KRITIKA. Donostiako 83. Musika Hamabostaldia

Organoa oskarbi dago

2022ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun

Wayne Marshall



Egitaraua: A. Ager, Ch. M. Widoreta G. Boveten obrak.Lekua: Donostiako Artzain Onaren katedrala. Eguna: Abuztuak 15.

Astelehenean aurtengo Organo Zikloaren itxiera kontzertua eman zuen Wayne Marshall britainiarrak, barrakek inguratutako Artzain Onaren katedralean. Emanaldi paregabeak izan dira bi astean zehar, azken urteotan ikusi ez direnak, nazioarteko eskuetan gure organo ondareaz gozatzeko hitzordu bereziak. Ana Belen Garcia ziklo honen zuzendaritzan jartzeak izan du zerikusirik, zalantzarik gabe. Musika Hamabostaldiaren beste arrakasta bat.

Ezaguna da Donostiako katedralean kokatuta dagoen organo neoklasikoaren monumentaltasuna; izan ere, handiena da Iberiar penintsula osoan: pedal-teklatuaz gain, bost esku-teklatu ditu, guztira 125 sorta. Asteleheneko programa ikusita, agerikoa zen Marshallek ez zuela galdu nahi baliabide horiek guztiak arakatzeko eta hedatzeko aukera bikaina. Indarra eta sen ona zabaldu zituen kontzertu osoan, lehen inprobisaziotik hautemangarriak. Andrew Ager kanadarraren Tocata eta fuga (2009) instrumentuaren zein interpretearen ahalmenen aurkezpen inspiratua suertatu zen, bai bi eskuen arteko koordinazio sotilean, bai eta erritmo konposatuen zein desplazamenduen kontrolean ere.

Parisko Saint Sulpice katedralean 64 urtez organista izandako Charles-Marie Widor maisua izan zen Aristide Cavaille-Coll organogileak sortutako instrumentuei etekina ateratzen. Bere 6. sinfonia 1878ko Parisko Erakusketa Unibertsalean eman zen lehen aldiz, Trocadero jauregiko Cavaille-Coll organoan, hain zuzen ere. Artzain Onaren katedralekoa modernoa izanik, Marshallek erregistrazio eta lotura lan bikainak egin zituen. Ikusgarria izan zen allegroan pedalierraren jolasa, baita adagioaren kontrastea espresio-teklatuan. Guy Boveten Hanburgoko hiru preludio gozagarria izan zen benetan, bat-batekotasunaren eta dibertsioaren bideetan aske. Salamanca preludioaren jota kutsutik Hamburg zatian agertzen diren Beethovenen Für Elise eta Offenbachen Barkarola jostalarietara borobila izan zen Marshall. Bukatzeko, inprobisazio lezio magistrala euskal melodien gainean, besteak beste, Itsasoa laino dago deseraikiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.