'Egunkaria auzia'. Auzi ekonomikoa

Bukatzera doa

'Egunkaria'-ren auzi ekonomikoa artxibatu du Donostiako Zigor Epaitegiak, ustezko delituak preskribatuta daudelako.Bost eguneko epea du fiskaltzak helegitea jartzeko

Martin Ugalde kultur parkean 2011n eginiko ekitaldi bat; pankartari eusten, auzi ekonomikoan auzipetutako batzuk. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
2014ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Begi bat zabaldu dute, baina erabat esnatu nahi dute, hamaika urte iraun duen amesgaiztotik, Egunkaria auziaren bi sumarioetan auzipetu dituzten hamar lagunek. Auzi nagusiko bostak absolbitu egin zituzten, Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitu ondoren. Orain, auzi ekonomikoa deiturikoan, epaiketa ez egitea erabaki du Donostiako Zigor Epaitegiak, auzipetuei leporatutako ustezko delituak preskribatuta daudela iritzita.

Zortzi lagun daude behin betiko erabakiaren zain: Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu, Begoña Zubeltzu, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Txema Auzmendi. Fiskaltza izan da akusazio bakarra, Dignidad y Justicia elkartea prozeduratik kanpo utzi ostean, auzia nagusia amaitu eta Auzitegi Nazionalak ebatzi ondoren auzi ekonomikoa deiturikoak «delitu terroristekin» zerikusirik ez duela. Nolanahi ere Espainiako Estatuaren ordezkariak eutsi egin dio akusazioari. Kasu honetan, zortzi auzipetuei diru kontuak faltsutzea eta diru laguntza publikoak eskuratzeko iruzur egitealeporatu die. Hori mantendu du ustezko delitu horietan kaltetuak —Eusko Jaurlaritzak— birritan aurkakoa esan duen arren.

Baina fiskaltzak ahozko epaiketa egitearekin tematuta jarraitu badu ere, auzia behin behinean artxibatzea erabaki du Donostiako Zigor Epaitegiko 3. Salak, eta horren jakinarazpena jaso zuten atzo auzipetuen defentsek. Maiatzaren 23ko data du autoak; horren bitartez, Carmen Zubimendi epaileak erabaki du epaiketa ez egitea, abokatuek ahozko saioa egin edo ez aztertzeko apirilaren 7an eginiko saioan emandako argudio nagusia aintzat hartuta:ebatzi du ustezko delituak preskribatuta daudela. Orain, ikusteko dago fiskaltzak erabakiaren aurka helegitea jartzen duen edo ez. Apirileko saioan agertu zuen jarrerari eusten dion edo ez. Orduan, esan zuen auzia bertan behera uzteko «baliogabetasun, preskripzio eta urratze eskaera ororen» aurka azalduko zela. Ikuskizun dago orain epailearen erabakiarekin gauza bera egiten duen edo ez.

Gehienez bost eguneko epea dauka, eta Gipuzkoako Lurralde Auzitegira jo behar du horretarako. Iñaki Subijana auzitegi horretako presidentearen eskuetan utz dezake pilota fiskaltzak. Bi aukera ditu: batetik, erreforma helegitea aurkeztea eta, aldi berean, apelazioa jartzea —hiru eguneko epea du helegitea soilik aurkezten badu, eta bostekoa, helegiteaz gain apelazioa aurkezten badu—, eta, bestetik, zuzenean apelazioa aurkeztea —bost eguneko epea—. Gipuzkoako Auzitegiak aztertuko ditu fiskaltzaren eskaerak. Erreforma helegitea aurkezten badu, Zubimendiren esku utziko du erabakia. Apelazioa bada, Subijanak osatu beharko du hiru epaileko mahai bat apelazioa onartu edo ez erabakitzeko. Azken erabakia, beraz, datorren astera arte luza daiteke. Auzipetuak, halere, itxaropen mezuak helarazi dituzte. Defentsak ere baikor azaldu dira. Uste dute oinarri sendoa duela erabakiak. Ustezko delituen preskripzioa argi geratu dela.

Fiskaltzaren jarrera, agerian

Argudio hori izan da, hain zuzen ere, Zubimendi epailearen autoaren ideia nagusia. Eta hori izan zen apirilean eginiko aurretiazko saioan defentsek erabili zuten argudio nagusia. Oinarrizko eskubideen urratzeak, akusazioak proposatutako lekuko eta perituen baliogabetasuna eta beste hainbat arrazoibide ere erabili zituzten auzia bertan behera utzi eta auzipetuan absoluzioa eskatzeko. Epaileak, halere, ez du beharrezkotzat jo horiei buruz iritzia ematea. «Ustezko delituen preskripzioak ez beharrezko bihurtzen du aurretiazko saioan planteatu ziren [beste] eskaerei buruzko iritzia ematea», idatzi du autoan.

Saio horretan, baliogabetze eskaera guztien aurka zaldu zen fiskaltza, baita preskripzioaren kontra ere. Defentsek erabilitako argudioen aurrean, zalantza uneren bat ere agertu zuen egun hartako saiora azaldu zen ministerioaren ordezkaria —fiskal bat baino gehiagok parte hartu du prozesuan—. Saioa une batez eteteko ere eskatu zion epaileari, kontsulta batzuk egiteko. Tarte horren ostean, eutsi egin zion ezezkoari: esan zuen legearen interpretazio «oso zurruna» egin zutela abokatuek, eta hori maiz eginez geroepaiketa gutxi egingo liratekeela. Epaileak, azkenenean, bat egin du defentsen ikuspegiarekin. Eta legeari jarraiki, irizpide onuragarriena hartu du auzipetuentzat.

Defentsek erakutsitako jurisprudentzia eta zigor kodeen erreformetan oinarrituz, epaileak ondorioztatu du auzipetuei leporatzen zaizkien ustezko delituak preskribatuta daudela. Egin zirela frogatuta ere, duela 16 eta 13 urtekoak direla eta delitu horiek bost urtera preskribitzen dutela. Fiskaltzaren arabera, baina, Auzitegi Nazionalak 2003an eta gerora kaleratu zituen autoek etengo lukete preskripzioa. Epaileak ez du aintzat hartu ikuspuntu hori; besteak beste, auto horietan auzi ekonomikoarekin zerikusirik ez duten hainbat lotura egin zituelako instrukzio epaileak. Horietako bati aipamena eginez honako hau dio: «Auto horrek ez du zehaztasun bakar bat ere egiten auzi honetan delitu gisa [kontuen faltsutzea eta iruzur fiskala] har daitezkeen egitateei buruz». Eta: «Zehazgabetasuna erabatekoa da [...] Kalifikazio —larriak— egiten ditu, baina ez du horietara iristeko behar diren gertakari zehatzen berri ematen. Eta, jakina, ez du datarik aipatzen ezta zenbatekorik ere diru laguntza publikoei buruz edo iruzur egindako kopuruari buruz».

Zeharka bada ere, Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko epaile ohiaren instrukzio ezbaian jarri du Donostiako epaileak. Baina baita fiskaltzaren jarrera ere. Agerian utzi du auzi ekonomikoaren akusazioa eraikitzeko orduan Guardia Zibilaren txostenetan oinarritutako autoak erabili dituela, jakinda auziarekin zerikusirik ez duten eta auzi nagusian frogatu ez diren egitateak jasotzen dituztela.

Horrekin batera, epaileak gogoratu du ustezko kaltetuak ere uko egin ziotela auzian parte hartzeari, eta deliturik ez zela azaldu zutela txosten sendoen bidez. Zehazki, Egunkaria-ri emandako diru laguntzak legezkoak zirela jasotzen duten bi txosten utzi zituzten aldeen esku: 2012an, Patxi Lopezen gobernuaren Kultura Sailak eginikoa bata; eta bestea, Iñigo Urkulluren gobernuko Ogasun eta Finantza Departamentuak, 2013an. Biak fiskaltzaren eskuetan dauden arren, ez du horiei buruzko azalpenik eman, eta ez ditu kontuan hartu bere akusazioetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.