Nizan egindako atentatuarekin lotutako zortzi lagun, espetxera

Hiltzaileari armak lortzen eta kamioia alokatzen laguntzeagatik joango dira akusatuak kartzelara. 2016ko eraso hartan, 86 lagun hil zituzten denera

Parisko justizia jauregian egin dute epaiketa. MOHAMMED BADRA / EFE.
Maddi Iztueta Olano - Mikel Elkoroberezibar Beloki
2022ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Kamioi batekin harrapatuta, 86 pertsona hil zituzten Nizan (Frantzia), 2016an. Gidaria tokian bertan hil zuen Frantziako Poliziak, eta Frantziako auzitegi berezi batek erasoarekin lotutako beste zortzi pertsonaren aurkako epaiaren berri eman zuen atzo. Chokri Chafroudi eta Mohamed Ghraiebi hemezortzi urteko kartzela zigorra ezarri die, kamioia alokatzen laguntzegatik. Ramzi Arefari, berriz, hamabi urteko espetxe zigorra ezarri dio, gidariari armak saltzeagatik.

«Ez nuen hausnartu egiten ari nintzenaren inguruan, eta, duela sei urtetik, ezin dut gertatutakoa burutik kendu», esan zuen Arefak herenegun, epaiketa amaitzean. Beste bost lagun ere espetxera joango dira, Nizako atentatuaren egileari laguntzeagatik. Artan Henaji zortzi urteko espetxe zigorra ezarri dio auzitegiak, Enkeledja Zaceri bost urtekoa, Maksim Celaji eta Endri Elesiri hirukoa, eta Brahim Tritrouri, berriz, bi urtekoa. Arma trafikoa eta konspirazio kriminala leporatu dizkie auzitegiak.

Sei urte igaro dira Nizako Ingelesen etorbideko eraso hartatik. Frantziako Errepublikaren Egunaren harira, su festa ikustera irten ziren milaka herritar, 2016ko uztailaren 14an. Herritarrak zeruko su festari begira zeudenean, kamioi bat sartu zen ibilgailuentzat itxita zegoen pasealeku hartan, ziztu-bizian, eta 400 lagun inguru harrapatu zituen. Kaosaren erdian, 86 pertsona hil ziren; horietan artean, hamabost haur.

Frantziako Poliziak gau hartan bertan hil zuen kamioi gidaria, tiroka. Mohamed Lahouaiej Bouhel zuen izena, eta 31 urte zituen. Tunisian jaio zen arren, Frantzian herritartua zen. Fiskalaren arabera, poliziei ere tiro egin zien gidatzen ari zen bitartean.

Atentatuaren biharamunean, EI Estatu Islamikoak bere gain hartu zuen erasoa. Dena den, kasuaren ikertzaileek ez dute inoiz EIren eta Lahouaiejen arteko lotura zantzurik aurkitu.

Frantzian izandako atentaturik larriena izan zen Nizakoa, 2015eko azaroaren 13an EIk Parisen egindakoaren ondotik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.