Sortu duen ikusminaren pareko feria egingo dute sanferminetan

Julen Etxeberria.
2022ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Sanferminetako pilota feria lehengora itzuliko da bi urteren ostean. Ohiko iraupena izango du: zortzi egunez jokatuko da, uztailaren 7tik 14ra. Labritek gainezka egingo du egun horietan, ia sarrera guztiak saldu baitira.
Feria bete-betean itzuli izanak eragindako ikusminaren pareko egitaraua osatu du Eskuzko Pilota Enpresen Ligak (EPEL). Ez da ukitu behar arrakasta duena, eta sanferminetako feria beti izan da oso arrakastatsua. Hori gutxi balitz bezala, bi urteko etenak pilotazalearen gogoa handitu besterik ez du egin. Apustu segurua da. Hori dela eta, EPELek ohiko egitarauari eutsi dio: lau eta erdikoaren finala, binakako torneoa eta desafioa jokatuko dituzte.
Uztailaren 7ko goizean hasiko da lehia, lau eta erdiko finalarekin (11:00). Oraindik zehazteko dago zein bi pilotari ariko diren, bi enpresetako kanporaketak jokatzen ari baitira. Gauean, berriz, binakakoari ekingo diote (22:15). Sei bikote ariko dira, bi multzotan banatuta: A multzoan, Altuna III.a-Rezusta, Irribarria-Zabaleta eta Urrutikoetxea-Imaz ariko dira; eta B multzoan, Laso-Mariezkurrena II.a, Ezkurdia-Martija eta Jaka-Albisu. Ligaxka jokatuko dute, uztailaren 7an, 8an, 9an, 10ean, 11n eta 12an, eta multzo bakoitzeko lehen bikoteak elkarren aurka ariko dira finalean, uztailaren 14an. Lehen bi jardunaldiak, bosgarrena eta seigarrena gauez jokatuko dituzte, eta hirugarrena, laugarrena eta finala, arratsaldez.
Uztailaren 13ko gauean, berriz, desafioa jokatuko dute: Peña II.a eta Etxeberria lau eta erdian ariko dira, eta Artola eta Dario, buruz buru, hemezortzi tantora. Binakako lehia bat ere jokatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.