begona del teso
IRITZIA

Cannes, eskandalu magistrala

2019ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Aurtengo Cannesko zinemaldia indar agerraldi paregabea izan da. Benetako, balizko edo ustezko etsai ororen kontra. Izan direnen, direnen eta izango direnen aurka. Indar erakustaldi harroa, oldarra. Borroka-oilarra balitz bezala, ezproiak erabili ditu maisu, nagusi, fier. Zein zen, ordea, exhibizionismo eder, dotore horren helburua? Zinemak arerioak agertzen hasi zirenetik izan duen bera: zeluloidezko ikuskizunak lehiakiderik ez duela agerian uztea. Ez du izan eta ez du izango. Ez zuen izan telebista asmatu zenean. Ez du orain, plataformak hor daudelarik. Ez du izango mugimenduz beteriko irudiak eskumuturreko gailuetan ikusgarri izango direnean.

Horrexegatik. Hori frogatu nahi izan duelako, dena gertatu da Cannesen aurten. Dena. Denak izan dira Cannesen aurten—Scorsese izan ezik. Bekatu larria egin du Martinek, Netflixekin filmatu baitu bere azken filma eta hori Cannesek traiziotzat jotzen du—. Eta dena ikuskizun bilakatu da han. Kosta Urdinean. Espektakulua. Eskandalua. Han, maiatzean, hamabi egunez oro handiesten baita. Dena. Oro. Guztia. La Croisetteko areto, espaloi, lorategi, luxuzko hotel, denda, hondartza, ertz, areto eta jauregietan gertatzen denak ez baitu igualik inon. Inoiz.

Boteprontoan, sumatzen duzu Itsas Alpeetatik datorren mistral haizea harrotzen. Eta jendearen burua nahasten.Zeluloideari darion lurrina toxikoa izateaz gain, mendekotasun-sortzaile limurtzaile galanta baita.

Quentin Tarantinok, Brad Pittek eta Leonardo Di Capriok Once Upon A Time in... Hollywood aurkeztu zutenean gertatu zen. Mundua erotu zen ordu luzez. Kasik bira egitea ahaztu zitzaion planetari. Pelikula eguerdian zen estreinatzekoa. Goizeko zortzietatik ilaran zen jendetza. Eta ez bakarrik zain. Eta ez bakarrik esperoan. Baita eske ere. Erreguka. Otoi. Denek ez zutendesiratutako sarrerarik, akreditaziorik, paper ofizialik. Aretoko ateak irekiko lizkieken giltza magikorik. Denak ziren, beraz, gonbit baten eske. Kasik belauniko.

Arratsalde partean, gala emanaldian, joko bera, eromen bera. Sasoian zeuden garai haietako Rolling Stonesen edo Pink Floyden kontzertu baten aurrean geundela zirudien. Edo Championsen finalean. Cannesen ezerk ez baitu mugarik. Are gutxiago desirek. Eta ikusi zuten zorioneko horien zine itxaropenak zinez bete zituen pelikulak. Ikusgarria baita. Espektakularra. Mundiala. Bitxia. Aparta. Zure begietan, zure belarrietan egiten du eztanda kontrolatu gabea. Abuztuaren 14an izango da Euskal Herri osoko aretoetan. Zaudete erne.

Baina haize eroa ez zen Tarantinoren egunean bakarrik harrotu. Luxuzko dendetako erakusleihoak estaltzen zituen Xavier Dolanen Matthias et Maxime ikusi nahi zutenen errenkadak. Borroka bizian zebilen bertako zaina, Cannesen ez baitago, debalde, maila goreneko erakusleihorik estaltzea. Han luxua erlijioa baita. Ordu pare bat eman zutenlehian Dolanen ikuslegaiek eta segurtasun zainek, Zinemaldiaren langile dotore uniformedunak testigu eta bakegile. Azkenean kasik denek izan zuten aukera filma ikusteko. Cannesek aurkitu/sortu/besarkatu/laztandu/sariz goratu izan duen Laurence Anyways eta Mommy-ren autorearen azkena askok erdeinatu dute oraingoan. Ziorik gabe, neure irudiko. Bi gizonezkoren arteko musu ustekabekoak sorrarazten duen sentimendu zurrunbiloa ironia poetikoz dago kontatua. Zinemari egiten dio burla amultsua. Gizonezkoen anaitasunari botatzen dio begirada gazi-gozoa. Musika maisu darabil, eta bere kamera artegak badaki pertsonaiengan fin pausatzen. Baina Cannesen dena da markaz eta neurriz kanpokoa. Pelikula bati eskaintzen diozun atxikimendua edo mespretxua barne.

Ezerk ez du orekarik Cannesen. Eskandaluak ere ez. Gaizpidea ematea izan daiteke han garaipenaren seinale. Ikurra. Blasoi. Orain urte batzuk, sustraiak Tunisian dituen Abdelatif Kechichezinemagile frantziarrak zinemaldia trantze sakonean, delirio baten sukar-ametsean murgilarazi zuen La vie d'Adéle-rekin. Goratu zuten denek ozen, eta urrez jantzi. Inor ez bide zen ohartu amodio lesbiko haren kontakizunean, kamera lamiti haren atzean, bazela pornografo ilustratu eta fin bat, gorputzak eta sexu jolasak eragindako mugimenduak maite zituena. Ez, ez ziren konturatu. Hala izanik, aurten Cannes osoa harrapatuzuen ustekabean aurtengo bere Mektoub My Love: Intermezzo beroak. Hiru ordu eta erdi pasatuko ditugu hondartzan eta diskoteka batean. Argudiorik kasik ez. Sentsazio fisikoak, berriz, irudika ditzakezuen guztiak: eguzkiaren galda bizizko sua, harearenukitu zakarra, denboraldiko azken marrubien azukre gorri likatsua, ardo ttantta batzuk neska baten larru azalean; diskotekaren iluntasun argiztatua, alkoholaren usaina, hanka eta ipurdien mugimendua, bat-bateko solasaldiak, gorputzen topaketak pistan, zigarreten kea begietan, Abbaren abestiak, fokuen distira... Desira. Gorrotoa. Izerdia. Sexuaren usaina. Azal beltzaranen distira. Hausturarik ez duen mugimendu sutu, frenetiko batean. Izugarria da filma. Gaspar Noeren zinema datorkizu erraietara memento askotan. Zorabioa nabaritzen duzu buruan, hezurduran ere bai. Jakin, badakizu aretoan asko eta asko nerbioso daudela. Ezinegonean. Ez dute ulertzen, ez dute euren burua abandonatu pantailan, ez dute amore eman. Zuk bai. Zuk konprenitu duzu Abdellatifek zer erakutsi nahi dizun.

Baina etortzeke zegoen eskandalua areagotu zuen eszena: hamahiru minutuko cunnilingus bat, Cannesko bazterrak harrotu/astindu eta inkisidore berriak asaldatu zituena. Banderak zabalik, txispaz, tuitez eta abarrez armaturik, horren modan dagoen emakumeen aldeko defentsari ekin zioten. Cannesen bildu ginen eme askori ezer galdetu gabe. Esan, esan zuten, orroka, gure gorputza mespretxatzen zuela pelikula osoak, baina sexu eszena hura muga guztietatik at zihoala. Tutik ez zuten ulertu fariseu moderno horiek. Eszena hori justu kontrakoa zen: gure plazeraren erreibindikazio bikaina. Baina eskandalurik gabeko Cannes ez da Cannes. Are gutxiago mugarririk gabeko aurtengoan.

Cannes 2019, ekainaren 5ean Iparraldean estreinatuko den Parasite-k eskuratu zuen Palma urrezkoa. Maleziaz tindaturiko komedia iluna, gidoi trinkoa duena, kamera libre batek filmatua. Cannes 2019, ekainaren 9an estreinatuko den Mati Diopen Atlantique-k denon mirespena bildu zuen. Musikari aparta baten alaba, zuzendari bikain baten iloba, Claire Denis berdingabearen dizipulu Senegalgoak badu zer kontatua Afrikaz. Eta badaki kontatzen. Cannes 2019, Lapurdiko aretoetan ikusgai den Dardenne anaien Le jeune Ahmed-ek zuzendaritzaren ikurra jaso zuen. Zuzendari hobeak izan dira aurten Kosta Urdinean, baina film zorrotzak gure begirune osoa merezi du, nahiz eta bukaera hala moduzkoa izan. Cannes 2019, urriaren 9an Baionan estreinatuko den La fameuse invasión des ours en Sicilie-k, animaziozko puska zoragarriak, harritu zituen ikusle azkarrak bertan goiz batean. Epiko-mistiko-lirikoa den film horren gidoigilea The Sisters Brothers-ekoa da, Maulen jaiotako Thomas Bidegain, hots.

Cannes 2019. Errumaniako zinemak ez du amore ematen. Dudarik baduzue, erne izan eta estreinatzen denean, ikusi La Gomera burla beltza. Bertan, arte zuzendari lanetan, Iparraldeko Arantxa Etxeberria.

Cannes 2019, Stallone eta Delon, adinean eta jakindurian jaun eta jabe. Cannes 2019, eskandalu guztien gainetik, promesa guztiak beterik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.