«Harresia» gainditzeko borroka

Hitzarmena lortzeko helburuz, beste bi greba egunetara deituta daude Gipuzkoako papergintzan biharko eta etziko. Adegiren borondate eskasa salatu du LABek: «Orain ez dago negoziaziorik».

Gipuzkoako arte grafikoetako langileek Tolosan irailaren 25ean egindako manifestazioa. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Hodei Iruretagoiena.
2019ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Martxoan hasi ziren negoziazioekin, eta ekainean mobilizazioekin eta grebekin. Sektoreko hitzarmena lortzeko, sei greba egun egin dituzte dagoeneko Gipuzkoako grafikagintzako langileek, baina LAB sindikatuko arduradunen hitzetan, «patronalaren harresiarekin» aurkitu dira negoziatzen saiatu diren aldiro. «Adegik ez dio kasurik egin eskaera bakar bati ere», salatu du Jonan Goñi industria arloko Gipuzkoako arduradunak: «Badakigu borroka dela bide bakarra, eta langileek jarraitzen diguten bitartean, borroka egingo dugu hitzarmena lortzeko». Biharko eta etzirako grebara deitu dituzte beharginak, eta manifestazioak ere egingo dituzte: asteazkenean Tolosan, 12:00etan, Triangelu plazatik hasita; eta ostegunean Donostian, 12:00etan, Gipuzkoa plazatik.

«Momentu honetan ez dago negoziazio mahairik», txarretsi du Goñik. Adegik berak eskatuta, uztailaren 2an bildu ziren azkenengoz, baina LABek, ELAk eta UGTk osatutako langileen plataformak kritikatu zuen Gipuzkoako patronalak ez zuela proposamen berririk eraman. Goñi: «Esan ziguten bazkideekin bilera bat egingo zutela egoeraz hausnartzeko, eta berriren bat baldin balego, deituko zutela mahaira. Oraindik ez dugu deirik jaso».

Soldataren ingurukoa izan da plataformari Adegik aurkeztutako proposamen bakarra: lansaria KPIrekin parekatzea. «Lan karga badago, eta patronalaren eskaintza urri horrek ez dio errealitateari erantzuten», azaldu du LABeko kideak. Soldata KPIaren gainetik igotzea zen sindikatuen eskarietako bat, baina nabarmendu dute garaia badela bestelako eskubide batzuk hobetzeko ere. Besteak beste, lizentziak egokitu eta hobetzea nahi dute; adibidez, lanegunak hartzea aintzat senideen heriotzagatik har daitezkeen bi baimen egunetarako, eta kontuan izatea guraso bakarreko familiak. «Gauza horiek ere eguneratu behar dira, zenbait kasutan, zaharkituak geratu baitira».

Kontratazio irizpideak ere hobetu nahi dituzte, batez ere behin-behinekotasuna murrizteko, kontratazio berrietan gertatzen diren bidegabekeriak eragozteko, aurrejubilaziorako baldintzak hobetzeko...

Hitzarmenari berari buruzko aipamena ere jaso nahi dute itun berrian: herrialdekoa izan dadila Gipuzkoako langileei ezarriko zaiena, ez Espainiako Estatukoa. Goñik azaldu du arrazoia: «Patronalak etengabe mehatxatzen gaitu estatuko hitzarmenarekin».

Gipuzkoako azken hitzarmena 2016an negoziatu zuten, eta hura ere borroka sindikalaren ondorio izan zela gogorarazi du LABeko kideak; hiru greba egunen ondoren sinatu zuten ituna. «Euskal Herrian berritu den hitzarmen bakarra Gipuzkoakoa izan da. Nafarroan, 2012tik berritu gabe dago; Bizkaian, 2011tik», azaldu du Goñik: «Eta hori lortu dute langileek mobilizatzeko gaitasuna izan dutelako. Badakigu Adegi ez dela Bizkaiko edo Nafarroako patronala baino eskuzabalagoa». Araban ez daukate herrialdeko hitzarmenik.

Elkartuta, errazago

Ehun enpresa inguru daude Gipuzkoan grafikagintzako sektorean, txikiak gehienak: SAM, Zelatun, Corenso, Borobil, Arrosi, Cicarsa, Antza, Manipulados del Araxes, Otzarreta, Mayensa, Goierri... Denera, 1.000 langiletik gora ari dira, baina hiruzpalau enpresak baino ez dituzte 50 behargin baino gehiago. Askotariko produkzioa dute, gainera: gutunazalak, kartoizko kutxak eta bilkariak, automoziorako pieza txikiak... «Ia enpresa bakoitzak produktu bat egiten du», Goñiren hitzetan.

LABek (%52) eta ELAk (%41) dute langileen ordezkaritzarik handiena, eta UGTk txikiagoa (%6). Patronala Garen elkartean ere badago, baina hark ez zuenez ordezkaritza frogatu, Adegiren gain geratu zen negoziazioa.

LABeko kideak gogora ekarri duenez, «zailagoa» izaten da enpresa txikietan langileak mobilizatzea. Eta, hala ere, greba deialdiek jarraipen zabala izan dutela nabarmendu du: %70 eta %90 artekoa, plataformaren datuen arabera. «Aurreko hitzarmenak aurrera atera baditugu, enpresa txikietako langile horiei esker izan da. Erakutsi digute badutela atxikimendua hitzarmen horrekin. Hain zuzen, txikiak direlako ulertzen dute herrialdeko hitzarmenik gabe egoera askoz zailagoa izango dutela. Beraiek badakite: 'Edo elkartzen gara, edo oso zaila izango dugu lantokiz lantoki lan baldintza duinagoak lortzea'».

Horixe baita bidea, LABeko kidearen iritziz. Eta ez bakarrik sektore batean edo bestean; denean. Helburu hori ere badu Donostiako manifestazioak: «Espero dugu industriako ordezkarien babesa jasotzea. Metaleko langileak ere greban egongo dira, etamobilizazioetan ahalik eta jende gehienak hartu behar du parte. Arazoa berdina da denentzat: patronalaren jarrera itxia eta handinahikeria. Gaur grafikagintzako langileak dira, baina bihar beste sektore batzuetakoak izango dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.