Albistea entzun

Bertsolari Txapelketa Nagusia. Finalaurrekoak

Txapelketa: zauri edo ukendu

Bilboko Bizkaia pilotalekua izango du azken geltoki Txapelketa Nagusiaren trenak. Ibilbide gorabeheratsua eginda, gaur helduko da hara. Kolpea edo poza izango da gaurko saioa bertsolarientzat, gaur erabakiko baita zein zortzi bertsolari arituko diren Nafarroa Arenako oholtzan.
<b>Finala.</b> 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala, BECen.
Finala. 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala, BECen. A. LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Miren Mujika Telleria -

2022ko abenduak 3

Iritsi da Bertsolari Txapelketa Nagusia tentsioaren une gorenera. Bertsolari batzuek dagoeneko ziurtatua dute aulkia Iruñeko Nafarroa Arenako oholtzan, eta beste batzuek, berriz, gaur dute horretarako aukera. Bertsozale batzuen hasierako kinielak beteko ziren akaso, eta ezustekoren bat edo beste izango zen beste batzuenean. Izan ere, hori du txapelketak; batzuetan gozotik eta beste batzuetan gazitik. Beraz, amaierara arte ezin izaten da ezer ziurtzat jo.

Hain justu, horrexeri egin zion keinu Aitor Sarriegik 2017ko Txapelketa Nagusiko hasierako agurrean: «Kinieletan agian/ egonagatik aparte/ zortzi lagun gatoz eta/ denok hartzen dugu parte/ nahiz eta alineatu/ behar Jupiter ta Marte/ jokua ez da bukatzen/ kartak erakutsi arte». Haren hitzetan, zaleen apustu zein iritziek nolabaiteko eragina dute bertsolariengan «nahitaez». «Guk badakigu denok ez garela aukera berberetatik abiatzen, nahiz eta denok zerotik abiatu». Gaineratu du publikoak bertsolariengandik espero duen hori dela abiapuntu horren ardatza: «Txapelketetan ibilbide bera egin ez dugunez, jendeak ez gaitu berdin ikusten. Horrekin lotuta, uste dut Unai Iturriagak esan zuela behin, txapeldun izateko behar zirela hiru gauza: bata, gai izatea; bigarrena, egun horretan ondo aritzea; eta, bestea, jendeak zu txapeldun bezala imajinatzea».

Hiru final handitan kantatutakoa da Sarriegi; 2009an, 2013an eta 2017an. Azken horretan esan zien agur txapelketei. Ondo gogoan ditu hirurak, eta oroitzen ditu egunaren aurretik bizitako emozioak ere: «Behin finalean kantatu behar nuela jakiten nuenean, pixka bat lasaitu egiten nintzen, eta, orduan, ez zitzaidan horren gogorra egiten finalaren aurreko aste hori». Nolanahi ere, Nerea Ibarzabalek Baionako finalaurrekoan kantatu zuen amaierako agurra ekarri du gogora: «(...) Loa, gosea ta umorea/ dauzkat lekutik irtenak(...)». Bat dator Sarriegi Ibarzabalen hitzekin: «Nik ere sentitu izan ditut desoreka horiek; finalaurrekoetan batez ere. Bizitzako erritmo guztiak izaten nituen nire onetik irtenda». 2013ko bigarren finalaurrekoaren bezpera jarri du horren adibide gisa: «24 ordu pasatu nituen jan gabe: ez neukan ez bazkaltzeko, ezta afaltzeko gogorik ere, eta lo ere, gutxi».

Igor Elortzak, berriz, apetituarekin baino arazo handiagoak izan ditu loarekin saioaren bezperetan. «Sentimendu kontrajarriak izaten dira: poza eta beldurra. Eta denak buru eta gorputz berean». Batzuetan besteetan baino gehiago, baina txapelketa «nahiaren eta ezinaren arteko borroka» baten antzerakoa dela adierazi du. Gainera, haren hitzetan, norberaren egoera pertsonalak erabateko eragina du horretan: «Txapelketa batera oso indartsu heldu beharra dago; bai bertsokeraz, baita lehiarako anbizio gosez ere, eta egoera pertsonalak horretarako askatasuna utzi behar dizu».

Nabarmendu du txapelketara fresko eta indartsu helduagatik ere saioa ez dela beti nahi bezala joaten, eta, horretarako, finalaren osteko Finalisten Bertso Saioak «talde terapia moduko bat» izaten direla. «Horiek izaten dira zauritxoak sendatzeko eta arantzatxoak ateratzeko uneak».

«Etxeko giroan»

Finalaren hurrengo egunak ez ezik, taldearen babesa ere garrantzitsua izaten dela nabarmendu dute biek. Bertsozale Elkarteak, esaterako, finalaren aurreko egunean bertako hotel batean ostatu hartzeko aukera ematen die. «Nik finalean kantatu dudan denetan egin dut bertan lo, nahiz eta beste batzuek nahiago izaten zuten euren etxean egin. Nabari zen tentsioa eta urduritasuna, baina oso oroitzapen ona gordetzen dut horietatik, etxeko giroan elkartzen ginen». Sarriegik gogoratu du elkarrekin afaltzen zutela bezperako gauean, eta baita egunean bertan elkarrekin gosaltzen ere. «2013an, esaterako, gosaldu ondoren paseo bat ematera atera ginen Andoni [Egaña], Beñat [Gaztelumendi], [Aitor] Mendiluze eta laurok. Haize pixka bat hartzera joan, eta gero kantatzera».

Elortzak nahiago izaten zuen saioaren egunean bertan joan. Halere, berak parte hartu duen txapelketei begira jarrita, argazki gogoangarriak datozkiola azaldu du. «Nire lehen finala Donostiako Belodromoan egin zen azken urtean izan zen [2001], eta bizi izan nuen Barakaldora mugitu zen urtea ere [2005]. Egun handi bat izan zen hura, bai elkartearentzat, baita euskal mundutxoarentzat ere».

Intentsitate handiko egun bat da finalarena. Hala eta guztiz ere, intentsitate maila nork bere buruari jarritako presioaren araberakoa izaten dela zehaztu du Sarriegik. Oholtzan «nahiko eroso» sentitu izan dela azaldu du: «Oraindik ere gertatzen zaidan gauza bat da, kideak bertsotan entzuten ditudanean pentsatzen dudala: 'Ni ez naiz horrek egin duen hori egiteko gauza', edo 'nik ez nioke eutsiko horri'. Finaleko oholtzara igotzen zarenean, noski inpresionatzen duela zenbat jende dagoen ikusteak, baina gero dena mugatzen da zu zauden oholtza horretara. Nolabait, fondo horrekin ere ohitu egiten zara».

Saio osoan, kideen bertsoak aditzearekin gozatu izan duela kontatu du Sarriegik. Are, hori ere saioaren parte da, haren esanetan. Noiz edo noiz deskonektatu behar izaten dute, ordea, euren burua lanean jartzeko. Horregatik esan ohi da bertsolari batek distortsionatuta entzuten duela saioa oholtzatik. Gainera, Sarriegik azaldu du inoiz ez dutela argi izaten, oholtzakideekin alderatuz, nolako saioa egin duten: «Badakigu gu nola aritu garen, gutxi gorabehera, baina ez dakiguna da non koka gaitezkeen sailkapenean».

Ganbarako babesa

Ganbarako ariketa izaten da txapelketaren tentsio unerik gorenetako bat. Ez da gauza bera izaten, baina, hurrenkeraren arabera lehenengo dagoen bertsolariarentzat edo azkena dagoenarentzat. «Zortzigarrena denak deskonektatu nahi izaten du hasieran, edo beste zerbait behar izaten du, ordubete inguru egon behar duelako bere txanda noiz iritsiko zain», azaldu du Sarriegik. Ordea, lehendabizikoek ez dute tentsio puntu horretatik atera nahi izaten. Elortza: «Komeni izaten da taldean umorea duen eta hori transmititzeko gaitasuna duen norbait izatea, baina, aldi berean, hiru txistezale ere ez dira komeni. Izaeren arteko oreka bat lortzea da garrantzitsuena une horretan». Zozketak hala aginduta, ordea, lau alditatik bitan tokatu zaio lehendabizikoa izatea Elortzari. Beraz, ez du ganbarako giro hori bizi izan horietan.

Ganbarazainari dagokio tentsio une hori, nolabait, apaltzea, eta biek ala biek nabarmendu dute haren lana. «Normalean, gure ezaguna izaten da», azaldu du Sarriegik. «Bertsolariekin enpatia izatea da momentu horretan egin behar duen lana. Alegia, euren beharretara egokitzea: norbaitek hitz egiteko beharra badu, harekin hitz egitea, eta tarteka bakean ere uztea». Finean, lasaitasuna transmititzea du eginkizun nagusi. «Baloratzeko moduko lana iruditzen zait ganbarazainena».

Gaur, Bilbon

Azken geltokira iritsi da, beraz, txapelketaren trena. Ohi bezala, ibilbide gorabeheratsua izan du. Askotariko sentipenak izan dira bidean; minak eta pozak. Eta, ziurrenean, gaur ere hartuko du kolpea baten batek, helburuak bete gabe edo erakutsi nahi zuena erakutsi gabe amaituko zaiolako txapelketa. Kanporaketetan eta finalaurrekoen lehen fasean gertatu zitzaien beste batzuei, eta izango da finala arantza batekin amaituko duenik ere.

Bilboko Bizkaia pilotalekua izango da gaurko plaza, eta sei bertsolari izango dira oholtzan: Aitor Mendiluze, Amets Arzallus, Joanes Illarregi, Jone Uria, Maddalen Arzallus eta Saioa Alkaiza.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Rakel Esparza, Juan Mari Aburto, Fernando Perez eta Barbara Epalza, gaur goizean, Bilboko Azkuna Zentroan, urteko programazioa aurkezten. ©AZKUNA ZENTROA

Zortzi erakusketa hartuko ditu aurten Bilboko Azkuna zentroak

Olatz Enzunza Mallona

Erakusketez gainera, beste 200 jarduera baino gehiago programatu dituzte.

Asier Olabarrieta (erdian), Islabaten emanaldi batean, Gasteizen. ©NURIA GONZALEZ / ISLABAT

«Kontsumo ereduak kaleratzen den musika baldintzatzen du»

Iraia Vieira Gil

Islabat izenpean, bere burua onartzeko prozesuan oinarritutako rock diskoa kaleratu du Olabarrietak. «Lasaia» izan da diskoaren bidea; egungo abesti «azkarrak» ez bezala, poliki sortu du musikariak lana.
Maria Elorzaren eta Iñigo Salaberriaren 'Al borde del agua' filmeko irudi bat. ©Ikuspuntu jaialdia

Hamalau herrialdetako hemezortzi film ikusgai Ikuspuntu jaialdiko Sail Ofizialean

Andoni Imaz

Hamar film luzerekin eta zortzi laburrekin osatu dituzte lehiaketako hamar programak. Sei lan lehenengoz erakutsiko dituzte jendaurrean.

Testuaren zama

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.