



Xole Erbiti Arbilla
Lehen euskara teknikaria

(ULTZAMA, 1942 - IRUÑEA, 2009)
Egilea: Alberto Barandiaran

Irakasletzan eta Zuzenbidean lizentziaduna zen Xole Erbiti, eta Nafarroan sortutako Euskara Atalaren lehen euskara teknikaria izan zen, 1973tik aurrera. Frankismoaren azken urteak ziren, eta ordurako Nafarroako Diputazioa euskarari gutxieneko berme instituzionala emateko ahalegina egiten hasia zen, Pedro Diez de Ulzurrunek, Jose Maria Satrustegik eta Miguel Javier Urmenetak egindako lanaren ondorioz.

Erbitiren biografiaren egile Alberto Barandiaranek gogoratu du euskara teknikari gisa irakasleentzako ikastaroak prestatu zituela, sortzen ari ziren ikastolek eta eskola publikoetan euskaraz ordu batzuk emateko hizkuntza ondo zekiten irakasleak behar zirelako.

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.