Albistea entzun

Karlos Linazasoro. Idazlea

«Begirada da idazle baten baliabiderik inportanteena»

Molde laburrean aritzea da Linazasororen marka, baita umore garratza, absurdoa eta ironia baliatzea ere. Hala ondu ditu bere azken bi liburuak ere, ibilbide osoan landu duen estiloari eutsiz.
ANDONI CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Sarasola -

2022ko maiatzak 17 - Tolosa

Ez dira asko berrogei liburutik gorako obra osatu duten idazleak. Horietako bat da Karlos Linazasoro (Tolosa, Gipuzkoa, 1962), baina ez du gustuko berari emankor adjektiboa eranstea. «Onez esaten bada bai, baina peioratiboki bezala esaten dutela uste dut. Ni ez naiz prolifikoa, ni langilea naiz, eta ez dira gauza bera». Hiru hamarkadako ibilbidean, genero ia guztietan atera du lanen bat, eta liburuzain lanbideak utzi dizkion denbora tarte ia guztiak idazteko baliatu izan ditu urte luzez. Nekatu dela aitortu du orain; idazten segitzen badu ere, idazletza lasaiago bizi nahi du aurrerantzean, bere estiloari uko egin gabe, betiere.

Laburrera jo duzu azken bi lanetan ere, Bizipox eta Samuel eta Slawo liburuetan. Zer ematen dizu labur aritze horrek?

Beti izan dut zaletasun hori, sekula ez dut idatzi nobela bat; gehienez ere ehun orritik pasatzen ez diren horietakoak izan dira, ipuin luzeak, azkenean. Mikroipuinak ere lehen liburutik jorratu izan ditut. Hemen ez dago ohiturarik, baina estatu espainolean, Hego Ameriketan... badute tradizio bat, eta asko erakarri nau beti. Ez naiz sekula nobelazalea izan; gazte-gaztetatik poesia eta ipuina idatzi edo irakurri izan ditut batez ere.

«Nobelaren tirania» salatu izan duzu, eta haren aurka borrokan urteak daramatzazula esan. Zer moduz doa borroka hori?

Gaizki [irriz]; uste dut galtzekoak ditugula. Nobela on bat egiteko talentu handia behar da; denbora asko eta diziplina izugarria, baina batez ere talentua, eta uste dut oso nobela gutxi daudela hasi eta buka ezer sobran ez daukatenak.

Kimaketa, ezabaketa da idazle baten egiteko nagusietako bat?

Bai, eta gero eta gehiago. Ez dakit zenbat urte daramadan idazten, baina oso obsesiboa izan naiz. Lobo Antunesek esaten zuen ez bazuen idazten oso gaizki sentitzen zela, eta idazten bazuen ez zegoela sekula erabat konforme. Kontrajarria dirudi, baina nik uste dut idazketak erantzukizun handia duela, eta beti duzu beldurra gaizki ari ote zaren... Azkenean, sufrimendu bat da. Badaude testu arinagoak, halako karga ez dutenak, Bizipox bezalakoak, eta hor pixka bat gozatzen dut, baina zerbait sakonagoa egitean... Askotan esan dut idaztea kondena bat dela. Jendeari esajerazio bat iruditzen zaio, baina nik urteetan hala bizi izan dut. Orain gutxiago eta lasaiago idazten dut, gauza laburrak idazten saiatzen naiz: mikroipuinak, poesia, aforismoak, sonetoak, haikuak... Halakoetan gutxiago idazten duzu, baina ez errazago.

Eta gutxiago sufritzen duzu?

Nire gustuko gauzak idazten ditut, zeren urte asko pasatu dira, esan duzu esan behar zenuen ia guztia, zure ibilbidea hor dago, zure obsesioak, betiko gaiak... Orain, lasaiago ari naiz, traste honen aurrean jarri ordez [ordenagailu eramangarria ukituz], koadernotxoetan. Halere, oso zaila da mikroipuin bat idaztea, adibidez, eta badirudi ezetz: laburra da, baina behar du milimetrikoa, justukoa; ideia on bat eduki, eta gero kenduz eta kenduz joan. Aforismoetan ere labur-labur esan behar duzu zer ideia duzun; nireak, gehienetan, umoretsuak izaten dira, ironia handikoak, gustatzen ez zaizkidan gauzak kritikatzeko. Uste dut aforismoak egiteko begirada oso zorrotza behar dela, eta baita kabroi xamarra izatea ere...

Zergatik hori aforismoetarako?

Uste dudalako oso genero egokia dela ironiarako, kritikarako eta pentsamendu zorrotzetarako. Nik mila aldiz esango nuen idazteari utziko niola behingoz, eta igual modu bat da ipuinak idatzi ordez gauza txikiak, aforismoak idazten hastea, eta, nola gero eta gutxiago idazten duzun, iritsiko da eguna ja ez duzuna ezer gehiago idatziko; baina justu kontrakoa da, oso genero adiktiboa da. Orain aparkatu xamar ditut, zeren... urteekin nekatu egin naiz, eta urduritu ere egiten naiz. Uste dut barruan sumendi bat dudala, eta lehenago ona iruditzen zitzaidan, baina orain su hori kontrolatu behar dut, zeren gaitz egiten dit.

Lehen aipatu duzun ardura hori nabari duzulako idaztean?

Bai, ardura, eta askotan pentsatu dudalako liburuak bukatu ondoren ahaztu egingo zaidala idazten, ez dudala jakingo. Nire truko bat izan da liburu bat bukatu aurretik beste bat edo bi hasita edukitzea, iruditzen zaidalako idaztea ahaztu egingo zaidala, eta horrek sufrimendu handia sortzen dit. Gero konturatzen zara ezetz, ez dela ahazten, baina beldur hori eduki izan dut. Orain, gauzak lasaiago hartu nahi ditut, eta ez dut proiektu handietan sartu nahi, nahiago dut nire gauza txikietan jardun.

Nondik sortzen zaizkizu gaiak?

Idazlea beti hiru-lau gairen bueltan dabil azkenean, behintzat nik idazlea ulertzen dudan gisan, zeren nire obsesioetako bat edo niretzat literaturan oso inportantea den zerbait idazlearen marka da. Hori lortu egin behar da, eta uste dut oso gutxik lortzen dutela. Eta, horretarako, duin izan behar duzu zeure buruarekin; zure obsesioak ondo zaindu behar dituzu, burua beti martxan eduki, eta ez errazera jo, nahiz eta jakin zure gauzak, estiloa, umorea edo gaiak ez direla mundu guztiarentzat. Alde horretatik, nik askotan sentitu dut frakaso sentsazioa... Beckettek esaten zuen, «frakasatu asko, frakasatu gero eta hobeto»... Hori goiburu bat da; gauza ia bera esaten zuen Oteizak, eta Letek ere sentimendu hori zeukala esaten zuen ibilbidearen bukaeran. Baina, noski, hiru horien frakasoa nik ere hartuko nuke niretzat [irriz]. Boutade bat da, baina ikasteko modua da, ez dago besterik, gauzak ez dira lehenengoan ateratzen: saiatu, erori, frakasatu... hori da ikasteko bidea.

Zure gaiei, zure estilo laburrari eutsi izana litzateke zure marka?

Bai, nire gaiei, idazteko moduari, umoreari, absurdoari; askotan, pertsonaiekin muturrera jotzen dut, eta gai sakonenak ere umorearen edo ironiaren bidez tratatzen saiatzen naiz. Ez dakit nobela edo ipuin liburu arrunt bat idazten, beti oso gauza heterodoxoak idazten ditut, modatik kanpokoak... Beti izan naiz outsider bat; gainera, genero desberdinak landu ditudanez, jendeak azkenean ez daki oso ondo zu non kokatu. Eta, azkenean, konturatzen zara hori izan litekeela zure kontrara etortzen den bumeran bat. Lehen barre egiten nuen, irakurle gutxi nituela, baina oso onak, eta halakoak. Baina gero konturatzen zara zuk ere nahi dituzula gehiago izan. Bai, baina zeure burua, zure esentzia, zure ideiak saldu gabe. Baina noski, betikoan jarraitzen duzu, eta alferrik da, bestela egin beharko zenuke beste gauza bat...

Eta zeure marka galduko zenuke orduan...

Hori da, eta niri azkenean hori inporta zait, hori ateratzen zait, hori da nire bizitza; askotan, nire sendabidea ere izan da. Mundua ikusteko nire modua da, nire jolasteko modua, zeren niretzat nire literaturan alderdi ludikoa da inportanteenetako bat, jolasaren bitartez gauza serioak esatea.

Jolaste horrek ez al du talka egiten idazten sufritzearekin?

Bai, kontrajarria da... Nik gauzak oso sakon —sakonegi— hartzen ditut, baina, gero, horiek nire burutik ateratzeko edo horiei buruz hitz egiteko, beste bidea hartzen dut; hartzen dut jolasa, ironia, karikatura, pertsonaiak egoera muturrekoetan jartzea... Askotan, gidoi moduko ipuinak ateratzen zaizkit, zeren niri gustatzen zaidana hezurdura da, errora joatea, dialogo disparatatuen edo umore beltzaren bidez; umore hori gustatzen zait: oso arma potentea da.

Batez ere narratiban agertzen duzu umore garratz hori. Dirudien baino konplikatuagoa da tonu horiekin asmatzea?

Niri ja berez ateratzen zait, aukeratzen ditudan gaiek ere horretarako bide ematen dutelako, baina dialogo erabat absurdoa dirudienak gero azpitik beti du bere karga. Nik uste dut literaturak iradoki egin behar duela; bestela, ez da literatura: dena emanda, esanda, bukatua ematea, hori ez da ezer.

Ia genero guztietan argitaratu duzu lanen bat. Zeren arabera jo izan duzu batera ala bestera?

Normalean ez ditut oso gauza luzeak idazten, eta bi hilabete baino gehiago ez dut irauten gauza bera idazten, hori jada kronometratua daukat [barrez]. Aspertu egiten naiz, eta esaten dut: «Orain, aforismoak idazten jarriko naiz». Eta burua horretara jartzen dut.

Orduan, generoa aukeratzen duzu aurrena, eta gero gaia?

Bai, aukeratzen dut, hartzen dut koadernoa, eta esaten dut: «Hamabost egunez jarriko naiz honetara». Eta ez dut beste ezertxo ere idazten. Bueno, poemak azpitik behar du beste pentsamendu bat, ideiek beste heldutasun bat behar dute, baina, buruan liburu hori baldin badaukat, horretara jartzen dut burua, eta batez ere begirada. Uste dut begirada dela idazle batek daukan baliabiderik inportanteena, genero guztietan.

Eta genero bakoitzak begirada desberdin bat eskatzen dizu?

Desberdina da, baina adi egon behar da. Aforismoren batean esan dut poeta batek idazten duela denen begien aurrean dagoen baina inork ikusten ez duen hori, begiratzen ikasi behar baita.

Baduzu genero kutunik?

Niri poeta izatea gustatuko litzaidake.

Ez al zara poeta?

Oraindik ez. Niretzat, genero nagusia, esentziala, poesia da; hitza hor sortzen da. Idazle poetak maite ditut gehien, eta, gero, ipuinlariak; horiek ere baztertu xamar daude, baina, orain, ipuingintzak garai on bat izan du gure literaturan, zirrikitu bat ireki du nobelaren itzalpean. Nik nahiko nukeena da mikroipuinlari gehiago egotea euskal literaturan.

Prosari edo poesiari heltzeak aldarte desberdinak eskatzen ei dizkizu. Zein bakoitzak?

Uste dut poesiak eskatzen duela halako barnera biltze bat; ez dut esango tristura, baina bai barrura begira jartzea. Faktore asko dira: eguraldia, egoera pertsonala, triste zauden edo pixka bat itzalia... eta orduan errazago ateratzen da, hori eskatzen dizu gorputzak. Zure kezka, min horiek ateratzeko modu bat da nolabait. Gero, nik badut nire umorea, nire ironia... Bi alderdiak dauzkat, eta segun nola nagoen, gorputzak batera edo bestera bultzatzen nau; hori oso nabarmen ikusten dut.

Prosazko lanen aldean, mundu ikuskera argiago bat agertu izan duzu poemetan.

Bai, prosan mundu garratzago bat agertu izan dut, eta poesian, berriz, maitasuna, bizitza ospatzeko gogoa, natura, lagunak... bizitzeko ditugun arrazoi guztiak.

Poesia bilaketa dela esan izan duzu. Zeren bila aritzen zara zu?

Maria Zambranok esan zuen bezala, misterioaren bila. Misterio bat dago, eta nik uste dut misterio hori idatziz soilik aurki litekeela; akaso ez duzu sekula aurkituko, baina horretan saiatu behar duzu. Zer den misterio hori? Ba, ez dakit, inork ez daki, baina badakizu ez dakizun zera horrek salbatu egingo zaituela. Eta horretan jardun behar duzu etengabe, seguru asko alferrik [barrez]. Baina hor dago tiratzen zaituen soka, amua; zuk nahi duzun hori hor dago, eta ez dakizu non dagoen eta zer den, baina hori da erakargarria.

Poemek ezin dutela gezurrik esan ere esan izan duzu. Zer litzateke poema batean gezurra?

Zeure buruarekin duin ez izatea, plantak egitea, irakurleak nahi duena ematea, benetan zu ez izatea... inpostore bat izatea.

Egunero idazten duzu?

Bai. Egunean zortzi ordu egiten ditut liburutegian, urte askoan goiz eta arratsaldez, eta, orduan, eguerdian nuen tartea idazten pasatzen nuen, edo, bestela, etxera joan, eta gauean, edo goizean... tarte eta zirrikitu guztietan idazten nuen. Hala, urteak eta urteak izan dira. Lehen gehiago aprobetxatzen nituen tarteak, oporrak... Izan nintzen lanaldi murriztuan ere, eta arratsaldean etxean egoten nintzen idazten; orduan bai idatzi nuela kristoren pila, eta, gainera, gustura. Gero hura pasatu zen, eta ja... nekatuta nago.

Eta uste duzu bolada bat dela?

Ez. Sumatzen dut nekea, eta sumatzen dut frakaso puntu hori-edo nolabait. Parte handi batean, nire erruz da, zeren gauza irakurterrazagoak egin nitzakeen, genero errazagoak aukeratu, edo nobelak idatzi, edo... Sentsazioa da nire liburuak ez direla iristen irakurlearengana, eta egon litezke arrazoi asko, baina hori da sentsazioa; alde horretatik, desilusio puntu bat nabaritzen dut nire baitan. Orduan, honek ez duenez bueltarik, alde onekin gelditzen naiz, eta gauzak lasaiago hartuko ditut. Bestalde, normalean kritikoek eta irakurleek beti oso ondo tratatu naute, eta badut poz hori.

Ni oso kontentu nago neure buruarekin duin izan naizelako bukaerara arte, ez dudalako neure burua saldu, eta nire gaiekin jarraitzen dudalako, nire obsesioekin, nire pentsamoldeekin, nire kezkekin, nire idazteko moduarekin... Eta hori jada ez dut aldatuko, ezin dut. Nire ustez, eutsi behar diezu zure gaiei, zure kezkei, zure obsesioei, zure umoreari, zure izateko erari; hori da marka. Bestea, niretzat, ez da zeure buruarekin duina izatea; alde horretatik, uste dut neure buruarekin duina izan naizela; hori oso inportantea iruditzen zait.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA / BERRIA

Etxe berri bat euskarari

Unai Etxenausia

Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak amaiera emango dio zortzi urteko ibilbideari. Elkarlana eta euskara ardatz hartuta, Arabako euskal sortzaileen akuilu izan da.
Iban Illarramendi eta Eider Perez sarituak, atzo, Iruñean. ©ETXEPARE

Iban Illarramendik eta Eider Perezek irabazi dute Etxepare saria

Erredakzioa

'Kiratsa' album ilustratuarekin eskuratu dute saria. Arkakuso baten abenturak ditu kontagai, eta Pamielak argitaratuko du lana, udazkenean
Ekainberriko labar pintura bat. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Historiaurre garaikide bat

Jone Bastida Alzuru

Munduko ondarea da Ekaingo kobazuloa, eta haren erreplika bisitatzeko aukera dago Zestoan: Ekainberri. Duela 13.000-14.000 urteko labar pinturen kopiak daude bertan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.