Israelgo botere judiziala kontrolpean hartu nahi du Netanyahuren koalizioak

Auzitegi Gorenaren eskumenak mugatuko dituen erreforma du xede eskuin muturreko koalizioak. Aldeko 63 botorekin, lehen bozketan onartu dute

Israelgo Auzitegi Gorenaren erreformaren aurkako protesta, Israelgo Parlamentuaren kanpoan, joan den astean. ABIR SULTAN / EFE.
maddi iztueta olano
2023ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Israelgo botere judizialean are gehiago sartu du eskua Israelgo Gobernuak. Bada, eskuin muturreko koalizioak xede du Israelgo Auzitegi Gorena erreformatzea, eta hori posible egiteko lehen bozketa egin zuten astelehenean. Baiezkoa gailendu zen: 63 boto alde eta 47 aurka. Ez zen abstentziorik egon. Neurriak hiru bozketa gainditu beharko ditu Knesseten, Israelgo Parlamentuan, behin betiko onartua izateko.

Saioa 16:00etan hasi eta gauerdian amaitu zen. Bozketa baino lehen milaka herritar irten ziren kalera, eta parlamentuko zenbait kideri Knesseterako sarrera blokeatzen ere saiatu ziren. Are, oposizioko zenbait kide parlamentutik kaleratu zituzten saioaren hasieran, Israelgo bandera hartu eta bizkarra emateagatik. Erreformaren aurkakoek «demokraziaren mehatxutzat» jo dute.

XEHETASUNAK

Eskuin muturreko koalizioak Israelgo Auzitegi Gorenaren eskumen judiziala mugatzea du helburu. Bada, onartuz gero, Knessetek ahalmena izango du Gorenaren erabakiak baliogabetzeko. Horretarako, parlamentuko gehiengoaren babesa izan beharko dute, hau da, 61 boto.

Aldaketa hori nahikoa ez, eta auzitegiko epaileak hautatzeko prozedura ere moldatuko du legeak. Egun, zenbait politikarik, legegilek eta epailek osatutako talde independente batek hautatzen ditu epaileak. Erreforma indarrean jarriko balute, parlamentuan gehiengoa duen alderdiko bost politikarik ordezkatuko lituzkete egun taldean dauden zenbait, eta, kontrara, oposizioko politikari bakarra egongo litzateke epaileak izendatzeko talde horretan.

«DEMOKRAZIA ARRISKUAN»

Manifestarien kezka nagusia da Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu buru duen gobernuak botere judizialaren «erabateko kontrola» izatea. Hargatik, azken asteotan kalera irten dira milaka lagun. Manifestariek salatzen dute erreformak Israelgo Auzitegi Gorena «ahuldu» egingo duela, baita «demokrazia arriskuan» jarriko duela ere.

Oposizioa ere mesfidati agertu da neurriaren atzean egon litezkeen arrazoiez. Batetik, erreformaren atzean Netanyahuren «interes pertsonalak» dauden susmoa du oposizioak. Izan ere, ustelkeriagatik auzipetuta dago, eta uste dute erreforma «auzitik salbuesteko» saiakera izan daitekeela. Bestetik, astelehenean adierazi zuten «posible» dela Palestinako lurretan kolonia gehiago eraikitzeko eskuin muturreko gobernuak Auzitegi Gorena «ahuldu nahi» izatea. Egun, 600.000 eta 700.000 Israelgo herritar inguru bizi dira legez kanpoko kolonietan, Zisjordanian eta Jerusalem ekialdean.

Israelgo Presidente Isaac Herzogek erreforma izozteko eta oposizioarekin eztabaidatzeko eskatu dio birritan Netanyahuri, baina ez du arrakastarik izan. Oposizioko buru Yair Lapiden arabera, «inoizko barne krisi larrienaren aurrean dago herrialdea».

HASERREA KALEETAN

Gobernuak duela hilabete inguru eman zuen euren asmoen berri. Ordutik, areagotu egin dira erreformaren aurkako protestak. Herrialdeko errepide nagusiak blokeatu zituzten manifestariek astelehenean, lehen bozketaren egunean. Parlamentuko hainbat kideren etxeetara ere joan ziren horietako zenbait, Knessetera joan ahal izatea eragozteko.

Horiek hala, azken egunotan Jerusalemen nabarmen handitu dute Poliziaren presentzia, eta astelehenean zortzi manifestari atxilotu zituzten «Poliziaren jarraibideei jaramon ez egitea» egotzita.

NAZIOARTEKO ERANTZUNA

AEBetako presidente Joe Bidenek ere zalantzan jarri du Israelgo Gobernuak aurkeztutako erreforma. «Herriaren babesa bermatzeko, benetan garrantzitsua da funtsezko aldaketen inguruan adostasuna izatea», adierazi zuen joan den larunbatean.

Israelgo lehen ministroaren arabera, ordea, koalizio gobernuak erreformaren bidez aurkeztutako aldaketak «beharrezkoak dira» halako sistema batean agintzeko, non auzitegi gorenak botere handiegia duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.