Patxi Bisquert. Aktorea

«Pello Mari Otaño ahanzturatik ateratzea da nire asmoa»

Pello Mari Otaño bertsolariaren bizitzako azken urteak jasoko ditu 'Ombuaren itzala' filmak. Patxi Bisquerten Eguzki Art Zinema ekoiztetxeak egingo du, eta auzolanean finantzatzea da asmoa.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
2022ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Aspalditik ari da Patxi Bisquert (Zizurkil, Gipuzkoa, 1952) Ombuaren itzala filma ondu nahian. Pello Mari Otaño (1857-1910) bertsolariaren memoria eta lana zaintzea, gordetzea eta gizarteratzea da asmoa, haren iritziz, «bakana» izan zelako. Otañoren bizitzako azken urteak kontatuko ditu filmak, 1890eko uztailean bigarrenez Euskal Herrira itzuli zenetik 1910ean Argentinan hil bitarteko urteak. Bisquert buru duen Eguzki Art Zinema ekoiztetxearen egitasmoa da, eta datorren urterako prest izatea aurreikusten dute.

Nolatan sortu zitzaizun Otañori buruzko film bat egiteko ideia?

Urte dezente igaro dira dagoeneko Koldo Izagirreri testua idazteko proposamena egin nionetik, dozena bat inguru. Otañorenganako maitasuna betidanik sentitu izan dut, oso pertsonaia interesgarria dela iruditzen zait. Gainera, txikitatik egon izan da presente nire bizitzan: amaren bi lehengusu, Martzelino deiturikoak, bertsolariak ziren, eta eztarria berotzeko Otañoren koplak abesten zituzten. Nik neuk ere garai hartan ikasi nituen kopla horiek, eta elkarrekin abesten genituen. Gerora, helduago nintzenean, haren bizitzari buruz gehiago irakurtzen hasi nintzen, eta konturatu nintzen hor bazegoela istorio polit bat. Hau da, merezi zuela Otañori buruzko zerbait egitea.

Nor izan zen Pello Mari Otaño?

Bere garaiko pertsonaiarik garrantzitsuenetarikoa izan zen gure kulturan, eta ez soilik bertsolari izateagatik. Otañok bazuen beste ezaugarri bat: garai hartan bertso munduan zebilen jende gehiena karlista zen, eta hau liberala. Ez zen arruntena giro horretan. Horrek ere badu bere xarma, ez? Liberala zen, baina baita foruzalea ere. Hortaz, 1876an, foruen desagertzearekin batera, Argentinara emigratu zuen lehenengoz. Aurpegi askoko gizona zen, zalantzarik gabe.

Otañoren bizitzako zein garai islatu nahi duzue filmaren bitartez?

Protagonistaren bizitzako azken bi hamarkadetan jarri dugu arreta, 1890. urte ingurutik 1910era. Argentinara hiru aldiz bidaiatu zuen, eta filma bigarren bidaia horretatik itzultzean abiatzen da, gutxi gorabehera.

Garai hori izan zen haren bizitzako emankorrena?

Bai, nolabait esateko, garai hartan egin zituen bere lanik sakonenak. Gainera, politikoki ere, sozialismoa, nazionalismoa... garatzen hasiko dira. Inflexio puntu bat izan zen. Gure zinemagintzan oso gutxi jorratu diren gaiak landuko dira filmaren bitartez. Euskal Herrian, foruak galduta, herria hutsetik eraikitzen hasi behar izan zuten; berpizkundea izan zen, eta, gaur egun ere, iruditzen zait berpizkundea behar duela Euskal Herri honek ere, aurrera egin ahal izateko. 40 urtetik gora daramatzagu demokrazian, baina herri honek ez du askorik aurreratu. Hausnarketa hori egitea oso interesgarria iruditzen zait.

Zer-nolako filma izango da?

Flim biografiko bat izango da, Otañoren bizitza aztertuko dugu: haren lanbidea, familia aurrera ateratzeko izan zituen arazoak... Ez zuen bizitza erraza izan. «Karlistek ez ninduten nahi, liberala nintzelako, eta liberalek, berriz, apalegia nintzelako», esaten zuen. Argentinara ere behartuta joan zen. «Ez noa borondatez, beharrak narama», zioen bere bertsoetan. Bertan laburbiltzen ditu argi eta garbi bere sentipenak.

Ombuaren itzala izenburua izango du ikus-entzunezkoak. Zeri egiten dio erreferentzia?

Argentinan ohikoa den landare bat da ombua, zuhaixka moduko bat. Otañorentzat zeresan handia izan zuen. Izan ere, haren bitartez, bere baserriaren atarian zegoen intxaurrondora bidaiatzen zuen, erreferentzia moduan hartu zuen. Haren itzalpean idazten zituen bertso sortak.

Belaunaldi berriek Otañoren berri izatea da, nolabait, filmaren helburuetako bat?

Hori da. Txikitan, oso ezagunak ziren Otañoren bertsoak gure inguruan. Baina, gaur egun inork ez du haren berri, inork ez du bertsolaria ezagutzen. Otaño ahanzturatik ateratzea da nire asmoa, zulo beltzean gera ez dadin. Hainbat ikuspegitatik aztertzeko moduko pertsonaia dela iruditzen zait. Sekulako ekarpena egin zion bertsogintzari, eta baita euskarari ere.

Auzolana da proiektuaren ardatz. Zein modutara ari zarete hori bideratzen?

Hainbat dira auzolanaren zutabeak: udalak, kultur etxeak, ikastetxeak... Eta, filma, leku horietan guztietan egongo da ikusgai. Izan ere, kasu honetan herria da ekoizlea, auzolankideak dira, eta filma horien eskuetan geratuko da. Bestalde, herriz herri ere banabil hitzaldiak ematen, eta Euskal Herritik kanpo ere zabalduko dugu: Argentinan, Madrilen, Bartzelonan, Galizian... Gutxienez, 400 bat zinema aretotara iristeko asmoa dugu.

30.000 sarrera saltzea da asmoa, hamar euroan.

Hori da, sarrera erosten duten horiek izango dira filmaren ekoizleak. Oraindik ez ditugu emaitzak, baina dagoeneko hainbat udaletan egon naiz, eta sarrerak salgai daude herri askotan. Horrez gainera, webgunearen bidez ere eros daitezke, pellomariotañoauzolana.eus helbidean. Pixkanaka, saltzen ari dira, eta herritar horietako bakoitzak, gainera, aitorpen bat izango du.

Eta, non grabatuko duzue?

Filmaketak 30 eguneko iraupena izango du, eta lehenengo hiru asteak Argentinan grabatuko ditugu. Gure asmoa da udazkena baino lehen Argentinara bidaiatzea eta lehen irudiak bertan grabatzea. Hala, udazkenean filmaketarekin hasteko aukera izango dugu hemen, eta datorren urterako prest egongo da ziurrenik.

Zuretzat zer esan nahi duproiektuaren sustatzaile izateak?

Buruhauste ederra izan da, eta buruko min asko eman dizkit, baina gogoz ari naiz. Proiektuan bete-betean sinesten dut, eta Koldoren testuak ere zoratzekoak dira. Gure herriarengan ere konfiantza osoa daukat, eta, hitzaldien bitartez, gero eta jende gehiago ari da proiektuan inplikatzen.

Gainera, aspaldiko partez,zineman ikusiko zaitugu, ezta?

Nire asmoa horixe zen:neronek egitea Otañorena. Baina, orain, ekoizle ere banaizenez, nahiko lan daukat dagoeneko. Hemendik gutxira castingak egiten hasteko asmoa dugu, eta edonork izango du horietan parte hartzeko aukera. Hala ere, filmean badut cameo-ren bat egiteko asmoa [barreak].

Zinema munduan kasualitatez hasi zinen: Segoviako ihesa izan zen zure aurreneko filma, ihesean parte hartu zenuenetako bat izan zinelako. Ezustekoa izan zen zuretzat halako proiektu batean parte hartzea?

Bai, bai. Ezusteko handia izan zen. Ez nuen inolaz ere imajinatzen aktore gisa bidea egingo nuenik, baina bizitzak halako birak ematen ditu. Pentsa, ekoizle gisa ere ez nuen imajinatzen neure burua, eta Eguzki Art Zinema sortu nuen.

Gerora etorri ziren Albaniako konkista, Akelarre eta Tasio, besteak beste. Nola eraman zenuen aktore ezagun izatearena?

Lasai hartu nuen. Niri, egia esan, famak ez dit ezer aldatu. Segoviako ihesa filmean 29 urte nituen dagoeneko; 32 inguru Tasio-ren garaian. Adin horrekin ez zara erotzen. Gauza asko egin izan ditut nire bizitzan zehar, ez naiz zinemara mugatu. Denetarik egin behar izan dut bizitza aurrera ateratzeko, hankak lurrean izan ditut beti.

Tasio filmarekin jo zenuen goia, eta haren ondotik eskaintza gehiago ere iritsi zitzaizkizun. Film hori egin izan ez bazenu, aktore izango zinen handik aurrera ere?

Baietz esango nuke. Segoviako ihesa-ren ondoren, ez nuen pentsatzen pelikula gehiagorik egingo nuenik, eta Tasio laugarrena izan zen. Jarraian etorri ziren guztiak. Ustekabean etorri zen dena, baina egon izan dira hutsuneak ere. 1996 inguruan fabrikara itzuli behar izan nintzen, eraikuntzan ere ibilitakoa naiz, Galizian sagardotegi bat irekin nuen... Aktore mundua beste lan batzuekin tartekatu behar izan dut beti.

Koldo Almandozen Oreina filmaren ondoren, aurki ikusiko zaitugu berriro ere zinema aretoetan. Zer duzu esku artean?

Paul Urkijoren Irati filma grabatu berri dugu, eta orain dela gutxi ere, Eñaut Castagnetekin film labur bat grabatu dut Lesaka inguruan. Ez naiz inoiz aldendu zinematik, baina inguratu ere ez. Orain, Otañorekin nabil jo eta ke, geratu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.