Lan asko kontsulta bakoitzaren atzean

Hiztegiak oinarrizko tresnak dira, bai paperean eta bai sarean. Hiztegigile askok jada utzi egin diote paperezko hiztegiak argitaratzeari, ez direlako saltzen; Interneten, ordea, hiztegiek erabiltzaile asko dituzte. Aditu askoren gogoetak eta lana daude hiztegiko hitz bakoitzean.

Elhuyarrek 25 urtean argitaratutako hiztegien eboluzioa. JON URBE / FOKU.
jakes goikoetxea
2021eko urriaren 12a
00:00
Entzun
prozedura
1 iz. Ondorio batera heltzeko metodoa.

Euskaltzaindiak urtean bitan berritzen du bere hiztegia. Zenbait forma edo hitz berrik eztabaida sortu izan dute. Erabakiak hartzeko moduari buruzko zalantzak ere agertu izan dira. Euskaltzaindiak webgunean bertan jarrita dauka bere hiztegirako edukiak lantzeko eta arautzeko barne prozedura: hemezortzi urrats dira guztira.

Corpusetan oinarritzen dira: Lexikoaren Behatokian eta Orotariko Euskal Hiztegian. Lexikoaren Behatokia ia 98 milioi testuko corpusa da, idatzizko euskarari egiten dioten jarraipen etengabearen emaitza, XXI. mendeko erabilera jasotzen duen biltegia. «Altxor bat dugu jakiteko euskaldunok nola idazten dugun», nabarmendu du Andoni Sagarna euskaltzain oso eta Euskaltzaindiaren Hiztegiaren zuzendariak. Lexikoaren Behatokia begiratuta jakin daiteke hitz bat asko edo gutxi erabiltzen den, ea erabilerak jarraipena duen... BERRIAn argitaratutako testuak dira Lexikoaren Behatokiaren oinarrietako bat. Baita ikasliburuak ere, literatura... «Behatu egiten dugu ea hizkuntza nola aldatzen ari den. Gu ez gaude ez alde, ez kontra. Ikusi egiten dugu gizartean zer gertatzen den, zer erabiltzen den».

UZEI Unibertsitate Zerbitzuetarako Euskal Ikastegia arduratzen da Euskaltzaindiaren Hiztegian sartzeko hautagaiak dokumentatzeaz: hitz bakoitzaren erabileraren adibideak, erabilera kopuruak, zein autorek erabili duten... «Hitz bakoitzaren pedigria».

Hortik aurrera, Euskaltzaindiaren barruko batzordeek, lantaldeek eta hiztegiaren arduradunek zehatz-mehatz aztertzen dituzte, oharrak egiten dituzte, eztabaidatu... Urrats batzuetatik besteetara pasatzeko, adostasuna behar dute. Garai batean forma guztiak pasatzen ziren Euskaltzaindiako osoko bilkurara, eta banan-banan eztabaidatzen zituzten bertan. «Ez zen operatiboa, motela zen», dio Sagarnak. Orduan, Batzorde Ahaldundua sortu zuten, «osoko bilkuraren ordezkari». Operatiboagoa eta azkarragoa da. Prozesuaren erdian parte hartzen du. Bukaeran, hautagai guztiak osoko bilkuran aurkezten dira, baina aurkeztu aurretik adostasun handia lortuta. «Ahalik eta proposamen adostuena iristen da», Sagarnaren arabera. «Oso ondo funtzionatzen du».

bilatu
1duad. Zerbait aurkitzen saiatu edo ahalegindu.

Nola elikatzen da hiztegi bat? «Datu baseetan oinarritzen gara», zehaztu du Klara Zeberiok, Elhuyarreko Hizkuntz Baliabideen arloko arduradunak. Datu base horretan bilatzen dituzte hitz berriak edo jada hiztegian daudenak aberasteko moduak. Beste hiztegi batzuetara jotzen dute. Baita euskarazko corpusetara, testu bildumetara ere: «Hizkuntza teknologiak erabiliz, hitz berriak atzematen ditugu testu horietan. Etengabe egiten dugu, eta tresnak asteko hitz berriak erakusten dizkigu, guk aztertzeko». Testuen lematizatzaileak eta erauzleak erabiltzen dituzte: testu bildumetako hitzen lemak datu basekoekin alderatzen dituzte, eta, berriren bat aurkituz gero, erakutsi egiten die.

Hitz berrien bilaketa sare sozialetan ere egiten dute, Twitterren, erreferentziazko kontu batzuetan. «Twitter erauztea da errazena; beste sare sozialak oso korapilatsuak dira, eta Twitterrek dauka hizkuntza idatzi gehien», Zeberioren esanetan. Hala ere, Interneteko euskarazko ekoizpena aztertzeko orduan komunikabideetara jotzen dute batez ere, baita blogetara ere.

UZEIk, modu automatikoan, lexiko egiaztatzaile batekin, BERRIAko eta beste komunikabide batzuetako testuak aztertzen ditu, ikusteko ea egiaztatzaile horrek ezagutzen ez duen zerbait dagoen: «Izan daiteke akats bat, toponimo zahar bat edo lexiko horietan ez dagoen hitz berri bat. Baliabide oso interesgarria izan daiteke balizko neologismoak atzemateko». Iker Etxebeste UZEIko Terminologia Saileko arduradunarena da azalpena.

erabaki
1duad. Auzitan edo zalantzan dagoen gauzari buruz erabateko asmoa hartu edo iritzia eman.

Eta hitz berri bat aurkitutakoan, zer egin? «Erabilera maiztasunak agintzen du», Zeberioren iritziz. «Hitz berri asko ateratzen dira. Batzuk zuzenean sartzen ditugu hiztegian; beste batzuk sartu aurretik, ordea, itxaron egiten dugu, ikusteko zer bide egiten duten. Zalantza asko izaten ditugu». Mailegu gordinak ez dituzte zuzenean sartu nahi izaten. Gerta daiteke euskarazko hitz bat edo dagokion ordaina sortzea.

Erabilerari begiratzen diote UZEIn ere. «Guretzat oso irizpide garrantzitsua izaten da eremu bateko adituek erabiltzea», adierazi du Etxebestek. «Erabilera erreala aintzat hartzen dugu».

espezializatu
daad. Aritze esparru gisa espezialitate bat hartu.

Lexiko espezializatua, jarduera espezializatuetan erabiltzen dena da UZEIren langaia. Hala osatu du Euskalterm, terminologia banku publikoa. Hura du ikurra. Ezagunak, klasikoak dira UZEIk duela hainbat urte egindako hiztegiak, hainbat jakintza arlotakoak: kimika, matematika... «Informatika garatu zenean», azaldu du Iñaki Etxebestek, «liburu horiek datu base batean bateratu ziren, eta batura hori izan zen Euskaltermen muina edo lehen bertsioa».

Terminologia batzorde batek ezartzen ditu lanerako metodologiak eta irizpideak, eta planak egiten ditu, erabakitzeko zer hiztegi edo lan diren interesgarriak Euskalterm osatzeko. Hala ere, batzuetan UZEIn bertan atzematen dute terminologia bat lantzeko premia, edo sektore profesionalen eskaerak ere jasotzen dituzte.

Hiztegi bat egiteko, aurrena aditu talde bat biltzen dute, eztabaidatzeko; Eusko Jaurlaritzak batzorde tekniko bat eratzen du, baheketa bat egiteko, eta, gero, Terminologia Batzordera pasatzen da. «Aintzat hartzekoa da hiztegi bakoitzean zenbat jendek parte hartzen duen». Etxebestek laburbildu du gainerakoek ere azaleratu dutena: «Kontsulta bakoitzaren atzean lan asko dago».

ekarpen
1 iz. Askoren arteko egiteko bati norbaitek ekartzen dion gauza.

Euskaran eta hiztegigintzan adituek eta arituek egiten dituzte Euskaltzaindiaren, UZEIren eta Elhuyarren hiztegiak. Baina, UZEIren eta Elhuyarren kasuan, herritarren iruzkinak eta iradokizunak ere jasotzen dituzte. «Barra-barra» iristen dira Elhuyarrera: «Ongietorriak izaten dira, eta gehienak, oso baliagarriak». Tartean badaude erabiltzaileak gaizki idatzi eta hiztegian hitzen bat agertzen ez dela dioten mezuak ere. Banan-banan erantzuten diete, azalpenak emanez edo bilaketan akatsen bat egin dutela ohartaraziz.

UZEIn herritarrengandik jasotzen dituzten kontsultak eta iradokizunak «gauza berriak» izaten dira, haiek pentsatu gabeak. «Gogoeta eginarazten digute kontzeptuez, terminoez...», onartu du Etxebestek.

zaharkitu
1daad. Zahartu; bereziki berriagoren batek baztertu duelako, erabilerarik gabe gertatu.

Elhuyarrek 2013tik ez du eguneratu paperezko hiztegi klasikoa —25 urte bete ditu—. Akatsak zuzendu izan ditu, baina ez du hitz berriekin osatu. 2013ko bertsioa argitaratu izan du hurrengo urteetan ere. «Ezin dugu kostu hori gure gain hartu», aitortu du Zeberiok. «2013an geure buruari galdetu genion ea hura izango zen paperean argitaratuko genuen azken hiztegia». Paperezko hiztegiak, entziklopedien moduan, gero eta gutxiago saltzen dira. Era guztietako hezkuntza prozesuetan ere gero eta gutxiago erabiltzen dituzte. Euskaltzaindiak ere jada ez du paperezko hiztegirik kaleratzen.

UZEIko Terminologia Batzordeak argitaratzen ditu hiztegi batzuk oraindik ere. Liburuxkak izaten dira. Baina Etxebestek onartu du Interneten aldean muga asko dituztela: «Liburuxka argitaratu zen eguneko proposamen terminologikoa egiten dute, proposamen estatikoa».

Internetek liburuek baino askoz ere aukera gehiago eskaintzen dizkie hiztegigintzan ari direnei. Guztiek nabarmendu dute. Etengabe eguneratu ditzakete, eta kontsultak eraginkorragoak dira.

arrakasta
1 Iz. Harrera ona.
2 Iz. Egiteko, erabaki edo gertaera sail baten ondorio ona; nahi edo desiratzen dena lortzea.

Paperezko hiztegiak gero eta gutxiago saltzen dira; Internetekoak, aldiz, gero eta gehiago erabiltzen dira. Elhuyarren, iazko itxialdian nabaritu zuten kontsulten kopuruak sekulako gorakada izan zuela. Iaz, guztira, 65 milioi kontsulta egin ziren Elhuyarren Interneteko hiztegietan: 178.000 egunero. Kopuru handiak dira, baina, paperezko hiztegiak ez bezala, diru sarrerarik eragiten ez dutenak: «Aldaketa bat pentsatu behar dugu, eta asmatu», dio Zeberiok, hiztegien etorkizunaz.

Euskaltzaindian ere hazkunde handia nabaritu zuten iaz, itxialdi garaian. Iazko apirilean, esaterako, 2019koarekin alderatuta, hazkundea %9,2koa izan zen erabiltzaileetan; %18,32koa saioetan, eta %31,78koa bistaratutako orrietan. Euskaltzaindiaren Hiztegia kontsultatu zen gehien iazko lehen erdian: 63.689 erabiltzaile eta 692.586 kontsulta.

UZEIn ez dute kontsulta kopuruaren daturik. Euskalterm Eusko Jaurlaritzaren euskadi.eus atarian dago, eta esan izan diete gehien erabiltzen diren atariko webguneetako bat dela.

ikasi
1 du ad. Ezagutza multzo bat lortu, zerbait egiteko edo erabiltzeko gaitasuna edo trebetasuna eskuratu, adimen lanaz nahiz esperientziaz.

Hiztegi bakoitzak ezaugarri, tresna eta kode propioak ditu. Paperekoetan, alfabetoaren arabera bilatu behar da; Internetekoetan, bilaketa egiteko aukerak askoz ere zabalagoak dira. Asmatzeko, komeni da hiztegien funtzionamendua ezagutzea. Zeberiok eta Sagarnak aipatu dute erakutsi egin behar dela hiztegiak erabiltzen.

Elhuyarren herritarrengandik jasotzen dituzten mezuetako batzuetan esaten diete hitzen bat ez dela ageri; sarritan konturatzen dira erabiltzaile horiek gaizki idatzi dituztela hitzak edo gaizki egin dituztela bilaketak. Horrez gain, badakite batzuetan jendeak zuzenean esaldiak idazten dituela hiztegian, itzultzeko, edo itzultzaile automatikoa hiztegi gisa erabiltzen dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.