Gutxieneko baldintzak jokoan

Kaleratu berri duen txostenean, CPT Torturaren Prebentziorako Europako Batzordeak kezka agertu du kartzeletako «gainpopulazioa» dela eta, presoen oinarrizko eskubideak urratzea eragiten baitu. Hori konpontzeko, CPTk ezinbestekotzat jo du interes talde guztien «ekintza sistematikoa».

Zaballako kartzela, Iruña Okan (Araba), artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun

CPT Torturaren Prebentziorako Europako Batzordeak 31. txostena argitaratu zuen apirilaren 24an, eta nabarmendu du kartzeletan jendea pilatuta egoteak eragina duela presoen oinarrizko eskubideetan. Batzordeak urtero argitaratzen du txosten bat presoen inguruko baldintzak aztertzeko asmoz, baita justiziaren gabeziak hizpidera ekartzeko ere. Besteak beste, zigorren politikaren ingurukoak.

CPTk iazko urte osoan aldizkako eta helburu jakin baterako bisitak egin zituen Europako Kontseiluko kide diren herrialdeetako presondegietara. Besteak beste, Austriara, Bulgariara, Lituaniara, Errusiara, Serbiara, Suediara, Suitzara, Turkiara eta Erresuma Batura. Bisita horien xede nagusia zen aztertzea nolakoak diren atxilotuen baldintzak eta kartzeletan ematen zaien tratua. Baita batzordeak aurretiko bisitetan eman zituen gomendioak betetzen dituzten edo ez ikuskatzea ere. Hain justu, CPTren bisita batean elkarrizketatutako preso batek zera salatu zuen: «Sardinak bagina bezala tratatzen gaituzte; ziega txiki batean pilatuta, ezer egin gabe».

Ikusi gehiago:Alan Mitchell, CPTko presidentea: «Askatasunaz gabetzen ez duten neurriak areago aztertu beharko lirateke»

Horren harira, eta Europako Kontseiluko kide diren herrialdeetako presondegietara egindako bisita guztietan batzordeak jaso duen informazioa kontuan hartuta, kartzeletan preso asko daudela salatu du CPTk: «Kartzeletan preso asko egotea kaltegarria da presoentzat, baita haien ingurukoentzat ere. Eta fenomeno hau ez da krimenak ugaritzearen isla, zigor politika zorrotzagoen ondorioa baizik. Besteak beste, sarriago eta luzaroago atxilotzea, espetxe zigor luzeagoak ezartzea, eta askatasunik gabeko alternatibetara jotzea».

Batzordearen iritziz, presoen pilaketa masiboak kartzela gizakientzako «biltegi» bihurtzeko arriskua dakar, eta ezerezean uzten ditu torturatzeko debekua eta tratu txarrei amaiera emateko ahalegina, oinarrizko eskubideak urratzen baitira. Ondorioz, leku eta pribatutasun faltak arriskuan jartzen ditu presoak. Bereziki, posizio zaurgarri batean daudenak.

Horrez gain, kartzeletan preso gehiegi egoteak eragina du han daudenen osasunean eta ongizatean: «Bereziki, tuberkulosia eta beste arnas gaixotasun batzuk transmititzeko arriskua areagotzen da», azpimarratu du CPTk. Bestalde, norbere buruarena ez ezik, ingurukoen osasuna ere arriskuan egon daiteke: «Presondegi bat jendez gainezka badago, eta preso horiek gaixo daudela askatzen badituzte, herritarren osasuna ere arriskuan dago», ohartarazi du CPTk.

Gidalerroak

Batzordearentzat, funtsezkoa da neurketa komun bat finkatzea preso bakoitzari eman beharko litzaiokeen bizitzeko gutxieneko espazioari dagokionez. Eta zehaztasunez zehaztea zenbaterainoko jende pilaketa dagoen presondegietako ziega bakoitzean, espetxe bakoitzean, espetxe sistema bere osotasunean kontuan izanik.

Horren harira, CPTk gidalerro batzuk eman ditu: «Alde batetik, onartzeko edo nahi izateko modukoak diren, eta, beste alde batetik, onartezinak edo nahi izateko modukoak ez diren estandarren arteko lerroa marraztu dugu. 1990eko hamarkadaz geroztik, batzordeak kontuan hartu du preso orok gutxienez lau metro koadroko espazioa eduki beharko lukeela okupazio zelula ugaritan, eta sei metro koadrokoa zelula bakarretan —bateratze sanitarioak alde batera utzita—».

Batzordearen iritziz, espetxe bakoitzeko presoen gehieneko kopurua mugatu beharko litzateke, bizitzeko gutxieneko estandarra bermatu nahi bada. Horrela, espetxe bat muga horretara iristen den bakoitzean, dagokien agintariek urrats egokiak egin beharko dituzte ziurtatzeko kartzelak baldintza onargarriak betetzen dituela zaintzapean hartu edo espetxeratu berri den pertsona bat atxilotzeko, baita bizitzeko espazioari dagokionez ere.

Kartzela ez diren aukerak

CPTk gogorarazi du arazoa konpontzeko ezinbestekoa dela aztertzea zergatik irauten duen kartzeletako jende pilaketak. «Europako Kontseiluko kide diren estatu gehienetan, badira espetxeratzeaz bestelako alternatibak. Baina ez dira ez egokiak, ezta eraginkorrak ere. Izan ere, askotan epaiketaren aurreko faseetan erabiltzen dira, askatasunaz gabetzen ez duten neurri apal gisa hartuta. Nahiz eta baldintzapean aske uztea gero eta ohikoagoa den, horrek ez du modu iraunkorrean murrizten kartzelan dauden pertsonen kopurua».

Europako zenbait herrialdetan diru asko gastatu dute espetxe berriak eraikitzen eta espetxeen lursaila handitzeko politikak onartzen. Batzordeak uste du espetxe berriak eraikitzeak eta kartzelen edukiera handitzeko neurriak hartzeak nekez lortuko dutela presoen pilaketaren arazoa luzera begira konpontzea. Inbertitzeak arazoari konponbidea ematen ez dion bezala, indultuak eta amnistiak ematea ere ez da irtenbidea, CPTren arabera.

Askatasunaz gabetzen ez duten neurriek indartu egiten dute justizia penaleko sistema batek eman beharko lukeen babesa, eta hori, batzordearen iritziz, «gutxietsita» dago. Horri irtenbidea eman nahian, CPTk uste du urrats «garrantzitsua eta ezinbestekoa» dela zigorrak betetzeko gizartetik datozen sormenezko konponbideak sustatzea. Hala ere, batzordeak aitortu du komunitateko zerbitzuak garatzea eta kontroleko sistema elektronikoen erabilera eraginkorra, gainbegiratzaileekin bat datorrena, ez direla nahikoa.

CPTk gogorarazi nahi du kartzeletan preso gehiegi egotea ez dela arazo bat espetxeen zuzendarientzat eta kartzeletako administrazioarentzat, ezta gobernuek bere gain hartu beharreko zerbait ere. Horren ordez, azpimarratu du esperientziak erakutsi duela beharrezkoa dela interes talde guztien «ekintza sistematikoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.