Ipar Irlandako gatazkako ikerketetan laguntzen dutenei immunitatea emango diete

Erresuma Batuko Gobernuak iazko proposamena aldatu du, eta batzorde independentearekin kooperatzea jarri du baldintzatzat delituek preskribatzeko

UVF talde paramilitar unionistaren aldeko mural bat, Belfasten, artxiboko irudi batean. PAUL MCERLANE / EFE.
ander perez zala
2022ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Iazko udan egindako proposamena aldatu du Erresuma Batuko Gobernuak. 1998ko Ostiral Santuko Akordioaren aurretik Ipar Irlandako gatazka armatuarekin «zerikusia duten istiluek» preskribatzea proposatu zuen, baina orain jarrera aldatu du, eta immunitate hori lortzeko baldintza bat finkatu du: ikerketa «independente eta sendoak» laguntzea. Neurriak armadako soldaduei zein IRA Irlandako Armada Errepublikanoko boluntarioei eragingo lieke, esaterako.

Brandon Lewis Erresuma Batuaren Ipar Irlandarako ministroaren arabera, egungo sistema «huts egiten ari da», eta «familia gehienek» ez dute «ez egia eta ez justizia» jaso oraindik ere; hortaz, Londresek beharrezkotzat jo du aldaketa bat egitea, Lewisek atzo ohar baten bidez azaldu zuenez.

«Biktimentzako eta bizirik atera direnentzako» eratuko duten ICRIR Informazioa Berreskuratzeko eta Adiskidetzerako Batzorde Independentea izango da Erresuma Batuko Gobernuak sustaturiko proposamenaren muina. Ipar Irlandako ministroaren arabera, talde horren zeregina «erantzunak ematea» izango da, «hala eskatzen dutenentzat», eta lankidetzan aritzen direnei «immunitatea emateko» eskumena izango du.

Aldiz, batzorde independentearekin kooperatzea ukatzen dutenek ez dute lortuko egozten dizkieten delituek preskribatzea, eta, beraz, auzipetuak izateko ateak irekita jarraituko du haien kontrako «nahikoa froga badago edo frogak agertzen badira». Ikerketak egiteaz gain, ICRIRk «erregistro historiko bat» osatuko du Troubles (Istiluak) garaian izandako hilketez dakiten informazio guztiarekin.

Batzorde independenteko kideak gobernuak izendatuko ditu, eta horren buruzagia «figura judizial bat» izango da. Horiek arduratuko dira immunitatea emateaz, betiere norbanako batek horretarako eskaria egiten badu; hori bai, aurrez, lagun horrek egiazko informazioa eman behar du.

Londresen, iazko proposamenak kritika asko eragin zituen, biktimen ustetan erabakiade facto amnistia bat zelako; Erresuma Batuko oposizioko alderdiek eta Ipar Irlandako koalizio gobernua osatzen zuten bost indar politikoek ere jarrera bera hartu zuten auziaren inguruan, eta Irlandako Errepublikako Gobernua ere kexu agertu zen Londresen erabakiaren inguruan.

Komunen Ganberan iazko uztailean egindako agerraldi batean, Lewisek argudiatu zuen Ipar Irlandako Polizia Zerbitzua 1.200 kasu aztertzen ari zela, gehienak duela lau hamarkada gertaturikoak, eta horiek ikertzeko gutxienez hogei urte beharko lituzkeela. Hori kontuan hartuta, eta orain arteko bide judizialen egoerak baloratu ostean, Ipar Irlandarako ministroak adierazi zuen aldaketa bat ezinbestekoa dela «egia eta adiskidetzea babesteko».

Auzipetzeek preskribatzeko aukeraz gain, Erresuma Batuko Gobernuak «ahozko historiari» buruzko «egitasmo bat» indarrean jartzea proposatu du atzo aurkeztu zuen lege proiektuak, herritarrek beren esperientziak konta ditzaten.

Egutegia betez gero, bost urtez egongo da indarrean batzorde hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.