Memoria historikoa

Memoriak galdu zituen paperak

Durangoko bonbardaketaren ondoren, 84 hildako sartu zituzten bi hobi komunetan. Handik egun batzuetara, lurperatuen zerrenda desagertu zen. Hildakoen senideen bila dabiltza orain.

Carmen Ereño eta haren senarra. BERRIA.
jone arruabarrena
Durango
2021eko abenduaren 9a
00:00
Entzun

Durango, 1937ko martxoaren 31. Italiako Aviazione Legionariako hegazkinek egun horretan eta herri horretan bertan jaurti zituzten bonbak. Ez zen lehen aldia; hilabete batzuk lehenago Otxandio bonbardatu zuten, eta aste batzuk geroago etorri zen Gernikako bonbardaketa ere (denak Bizkaian). Durango, 1937 martxoak 31. Horrela du izena Gerediaga elkarteko historialari Jon Irazabalek 2001. urtean argitaratu zuen liburuak ere. Bertan azaltzen denaren arabera, garai hartako Euzko Jaurlaritzako Justizia Sailak dokumentu bat argitaratu zuen bonbardaketa gertatu eta egun batzuetara. Orduan 127 pertsona hil zirela jaso zuen, eta guztiak Durangoko hilerrian lurperatu ziren, dokumentuan ageri denez: 42 gorpu, 1 zenbakidun hobi komunean; eta beste 42, 2 zenbakidunean. Gainerakoak familiako hilobi edo panteoietan sartu zituzten.

 

Hobi komunetan sartu baino lehen identifikatu zituztenen izenak argitaratu ditu orain Durangoko Gerediaga elkarteak, helburu bati jarraikiz: inork erreklamatu ez zituen pertsona haien familiartekoak aurkitzea. Horretan dihardu orain elkarteak, bonbardaketan hil zirenen jatorria argitzeko eta pertsona haiek modu duinean oroitzeko.

Hala ere, Euzko Jaurlaritzak hasieran 127 hildako zenbatu zituen arren, geroago handituz joan zen zerrenda hori, bonbardaketan larri zauritu eta hurrengo egunetan hil zirenekin batez ere. Azkenik, 276 hildako ageri ziren behin betiko zerrendan. Jon Irazabalek egindako ikerketen arabera, ordea, 336 izan ziren hildakoak. Batzuk momentuan, beste batzuk geroago, eta beste batzuk hilerrira bidean, bonbardaketan hildakoak identifikatzera zihoazela, frankistek metrailarekin eraso baitzieten.

Hobi komunetan lurperatu zituztenei dagokienez, Euzko Jaurlaritzak argitaratutako zerrenda horretan 84 pertsona bazeuden ere, 48 pertsonaren izen-abizenak soilik ageri ziren. Ez zuten lortu gainerakoak identifikatzerik. Baina nondik lortu zituen Jaurlaritzak datuok? Hobiotan lurperatutakoen zerrenda bakarra egin zen egun hartan, Durangoko hilerrian lurperatutakoen erregistroan, hain zuzen. Hiru orri bete zituzten hildakoekin, eta, handik egun batzuetara, norbaitek orri haiek erregistro liburutik erauzi zituen. Ez da paper horien berririk gehiago izan.

Irazabalen liburuan agertzen denez, frankistek kendu zituzten orriok, bonbardaketaren frogarik ez uzteko. Hala ere, idatzia argitaratu zenetik urte batzuk igaro dira, eta ordutik iritzia aldatu du egileak: «Momentu honetan, gehiago esango nuke frankistek bainoago garai hartako Euzko Jaurlaritzako norbaitek kendu eta eraman zituela orri horiek. Izan ere, gero, Jaurlaritzak argitaratu zituen izenak, eta susmoa dut Durangoko kanposantuko liburutik hartu, eta gero Bilbora edo beste nonbaitera eraman zirela orri horiek. Suposatu nahiko nuke gaur egun orri horiek partikular baten eskuetan edo tokiren baten gordeta egongo direla».

Liburuan, hala ere, Jaurlaritzak eman zuen zerrenda baino zerrenda osatuago bat ageri da, hildakoei buruzko informazio eta xehetasun gehiagorekin. Horretarako, bibliografian azaltzen ez diren iturrietara jo zuen egileak. «1980ko hamarkadan, Jabi Zurikarai Gerediaga elkarteko laguntzaileak isilka esan zidan berak bazekiela nonbait zerrenda bat zegoela, bai Jaurlaritzak garai hartan argitaratutako izenekin, baina baita informazio gehiagorekin ere».

Irazabalek dokumentuaren kopia bat eskatu zion orduan, baina diktadura bukatu berria zen, eta Zurikaraik esan zion ez zela posible. «Dokumentu hura idazteko makinaz transkribatu zuen Jabik, eta ekarri egin zidan. Esan zidan handik urte batzuetara denbora pasatu eta giroa lasaitzen zenean dokumentu originala utziko zidala, eta emango zizkidala argipen gehiago». Zurikarai, ordea, handik urte batzuetara hil zen, auto istripu batean. Irazabal agiriaren jatorria zein zen jakin gabe geratu zen: «Transkribatutakoak dauzkat, baina oraindik ez dakigu originalak non dauden. Pentsatu nahi dut norbaitek gordeta edukiko dituela oraindik». Pentsatzekoa da Durangoko hilerritik desagertu ziren orriak direla Zurikaraik lortutakoak.

Hamarkadak senideen bila

Eskuz transkribatutako zerrenda hori baliatu dute orain identifikatutako hildakoen familiartekoak aurkitu ahal izateko, baita identifikatu gabe zeudenen izen-abizenak zehazteko ere. Gerediaga elkarteak hartu du lan hori, eta Jimi Jimenezek zuzendu du ikerketa. «Orain, dokumentazio lana egiten gabiltza: jaiotza agiriak, pertsona bat bertan lurperatuta dagoela dioten erregistroak... Eta bestalde, familiak lokalizatzen dihardugu». Sendi batzuek zer jazo zen jakin ahal izan dute. Zenbaitek ez zekiten bere familiartekoa non lurperatu zuten, baina bai bonbardaketan hil zela; beste batzuek, ordea, desagertutzat ematen zuten senidea, edo frontean hil zela uste zuten.

Azken hori da, hain zuzen, Eduardo Blanco Erandioko (Bizkaia) milizianoaren familiari gertatu zitzaiona. Begoña Blancoren aitaren osaba zen Eduardo: «Gogoan dut aita urte askoan ibili zela bere bila. Aitonak ere esan ohi zuen gerra garaian ospitaleetan galdetzen ibili zirela, leku batetik bestera joan zirela bere bila, baina ez zuten inoiz jakin zer gertatu zitzaion». Irazabalek osatutako zerrendan ez ziren ageri Eduardo Blancoren izen-abizenak, baina bai haren miliziano plakaren zenbakia. Horren bidez argitu ahal izan dute Blanco Durangoko bonbardaketan hil zela, eta gero hobi komunean ehortzi zutela.

Conchita Andrade Loma ere bere anai-arreba nagusi Benigno eta Carmentxurekin joan zen mezatara, haien amarekin batera, bonbardaketaren egunean. Bertan zeuden laurak lehergaiak erortzen hasi zirenean, eta anai-arreba nagusiak onik atera ziren, elizako aitorlekuan aterpe hartu zutelako. Conchita, berriz, momentuan hil zen, eta ama larri zauritu. Ikerlariek jakin izan dutenez, azken hori Basurtuko ospitalera eraman zuten, eta bertan zendu zen; Derioko hilerrian hobiratuta dago orain.

Fernando Iñiguez Andrade Madrilen bizi da, eta duela aste batzuk jaso zuen Gerediagaren deia, hain zuzen, Conchita Durangoko hobian zegoela jakinarazteko. «Nire osaba-izeba Ninok [Benigno] eta Carmentxuk ez zuten inoiz gerrari buruz hitz egiten. Bagenekien arreba txikia Durangoko bonbardaketan hil zitzaiela, bertan bizi zirenean harrapatu zituela gerrak. Baina ezer gutxi gehiago».

Andrade-Loma senar emazteak hiru haurrekin. Familiak utzitako argazkia

Hala ere, Iñiguez gaztetan osabaren etxera joan ohi zen udan, eta orduan bai, afalondoan batzuetan gerrari buruz kontatzen zizkionak oroitzen ditu: «Nire osabak 12 urte izango zituen bonbardaketa gertatu zenean. Kontatzen zidan korrika joan zela aitorlekura, baina Conchitari ez ziola astirik eman, eta elizako habe batek azpian harrapatu zuela».

Umeen aita ere handik gutxira desagertu zen, eta bi anai-arrebak Burgosen bizi ziren osaba-izebek hartu zituzten etxean; Iñiguezen aitona-amonek, hain zuzen. Bertan bizi izan zen Benigno. Carmentxu, berriz, Durangora itzuli zen, eta barrutegiko moja egin zen. «Duela pare bat urte hil zen, eta osaba ere duela hamar urte. Bietako batek ere ez zuen gerraren inguruan hitz egin nahi izaten».

Carmen Guerraren sendian ere tabua izan da gerra. «Gure familian inoiz ez dute horretaz hitz egin, baina nire lehengusinak eta biok gehiago jakin nahi genuen, eta gure kabuz ikertzen hasi ginen. Irazabalen liburua irakurri nuen nik, eta bertako zerrendan jada agertzen zen Viuda de guerra izendatu zuten emakume bat».

Ikertzen jarraitu zuten, eta antzeko beste dokumentu eta erregistro batzuk aurkitu zituzten, baina guztietan ageri zen Viuda de guerra izena. 1936ko gerra ikertu duten gainontzeko ikerlariek interpretatu zuten esamolde horrek gerrako alarguna adierazi nahi zuela, baina Guerrak eta lehengusinak argi ikusi zuten: «Susmoa geneukan gure familiako norbait zela. Guerra abizena zuen norbaiten alarguna. Azkenean ausartu ginen etxean galdetzera, eta, bai, esan ziguten gure birramona zela». Orduan argitu zuten viuda de guerra izenez ageri zen emakumeak Camen Ereño zuela izena.

Ezizenaren atzean

Aitak eta izebak kontatutakoaren arabera, Ereño merkatura joateko irten zen Zugaza kaleko bere etxetik, eta Andra Mari elizaren parean harrapatu zuen bonbardaketak. Guerrari garrantzitsua iruditzen zaio egun hartan hildakoen memoria «duin bat» eratzea. «Ikerketa honen bidez hildakoen senideak biltzea lortzen badute, hobi komun horiek zehazki non dauden aurkitzeko ikerketa bat eska dezakegu, eta gero gorpuak hobitik ateratzeko eskatu, bakoitzak bere panteoian sar ditzan». Jon Irazabalen ustez, ordea, egokiagoa litzateke hobi komuna «modu duinean» egokitzea: «Gorpu horiek guztiak lur azpian batera 85 urte egon ondoren, zaila da orain banaka bertatik ateratzea».

Carmen Ereño, bere senarrarekin. Familiak utzitako argazkia

Hilobiak non dauden oraindik zehaztu ez badute ere, espero izatekoa da horiek aurkitzea izango dela hurrengo pausoa. Hala ere, bide luzea geratzen zaie ikertzaileei oraindik, funtsezko lana baita hildakoen bizi istorioa jakitea memoria duinago bat marrazteko. Horrela azaldu du Jimi Jimenezek: «Familiekin kontaktuan jartzean, hildako senidearen marrazki zehatzago bat egin daiteke; pertsona horiek memoria duinago bat izaten laguntzen du horrek».

Baina hildakoen memoria marrazteaz gain, egun haietan bizi izan zutena gaur egun ulertzeko eta sentitzeko gakoak ere ematen ditu pertsona horiek identifikatzeak. Carmen Guerrari, esaterako, aurkikuntzak gerrari buruz zeukan ikuspuntua aldatu zion: «Barrualdea asko mugitu zidan, eta lagundu dit gerra benetan zer izan zen ulertzen. Lehen bazirudien gertatutakoaren ikusle soilak ginela, baina gure familiarteko bat bertan hil zela jakiteak gai horretan gehiago sakontzera bultzatu nau». Galdera batekin bukatu du Guerrak: «Gerra bizi izan zutenak hiltzen ari dira pixkanaka, eta Durangon gauza gutxi egin da gertatutakoa argitzeko. Zergatik ez da ezer esan hainbeste urtetan?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.