Lau urtean 28.000 kontratu erregularizatu nahi ditu Jaurlaritzak

Mendiak eragile guztiekin hitz egiteko asmoa agertu du, «bazterketarik gabe». Beste 11 ikuskatzaile agindu ditu, lan Istripuak gutxitzeko

Idoia Mendia sailburua, Eusko Legebiltzarrean, atzo. DAVID AGUILAR / EFE.
jokin sagarzazu
2020ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak aldi baterako 28.000 kontratu mugagabe bihurtu nahi ditu legegintzaldi honetan —7.000 urtean—: aurreko agintaldian baino 10.000 gehiago. Horrez gain, ikuskatzaileen taldea indartuko du, kontratazioen legezkotasuna eta laneko osasun eta segurtasun neurriak betetzen direla zaintzeko. Hala iragarri du Idoia Mendia sailburuak, haren sailak datozen lau urteetarako dituen ildo estrategikoak azaltzeko Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian. Lehen aipatutako helburuei beste bi gaineratu dizkie: diru sarrerak bermatzeko errentaren (DSBE) eta Lanbideren erreformak.

Helburu horiek guztiak lortzeko, Mendiak elkarrizketaren alde egin du, «betorik, bazterketarik eta inposiziorik gabe», oposizioarekin eta eragile sozialekin, Elkarrizketa Sozialerako Mahaian parte hartzen dutenekin zein hor ez daudenekin —ELA eta LAB sindikatuekin—. Espainiako Gobernuarekin ere elkarlana indartzearen alde agertu da: «Hala jarduten ez badugu, 68.000 pertsonak lana gal dezakete aurten».

Mendiak EAJ-PSE gobernu akordioan jasotako helburu batzuk azaldu ditu; besteak beste, legealdia amaitzerako langabezia tasa % 10etik behera jaistea berriro, 135.000 lanpostu sortzea, 1.650 milioi euro inbertitzea ekintzailetzan, prestakuntzan eta laneratzean 4.000 enpresaren sorrera bultzatzea, eta 30.000 gazteri lehen enplegua erraztea.

Mendiak Lan Ikuskaritza indartu nahi du, eta iragarri du hil honetan segurtasun eta osasun arloko beste lau ikuskatzaileorde berri kontratutako dituztela, eta legegintzaldian beste zazpi gehiago izango direla. Lantaldea indartuz, lan istripuak erdira murrizten saiatuko direla hitzeman du. Mendiaren arabera, 21.611 ezbehar izan dira aurten (iaz baino 5.475 gutxiago) eta hamazazpi pertsona hil dira (hiru gutxiago).

Era berean, sailburuak esan du ikuskapen plan berezi bat egingo dutela kontratu partzialetan eta aldi baterakoetan izaten diren iruzurrei aurre egiteko, eta kanpaina espezifiko bat egingo dutela gizonen eta emakumeen arteko lan diskriminazioaren aurka. Herenegun, Espainiako Gobernuak soldata arrakala gainditzeko legedi berria aurkeztu zuen: horren arabera, langileen soldatak sexuen arabera erregistratu beharko dituzte 50 langile baino gehiagoko enpresek, eta lan beragatik gizonek eta emakumeek ordainsari bera jasotzen dutela erakutsi.

Lan bilaketa aktiboa

Gainera, aurreko legegintzaldian agindu baina egin ez ziren bi erreformari helduko die Jaurlaritzak: DSBEarena eta Lanbiderena. Lehenengoaren kasuan, EAJk eta PSEk iaz aurkeztutako lege proposamena hartuko dute oinarri gisa. Mendiak azaldu duenez, horren helburua da laguntza sistema zabaltzea, bereziki «langile pobreei» laguntzeko. Sailburuak azpimarratu du lan prekaritateak hainbat behargin «laguntzen menpe egotera kondenatzen» dituela, eta DSBEa jasotzen dutenen %18 direla. Erantsi du erreforma horri esker bateragarriagoak izango direla EAEko babes sistema eta Espainiako Gobernuak aurten sortutako errenta —bizitzeko gutxieneko diru sarrera—.

Bestalde, Lanbideren erreformak helburu izango du enplegu bulegoa «lan bitartekaritzako benetako organo bihurtzea». Mendiak azpimarratu duenez, DSBEaren kudeaketa egin behar izateak oztopatu egiten du haren egitekoa, eta hori dela-eta laneratze ratio oso txikiak lortzen ditu. Horri buelta emateko, prozesuak sinplifikatu egingo dituztela aurreratu du sailburuak, pentsioak osatzeko DSBEaren kudeaketa bereizi egingo dutela, enpresen beharrak aztertuko dituztela eta orientatzaileen figura bultzatuko dutela, «enplegurako prestatzen direnen benetako tutore izan daitezen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.