Maialen Berasategi Catalán.
HIRUDIA

Aske gara aske

2018ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
«Nork neur dezake emakume baten gorputzean harrapatu eta kateatutako poeta-bihotzaren sua eta bortxa?»

V. Woolf, Gela bat norberarena

Bazen behin Nela izeneko neska bat, errota batean bizi zena anaiarekin eta aita bortitz batekin. Behin, Reiner gazte galaiarekin maitemindu zen, hark bizimodu hartatik askatuko zuelakoan, baina haurdun geratu zen, eta gazte galaiak, berria jakin orduko, Pello Joxeperen pare ospa egin zuen tabernara ez baizik leku urrunago batera. Nela abortatzen saiatu zen orduan, baina lortu ez. Haurdunaldia, erditzea, umea bera ere ezkutatu, baina, egun batean, Nelaren aita ezkontzaz kanpo jaiotako biloba deskubritzear zegoela, neskak errotarrira bota zuen haurtxoa, eta erotzat jo zuten orduan, eta psikiatrikoan sartu. Eta hala bazan edo ez bazan…

1898an, Olot-eko Lore Jokoetan, lehen saria eman nahi izan zioten Nela gazteari buruzko antzezlan tragiko hari (La infanticida); saria eman nahi bai, baina azkenean eman ez, ohartu baitziren Caterina Albert zela idazlea, eta nola emango zioten, bada, lehen saria halako obra odoltsu desatsegina idatzi zuen andre bati. Harrezkero erabaki zuen Caterina Albertek, bere borondatez noski, ez zuela santa sekula idatziko bere benetako izenez, eta «Víctor Català» sinatuko zuela aurrerantzean.

Albertek baino lehen, Mary Ann Evansek ere bere kabuz erabaki zuen George Elliot izango zela bere ego idazle publikatzailea, eta antzera Joanne Rowling-ek ere, askoz berrikiago, XX. mendearen bukaeran: argitaletxekoek, asmo on-onez, eskatu zioten izenez ez baizik inizialez sinatzeko liburuak, idazlea emakumezkoa zela ikusten ez bazen errazago salduko zirelakoan, eta sinadura neutro horri esker bihurtu ziren Harry Potter-en abenturak, inondik ere, best-seller munduan.

Elena Ferrante ere izengoitia omen. Idazle horrek gaitzizena zergatik darabilen, auskalo, baina, haren tetralogia ospetsu bihurtzen hasi zenean, zer zurrumurru zabalduko, eta idazlea egiaz gizona zela. Formula, argia bezain iluna: talentu literarioa + arrakasta = gizasemea. Elena Garrok, aldiz, ez zuen sekula pseudonimorik erabili, baina erabili balu ere bost axola, zeren Elena Garro, ez zaitezte engaina, ez zen izan Mexikoko idazle gailenetako bat, baizik «Octavio Pazen emaztea, Bioy Casaresen amorantea, García Márquezen inspiratzailea eta Borgesek miretsia». Ko eta ño! Ez da broma: halaxe aurkeztu zuten idazlea haren liburu baten Espainiako edizioan.

Aizue, eta Beauvoir? Nor da Beauvoir? A! Ez idazle oparo bat, ez Mendebaldeko mugarri filosofiko garrantzitsuenetako baten egilea, ez: Sartreren ohaidea. Eta Mikaela Elizegi, alias Mikela Zintzarri? Bertsolaria? Ez. Noren zer? Bada, Pello Errotaren alaba, aitaren bizitza kontatu zuena, Euskal Matriarkatu Ez Batere Fantasiazkoan bere borondatez erabaki zuena bertsolari ospetsu ez izatea. Eta Lorna MacDougall, nor da hori? Literaturako Nobel saridun bat? Ez: Kazuo Ishiguro iazko Nobel irabazlearen andre santua, zeinak gutxienez hilabete eman baitzuen, «bere ordutegi lanpetuaren despit» (Ishiguro dixit, lasai asko), senarrarentzat kozinatzen eta etxeko lan guztiak egiten eta harentzako dei eta mezu guztiak hartzen eta enkargu guztiak egiten, hartara Ishigurok idatzi beste ezer egin behar izan ez zezan, bere maisulanetako bat ontzeko «egoera mental» aproposa irits zezan. Neskame bat artistaren zerbitzuan osoro, maitasun eta matrimonio santua dela mediante.

Eta... anonimoak? Tira, hamaikatxo baino gehiago izango ziren historian idazle emakume anonimoak, baina andreok naturalezaz dugun umiltasun femeninoaren ondorioa da hori, jakina. Eta zerbait idatzi nahi baina idatzi ez duten emakumeak ere, alferkeriaren, ezjakintasunaren, anbiziorik ezaren mirabeak. Zerikusirik ez gela bat (eta denbora bat) norberarena ez edukitzearekin. Zerikusirik ez Judith Shakespeareren patu makurrarekin. Ez dakit zeren kexu garen, ahizpok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.