Lorea Flores.
Koronabirusa. INGURUMENA PENTSALDIAN

Mugikortasuna eta koronabirusa

2020ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Koronabirusak sortutako krisiak, besteak beste, egiten ditugun (edo egiten genituen) joan-etorriei eta gure garraio-ereduari buruz hausnartzeko aukera eman digu. Pentsaldian ataleko lehen zutabean, Joseba Barandiaranek ongietorria eman zigun globalizazioak sortutako lehen pandemiara. COVID-19aren berezitasun bat izan baita egun gutxian mundu osora barreiatu zela, eta, beraz, hedapena saihesteko, aireportuak itxi eta nazioarteko joan-etorriak mugatzea beharrezkoa izan dela.

Gaur egun, ohituta gaude hegazkinez, autoz, trenez edo itsasontziz distantzia luzeak egiten hainbat arrazoirengatik. Mugikortasun horrek hainbat eragin ditu ingurumenean. Batetik, joan-etorri horiek berotegi efektuko gasen zati handi baten iturria dira, eta, beraz, klima-aldaketaren eragile nagusietakoa. Bertzalde, landare edo animalia espezieak ingurune berrietan sartzea errazten dute. Horiek inbaditzaile bihur daitezke leku berrietan, eta ekosistema osoak larriki kaltetu. Baina orain, lehenengo aldiz, konturatu gara hain azkar eta hain maiz alde batetik bestera mugitzea kaltegarria izan daitekeela gizateriarentzat ere.

COVID-19a baino lehen, Euskal Herriko garraio-sektoreak berotegi-efektuko gasen (BEG) %30 inguru eragiten zituen. Izatez, sektore honek erronka handia suposatzen du lurraldeanBEGen emisioak murrizteko, 1990etik emisioak gehitzen jarraitu duen bakarretakoa baita. Alarma-egoeraren adierazpenarekin eta etxean konfinatuta egoteko beharrarekin, aldiz, emisio horiek anitz murriztu dira. Ondorioz, gas kutsatzaile eta toxiko gutxiago sortu dira, eta hirietako airearen kalitatea hobetu da. Hala ere, aldaketa puntual horiek ez zuten epe luzera klimaren krisia arintzen lagundu, atmosferako CO2-aren kontzentrazioak handitzen jarraitu baitu, osasun-krisia bitartean maximo berrietara iritsiz. Ezin dugu ahaztu, gainera, trafikoak sortzen duen kutsadura ere kaltegarria dela pertsonentzat. Europako Ingurumen Agentziaren arabera (AEMA), Espainiako Estatuan urtean ia 40 mila heriotza goiztiar eragiten ditu, eta era berean, COVID-19a bezalako arnas eritasunen sintomak larriagotu ditzake.

Koronabirusaren krisiak agerian utzi du zein zaila den hiri handietan seguru mugitzea. Lehen egunetan, garraio-zerbitzu publikoak kolapsatuta zeuden, eta bizikletazko garraioa, berriz, ez zen segurutzat hartzen. Gero, konfinamendua arintzean, hiri handietan ia ezinezkoa zen baimendutako pasealdietan segurtasun-tartea mantentzea. Lehen, gure hiriko kaleak batez ere leku batetik bestera joateko erabiltzen genituen, baina orain paseatzeko, aire zabalean gozatzeko edo ariketa fisikoa egiteko behar ditugu. Azken finean, ohartu gara hiriak ez daudela pertsonentzat pentsatuak. Alde horretatik, Euskal Herriko hiri nagusiek kaleetan oinezkoentzako eta txirrindularientzako leku gehiago izateko eta mugikortasun segurua ziurtatzeko behin-behineko neurriak jarri dituzte abian. Neurri puntual horiek epe luzerako ekimen bihurtu beharko lirateke, hiriak birmoldatzeko, ibilgailu pribatuarentzako lekua murriztu eta oinezko, bizikleta eta garraio publikoari behar dutena emanez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.