Patxi Zubizarreta.
HIRUDIA

Pikuen mintzoa

2015eko urriaren 29a
00:00
Entzun
Elkar ezagutu berri eta, agian amorosten hasia, Parisera itzuli aurretik emakumeak Lesakara jo zuen auto kalamastra batean. Noraezean, gizonaren baserria aurkitu ezinik, azkenean laborari bati egin zion galdera: «Irazokiren bila nabil, idatzi egiten du». Laborariak, orduan, Irazokitarren artean nortaz ari zen jakin nahian: «Idazten duen edo ez niri bost: zein auto mota dauka?». Eta emakumeak erantzun ziolarik, eduki, gizonak ez zeukala autorik, laborari desengainatuak aisa azaldu zion bidea.

Aitor dut ez naizela liburu aurkezpen zalea, halako ekitaldi asko eta asko kontrako eztarritik joan izan zaizkidala, baina Lesakara inguratu nintzen hala ere. Los hombres intermitentes obran, autorik gabeko poetari irakurri nion anaia jaiotzean hil zitzaiola; aitak, orduan, hilobi gisako bat prestatu zuen baserri alboko pikondo baten azpian, eta amonak hantxe lurperatu zuen haurra, aingerutan hildako ninia. Haur denboran, poeta pikondo horretara igotzen zen, fruituak noiz helduko. Eta uda azkentzean edo udazken hasmentan, astiro jaten zuen fruitua: pikuak anaiaren mintzoa ziren, pipitak anaiaren hitzak ziren; eta astiro mastekatzen zituen, anaia hilak lur barnetik bidalitako hitzez eta mezuez hobeki jabetzeko. Halako testuekin ni neu ere amorosten hasia, nola ez nintzen, bada, Paristik etorria zen poetaren aurkezpenera joango, nahiz eta larunbatean izan, arratsaldeko zazpietan, Lesakako udalean… Gainera, galduz gero, gutxienez banekien autorik gabeko Irazokiri buruz egin behar nuela galdera.

Baina ez, zorionez ez nintzen galdu eta garaiz eseri ahal izan nintzen harrigarriro mukuru beteriko udal areto egurrezkoan. Eta pikuaren pipitak nola, Irazokik halako molde delikatuan eskaini zizkigun bere poetikaren aleak, han geunden guztiok —herritar asko eta asko, joandakoak eta bertaratutakoak, bere poemetako protagonista dira—, astiro murtxikatu eta gozamen betea eskaini zigutenak. Baina oraindik ere liburu aurkezpen erakargarriak egitea badagoela erakustearekin batera, kasik epifania laiko baten gisara, berriro ere literaturaren xarma berritu zidan idazleak, urteen poderioz apur bat higatua eta herdoildua nuena. Saioan zehar bidelagun izan zuen Mikelek, poetarengan musikak duen eraginaz jabetzeko, Oskar Alegriaren erreportaje bat gomendatu zigun (http://www.franciscojavierirazoki.com/html/videos.html) eta hori ere, behin etxeratutakoan, ekitaldiaren osagarri bikaina gertatu zitzaidan.

Hurrengo egunean, Hendaiako Abbadia eremuan egonaldia egiten ari den adiskidearengana joan nintzen, Nekatoenea egoitzara. Sagastian topatu nuen, sagar arbolei begira: «Zuhaitz baten kontenplazioa norberaren kontenplazioa da», esan zidan agurtu ere baino lehen. Eta pikuen ordez, idazle lagunak aurrena sagarrak eskaini zizkidan, eta sagarnoa hurrena. Hegorantza zihoazen uso saldoek urrutimina piztu ziguten, baina baita solasa ere, eta deitoratu genuen ubikuitatearen dohaina ez izatea, usoekin batera hegaldatzeko, apika Donostiako San Telmo museoraino, zeren ordu bertsuan Galtzagorri elkartearen 25. urteurren festa bertan ospatzekoa baitzen. Beste hurrupa bat egin genuen gu garen haien alde eta, oro har, literatura ezinbesteko edabe dutenen alde, maitale sutsu isil horien alde, zeren horiek gabe —elkarte, bibliotekari, maisu-maistra, idazkari, esatari, kazetari… ezkutu horiek guztiak, apenas nabarmentzen diren arren behar-beharrezko ditugunak, osatu egiten gaituztenak—, bidaide horiek gabe nekez ospatu ahal izango baikenuke literaturaren festa eta miraria. Adiskideak, orduan, aitorpen bat egin zidan: «Unibertso osotik gutako bakoitzak baztertuko balu behar ez duen guztia, akaberan hona zer geratzen zaigun: entsalada bat, baso bat sagarno, Virgilioren bertso batzuk, kontraleiho gorri bat, karezko horma zuri bat eta solastatzeko arratsalde luze amaigabea». Aintzane adiskidea ere hurbildu zitzaigularik, topaka jarraitu genuen, eta, Virgilioren bertsoen faltan, Irazokiren Orquesta de desaparecidos poema liburuko pikuak dastatzen aritu ginen ordu aldaketak ere zapuzterik izan ez zuen arratsalde luze amaigabean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.