KRITIKA. Musika

Parteen batuketa baino gehiago

2021eko maiatzaren 5a
00:00
Entzun

Euskadiko Orkestra

Zuzendaria: Hans Graf. Biolina: Birgit Kolar. Egitaraua: Bela Bartoken Biolinerako 1. kontzertua eta FelixMendelssohnen 1. sinfonia.Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Maiatzak 3.

Izenean aditzera ematen denez, bi konposizio gazteen inguruan eraiki du oraingoan Euskadiko Orkestrak bere programa, Hans Graf zuzendaria eta Birgit Kolar biolin jotzailea lagun dituela. Ongi ezagutzen dute biek orkestra: lehena 1990eko hamarkadan zuzendari titular izan zen, eta ohiko kolaboratzailea izan da; bigarrena, kontzertino lanetan aritu delako maiz EOrekin batera.

30 urte bete gabe zituela Bela Bartoken grina ikertzailea azaleratzen hasi zela esan daiteke; izan ere, 1906an argitaratu zuen Zoltan Kodalyrekin batera Hungariako lehen abesti herrikoien sorta, gerora alegiazko folklorea garatzera eraman zuena. Biolinerako 1. kontzertua gisa ezagutzen den pieza, haatik, Stefi Geyer izeneko biolin jotzaileari eskaini zion, maitasun eskaintza barne; ez zuen baiezko erantzunik jaso ez musikari, ez sentimenduei dagokienez. Bi mugimenduetan izaera arras desberdinak aurkezten ditu Bartokek, Kolarrek maisuki garatu eta kokatu zituenak. Andante sostenuto-aren lirikotasunean leun eta umiltasunez; Allegro giocoso-an fin, orkestraren soinu trinkoaz eta zertzelada biziez lagunduta.

Bestetik, ezaguna da Felix Mendelssohn talentu goiztiarra izan zela: nerabezaroan hainbat opera eta harientzako hamabi sinfonia idatzita zituen jada, eta 15 urterekin ekin zion bere 1. sinfonia —hau da, orkestra osorako idatzitako lehena— idazteari, 1824. urtean. Genero horretako opera prima bada ere, ezagutza eta kemena darizkio. Euskadiko Orkestrak kontzertu osoan aurkeztu zuen zintzotasun eta konplizitateak goia jo zuten hemen, Grafen zentzu onaren emaitza. Gehiegikeriarik gabe, bakoitza bere tokian eta denak bat, multzoa bere parteen batuketa baino askoz gehiago izan daitekeelako frogak nonahi: biolen kolorea Allegro di molto-an, haizeen oreka Andante-an, biolinen nortasuna eta klarinetearen goxotasuna Allegro con fuoco-an. Elkarlanak eta ulermenak orkestra sendoa eta zehatza izan zuten emaitza, sentimentalismo hutsetik aldenduz zirrara kontzientea eragiten duen horietakoa. Urte—denboraldi— askotarako!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.