Eternitaterako trobadore

Pablo Milanes kantari kubatarra hil da, 79 urterekin. Kubako troba berriaren aitzindari eta sortzaile izan zen. Iraultza desiratzen zuen; inperialismorik, matxismorik eta homofobiarik gabeko mundu bat

Pablo Milanes, joan den martxoan, Zaragozan (Espainia) emandako kontzertuan. JAVIER CEBOLLADA / EFE.
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Kantuz egin zuen zin betiereko maitatuko zuela, betiereko beharko zuela haren eskua. Kantuz hitzeman berriz ere zapalduko zituela Santiagon inoiz odoleztatuak izan ziren karrikak. Abesti bilduma oparoa ondu zuen Pablo Milanesek (Bayamo, Kuba, 1943 - Madril, 2022), eta ahots eztiz interpretatu zituen horiek guztiak urteetan. Kubako troba berriaren aitzindari eta sortzaileetako bat izan zen. Atzo goizaldean hil zen, 79 urterekin.

Minbiziak jota zendu da kantautorea. Hainbat urte zeramatzan gaixoaldian, eta, hain zuzen ere horregatik, Madrilen bizi zen duela lauzpabost urte, eritasunaren kontrako tratamendua jasotzeko. Abeslariaren sare sozialak baliatuta eman dute haren heriotzaren berri: «Oroimenean izanen da eternitaterako».

Milanesek 40 album kaleratu zituen bakarlari gisa. 1973an lehenbizikoa: Versos sencillos de Jose Marti. 2019an azkena: Standards de Jazz. Ibilbidean, haren kantu askok jo dute goia, bai Kuban, bai handik kanpo ere. Hark idatziak dira, adibidez, Yolanda, El breve espacio eta Ámame como soy abesti ezagunak. Sarri aitortu diote eginiko ibilbidea: 2005ean, Kubako Musikaren Sari Nazionala eman zioten; 2006an, bi Grammy Latino irabazi zituen; eta 2015ean, Bikaintasun Musikalaren garaikurra jaso zuen, Grammy Latinoetan hura ere.

Troba eta 'filin'-a

1950eko hamarkadan, Milanes Habanara joan zen bizitzera, sorterria utzita, eta kontserbatorioan eman zuen izena. Bertako musika herrikoiak erdiz erdi hartu zuen artista, eta guztiz baldintzatu haren konposatzeko manera. Garai hartan, gainera, filin musika estiloak harrapatu zuen. Ingelesezko feeling-etik dator, eta ezaugarri bat du ardatz: sentimenduek gidatzen dute interpretazioa, eta, hala, estutu egiten da kantariaren eta entzulearen arteko hutsartea, komunikazioa zuzenagoa baita. Halaber, doinu horietan berebiziko garrantzia izan zuten AEBetatik ailegaturiko bi korrontek: jazzak batetik, eta kantu erromantikoak bestetik. Milanesek gogoz bereganatu zituen joera horiek.

Hain justu, antzinako troba eta jazzaren harmonia konplexuak uztartuta erdietsi zuen bere estiloa. Oholtzan, ohikoa zuen soiltasuna: gitarra bat eta ahotsa izaten ziren, sarritan, elementu bakar.

Ahots leunez eta mugarik gabe egiten zion kantuan maiteminari, eta hitzetan azaltzen zuen sentiberatasuna da, ezbairik gabe, haren musikaren zigilu nabarmenetako bat. Dena dela, maitasunari buruzkoak ez ezik, grinez baina emeki ezpainetaratu zituen beste gai askori loturiko mezuak ere: zahartzaroa, aberria, inperialismoaren aurkako borroka, zoriontasuna, etsipena eta ezinegona, kasurako. Bere garaiaren kronikagilea izan zen, finean.

Iraultzari ere egiten zion kantuan; ez nolanahikoari, dena dela. Hain zuzen ere, azken urteotan, Milanes aski kritikoa izan zen Kubako sozialismoarekin. BERRIAk 2013an elkarrizketatu zuen abeslaria azken aldiz, eta, herrialdean aldaketa politikorik behar ote zen galdetuta, honela erantzun zuen kubatarrak: «Uste dut iraultzek ismo-etan pentsatzeari utzi behar diotela, eta soilik iraultzetan pentsatu, besterik gabe. Ismo-ek politikara eramaten dute beti, eta politika guztiz galgarria da iraultzarentzat, kontzesio asko egiten dituelako. Ustelkeriara eramaten du, gaiztotu eta doilortu egiten da. Egin behar dena iraultza da».

Milanesen heriotzaren albisteak erreakzio andana eragin du zaleengan, bai eta, jakina, trobadorearekin harreman estua izan zuten zenbait artistarengan ere. Besteak beste, askoren bihotzak ukitu ditu Silvio Rodriguezek inoiz lagun min izandakoari eskainitako argitalpenak. Bien arteko harremana aspaldi zen hoztua, Kubaren egoera politikoari buruz iritzi desberdinak zituztelako, batik bat. Ordea, Rodriguezek omenaldia egin dio Milanesi. Pablo izeneko kantua sortu zuen 1969an harentzat; sekula ez zen kaleratu publikoki, eta, orain, blogean argitaratu ditu hitzak. Honela dio abestiak: «Behinola ezagutu zintudan / heriotzari bularra tarrataka ari zinela. / Ez zenekien deus / baina zeu zinen hura eskutik zeramana».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.