Albistea entzun

«Dena aldatzeko» premiak elkartuta

II. Batzar Nazionala egin berria du Lanarteak, Euskararen Langile Profesionalen Elkarteak. Diziplina desberdinetan aritu arren, antzeko arazoekin topo egin ohi dute euskaraz ari diren kultur sortzaileek, eta horiei elkarrekin heltzeko nahiak batu ditu. Lana hasi besterik ez dela egin diote.
Ezker-eskuin, Miel A. Elustondo, Arkaitz Miner, Amagoia Gurrutxaga eta Maite Gurrutxaga.
Ezker-eskuin, Miel A. Elustondo, Arkaitz Miner, Amagoia Gurrutxaga eta Maite Gurrutxaga. ANDONI CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Sarasola -

2021eko azaroak 11 - Errenteria

Ideia abstraktu batek ez, euskal kulturgile baten kasu jakin eta gordin batek piztu zuen «lehen metxa», Miel A. Elustondok gogoan duenez. «Idazlea zen, itzultzailea, kazetaria... eta ez zeukan logela ordaintzeko lain. Logela! Ez pisua, eta hala ere. Kontua da haren egoera bertsuan bizi ginela euskararen langile autonomook». Beste askoren arazo ere izan zitekeen horrek elkartzera bultzatu zituen zenbait sortzaile. «Geure buruari laguntzeko premia gorri horretatik sortu zen Lanartea, gure lan eta bizi egoerak duintzeko helburuz». 2019an egin zuen lehen batzarra Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkarteak, eta orain berri bigarrena. Diziplina desberdinetan aritu arren, arazo berak topatzen dituzte kultur sorkuntzan euskaraz aritzen diren langileek. Eta horiei elkarrekin heltzeko eta irtenbideak bilatzeko nahiak bildu ditu Lanarteak.

Lau lagun agertu dira topaketara, bi batzarrok lotzen dituen haria eta aurrera begirakoak azaltzera. Ahots kolektiboa ozendu nahi dutelako; nork bere bizipenetatik, baina batasunez. Lanarteko kide dira Elustondo kazetari, idazle eta itzultzailea (Azpeitia, Gipuzkoa, 1958), Arkaitz Miner musikaria (Errenteria, Gipuzkoa, 1976) eta Maite Gurrutxaga irudigilea (Amezketa, Gipuzkoa, 1983); eta elkartearen koordinatzaile lanetan ari da Amagoia Gurrutxaga kazetaria (Azpeitia, Gipuzkoa, 1971). Diziplinarteko dinamika artikulatu nahi dute elkartearen bitartez. Aspaldikoak baitira arazoak, eta egunerokoan eragiten baitiete denei, era batera edo bestera. Gero eta nabarmenago, gainera. Diziplina ezberdinetako euskararen profesionalak zerk batzen dituen azaldu du Elustondok: «Hau dena aldatzeko premiak eta gogoak. Lege absurdoak, araudi lotsagarriak, xantaiak, abusuak, bazterketak, murrizketa ekonomikoak... Euskaraz sortutako kulturaren barruan dauden injustiziek batzen gaituzte». Adibiderako, aipatu dute EAEko hiru ogasunek irizpide desberdinak dituztela kultur jarduera berei buruz. «Honek ere batzen gaitu, probintziakeriaren desgrazia honek». Kulturgileen lan arloko gabeziei euskaraz aritzeak dakartzan berezitasunak gehitzen zaizkiola gogorarazi du Minerrek. «Hizkuntzaren lantegietan dihardugu, hizkuntza bera indartzen gure sormenarekin. Baina gure hizkuntza subordinatua dago legez eta arauz eta arduradun politikoen utzikeriaz. Kultura hitza erabili, bai; kultura sortzen dugunok nola egiten dugun lan, ideiarik ere ez. Sortzaile profesional asko larri dabil, lehendik geundelako baztertuak eta sakabanatuak», salatu du Elustondok. Duintasunez bizi besterik ez dutela nahi nabarmendu du, eta «sindikatu batek bezala» hitz egin beharra aldarrikatu.

«Sortzaileon artean aspalditik hitz egin izan dugu gure lanbidean ditugun desorekez, ekonomikoki dauden alde txarrez... Eta poliki-poliki horiek ordenatzeko helburuz sortu da elkarte hau», azaldu du Minerrek. Elustondok ere gogoan du nola lagunartean «dirurik ez, baina ondo» dabiltzala esan izan dioten elkarri maiz. Halako solasaldi informal batean atera zen sortzaile haren kasua, biltzera mugiarazi zituena. Hala iritsi zen I. Batzar Nazionala, 2019ko maiatzean. «Ilunpean zegoen, eta dagoen, langile mota bat argitara ekartzea zen lehen asmoa: euskara lantzen duen sortzaile profesionala, autonomoa bereziki. Prekaritatean egiten dugu lan; ahal den moduan bizi gara».

Bidea urratzen hasi eta hilabete batzuetara, pandemia heldu zen. Hein batean geldialdia ekarri ziena —erabatekoa izan ez bada ere—, baina aldi berean sortzaileen egoera ageri-agerian jarri zuena gizartearen aurrean. Pandemia aurreko arazoak hor zeuden oraindik, ordea, eta haiei heltzeko premiak ere bai. Eta testuinguru horretan iritsi zen II. Batzar Nazionala, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean 40 sortzaile inguru bildu zituena urriaren 30ean. Batzarra «oso interesgarria» izan zela uste du Maite Gurrutxagak; musika, literatura, kazetaritza, ilustrazioa, bertsoa, ikus-entzunezkoak... arlo askotako langileak elkartu izana nabarmendu du. «Han bildu ginenon kezka, lehentasun eta ideietatik atera ditu Lanarteak aurrera begirakoak. Esan genezake batzarrean entzundakoek norabide bat zirriborratu digutela, eta bide horretan aritzea da asmoa orain».

Hainbat aurrerapauso

Bi urte eta erdi igaro dira Lanarteko bi batzarren artean. Baina bitarte horretan kulturgileak ez dira geldirik egon. «Orain arte, euskararen lanbide profesionalak bata bestearekin harremanetan jartzen jardun dugu, alor bakoitzaren egoera aztertzen, haien zerbitzurako tresnak eraikitzen, eta Lanartearen egitura bera indartzen», azaldu du Maite Gurrutxagak. Lehen bileraren ondorioetako bat «nolabait antolatu beharra» zegoela izan zen, irudigileak erantsi duenez, eta irabazi asmorik gabeko elkarte egitura hartzea izan da mandatu horren emaitza. «Altxatzen dugun estalki berri bakoitzeko topatzen dugu uste ez genuen katramila bat. Landu behar dugun eremuaren handiaz jabetu gara. Koordinazio baterako lanak abiatu ez ezik, orain gehiago dakigu alorren premia espezifikoez ere».

Apirilean hasi zen Amagoia Gurrutxaga elkartearen koordinatzaile lanetan, eta lehen batzarrerako eginda zeuden arlokako diagnostikoen osagarri, sektoreko norbanako eta elkarteekin biltzeari ekin zion. «Ikuspegiak kontrastatu, informazio trukerako bideak ireki eta behar komun batzuk detektatuz gero elkarrekin zer egin genezakeen ikustea zen asmoa». Bertsozale, EIE, EIZIE eta Galtzagorri elkarteekin hasitako bideari esker, esaterako, fiskalitatearen arloko bi neurri aurkeztu dizkiote Eusko Jaurlaritzari.

Sektoreko langileen egoera «hain ziurgabea eta babesgabea» izatea ez zuen espero Lanartearen koordinatzaileak. «Erabat erromantizatutako irudi baten pean bizi den sektore bat aurkitu dut: artista herriari zor zaion eta plazer momentutik momentura bizi den ez-langile bat da jende gehienarentzat. Eta egia da plazeretik eta bokaziotik ere baduela haien lanak, baina autonomo egin eta sortzetik eta interpretatzetik bizitzea erabaki dutenek, errealitatean, hamaika lan onartu behar dituzte hila berdinduko badute». Beste lanbide bat izan eta tarte libreetan sortzen edo interpretatzen dutenak gehiengo dira, hala ere. «Diruaz hitz egitea tabua da askorentzat, eta beren lanak ere diru balioa baduela esatea deserosoa, nekeza egiten zaio oraindik ere profesional ugariri. Deserosotasun induzitua da, jakina».

Egileen eta artisten artean Gurrutxagak jasotako kezkak hauek dira, besteak beste: langile izaera ez zaiela aitortzen; babesgabe eta ezjakin sentitzen direla dagozkien eskubideen arloan; erakunde publikoek, lana ematen dietenean, ardura gehiegi uzten dutela haien gain; legedia egin duenak ez ezik, legedi hori interpretatu behar duenak ere ez dakiela ia ezer haien lan baldintzez eta beharrez; euskarazko kultur produkzioa babesteko neurriak ez direla hartu nahi... eta beste hainbat.

Kezka horiek denak azaldu ziren, berriro ere, Azpeitiko batzarrean. Han bildutako kulturgile ia denek berretsi zuten, esaterako, burokrazia kontuak aurrera eramateko arazo ugari izaten dituztela sektoreko langileek, eta horiei irtenbidea emateko aholkularitza zerbitzu espezializatu bat premiazkoa dela belaunaldi guztietako artistentzat. Premia hori asetzea lehentasuntzat hartu du elkarteak. Orain, oinarrizko eginbide administratiboetarako prestakuntza ikastaroak ari dira lantzen. Webgunea ere atondu dute, www.lanartea.eus: sortzaileek beren kezkak, informazioa eta gogoetak bideratzeko tresna eta elkarren arteko laguntza zerbitzu izatea nahi dute.

Aurrera begira jarrita

Lanarteak barruko nahiz kanpoko lanak ditu orain esku artean. Barrura begira, bazkideekiko harremanak bideratu nahi dituzte, webgunearen laguntzaz. «Kanpora begira, gizarte segurantzak, fiskalitateak, artistaren estatutua eta gainerakoak bideratzeko, seguru da alderdi politikoekin hitz egiteko garaia helduko zaigula».

Espainiako Gobernua prestatzen ari den artistaren estatutuaz gain, lantzen ari den beste lege bat ekarri du gogora elkartearen koordinatzaileak: ikus-entzunezkoena. «Hizkuntza gutxituez ahaztu egiten dira beti». Eusko Jaurlaritzak iragarria duen Euskal Artistaren Estatutuaren mamia ez dutela ezagutzen azaldu dute elkarteko kideek. «Sektoreko langileokin ez dute ezer kontsultatzen, ezta guri aplikatuko dizkiguten arauak egin behar dituztenean ere. Ulertzen ez gaituzten eta ulertzen ez ditugun legeak ditugu. Balizko estatutu horrek euskararen langileok aintzat hartu behar gaitu». Alderdi politikoekin landu beharreko gaia izango dutela argi dute: «Ez dago erraz, ikusirik kulturarekiko, oro har, eta euskararen kulturarekiko, oroz gain, ageri duten sentsibilitate eta ezagutza eskasa. Azken urteotan, euskararen aldagaia kultur sistemaren eta zirkuitu ekonomikoaren ekuaziotik desagertzen ikusi dugu. Erakunde politikoek sustatutako desagertze bat da. Euskara bera kultur panoramatik eta zirkuitu ekonomikotik kanpo ikusten da gero eta gehiago».

Hortxe ageri da euskararen subordinazioa, elkartekideen ustez. «Gure kasuan, euskararen egoera gutxitua egonik eta gu euskaraz ariturik, ezinbestekoa zaigu euskararen aldeko indarrekin elkarlanean aritzea». Eusko Jaurlaritzak aurten ere kulturara bideratutako aurrekontuaren erdia EITBra joango dela ekarri dute gogora Lanarteakoek, eta erantsi ente publiko horrek, «ardura publikoagatik», euskarazko kulturari ikusgarritasuna, prestigioa eta hauspoa zor dizkiola.

Euskararen kulturgileak lurralde administratibo desberdinen menpe aritzeak ere prozesua zailduko duela jakitun daude, baina «artikulatzen, galdetzen, kritikak jasotzen eta eragiten» segituko dutela adierazi dute. «Lehen kontaktua izan dugu Eusko Jaurlaritzarekin, eta Nafarroako Gobernuarekin ere izango dugu. Gu aintzat hartzen gaituzten langile sindikatuekin eta gure lanean gertatzen zaizkigun udal, kultur teknikari eta programatzaileekin ere harremanetan sartuko gara».

Sektoretik haragoko eragileekin ere ikusten dituzte elkarlanerako aukerak. «Hemen ere bada jendea badakiena herri batek, gizarte batek, ezin duela aurrera egin kulturarik gabe». Baina aldi berean sektorea artikulatzen segitu behar dela nabarmendu dute.

Sortzaileei dei egin diete, azkenik, beren egoeraren inguruan gogoeta egiteko eta aldaketaren alde ahal duten ekarpena egiteko, beste inork egingo ez duelakoan. «Erronka latz samarra da, baina ederra da, eta ezinbestekoa ere bai, halako ardurak hartzea». Elustondok laburbildu du asmoa: «Bideak irekitzen jarraitzea besterik ez dago. Jarraituko dugu».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Filmatzea nagoen lekuan egoteko modu dialektiko bat da»

Andoni Imaz

Filmak sortzen dituen artista da, zinemagilea baino gehiago. Eginez egiten du lan, eta konbentzioak desegiten ditu bidean. Bere lana mundu osora zabaldu du; Kaliforniatik urteetan, Euskal Herritik orain.
Raid Awwad, 1987ko argazki batean. ©MAJAZZ PROJECT

Maitasuna eta borroka

Mikel Lizarralde

Palestinan lehen intifada piztu zenean Riad Awwadek grabatutako diskoa desagertuta egon da urte hauetan guztietan. Orain, 'The Intifada 1987' izenburuarekin argitaratu dute.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.