Albistea entzun

Koronabirusa. Pandemiaren tolesturetan (I). Juan Ignacio Perez Iglesias.

«Bizitza aldatu behar badut, azal iezadazu zergatik»

Kultura zientifikoa hauspotzen jardun du beti, eta izurriak agerian utzi du horren garrantzia: gizarte osoaren ahotan jarri ditu ezagutza sortzeko prozesuak, ikuskizun ere bihurtu dira hainbatetan, eta begirada kritikoa zolitu behar da.
JUAN CARLOS RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Iraola -

2020ko abenduak 29 - Donostia

Juan Ignacio Perez Iglesias (Salamanca, Espainia, 1960) EHU Euskal Herriko Unibertsitatean Fisiologia katedraduna da, eta Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendaria; unibertsitatean bertan errektore ere izan zen 2004-2008 aldian. Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademiako lehendakaria da azarotik. Erantzukizun handiko kargua dela esan du: «Oraindik hazten ari den erakunde bat da: bere lekua ondo finkatu behar du. Erronka interesgarria da». COVID-19aren izurriak bizitza guztiz zedarritu duen garaiotan, kultura zientifikoaren gaineko gogoetek aparteko garrantzia hartu dute; Jakiunde bera mundura begira jartzeko talaia ezin hobea da, eta, horregatik, Perez Iglesias solaskide ezinbestekoa da garai nahasioz aritzeko.

Zientziak aparteko lekua hartu du. Haren inguruko dudak ere sortu dira. Esaterako, Txinatik zetozen mezuen oihartzuna bizkor ozendu zen urte hasieran, baina, hala ere, zenbait zientzialari guztiz ezustean harrapatu zituen izurriak. Kale egin zen gaiaz metatzen ari zen ezagutzaren transferentzian?

Segur aski, bai. Gauzak ez dira inoiz guztiz ondo egiten, eta prestatu gabe harrapatu gintuen honek. Gainera, behin gaia heldu zenean, eferbeszentzia handia egon zen, eta jende askok bere iritzia bota zuen: espekulazio asko egin ziren, gauza asko esan ziren. Horren ondorioz, infodemia handia egon da gai honekin lotuta. Denborak argitu ditu gauzak pixka bat: orain dauzkagun datuak fidagarriagoak dira, hobeak, eta orain ari gara gauzak esaten konfiantza handiagoarekin. Hala ere, oraindik gauza asko ikasteko dauzkagu; pandemia honetaz, birus honetaz, eta dituen ondorioez. Asko.

Aipatu duzu lehen asteetako eferbeszentzia, asaldura. Normala da gizarteak eta erakundeek, artega, zientzialariei argibideak eskatzea. Nola erantzun horrelako ataka gaitz batean infodemian jausi gabe?

Zientzia komunitateak, hasiera-hasieratik, inoiz egin gabeko zerbait egin zuen. Hori ere esan egin behar da. Lehen unetik sortu zen sekulako kolaborazioa mundu osoan. Bat-batean, milaka zientzialari lotuta zeuden, elkarrekin harremanetan, informazioa partekatzen, eta gauzak ikasteko bide eta tresna oso ahaltsu bat eman zigun horrek. Kontua da horrelako egoera batean oso zaila dela hasieran egiten diren lan eta argitalpen guztiak baloratzea, behar den bezala kontrastatzea... Eta orain material hori dena dago mundu guztiaren eskura: edonork har dezake, eta erabili. Eta esan dezake: «Begira zer esan zuen halako zientzialarik!». Ondorioz, jendearentzat zenbaitetan mezuak kontrajarriak izan dira, eta horrek elikatu du gizartean hainbat mezu zabaltzea. Hortik edan dute: kontrastatu gabeko iturri horietatik. Eta ez dago modurik hori kontrolatzeko. Begira zein zaila eta nahasia den kontu hori, egun adimen artifiziala erabiltzen hasi baitira datu baseetan iturri bibliografikoak baztertzeko eta interesgarriak eta baliagarriak izan daitezkeenak bakarrik hautatzeko...

Uholde bat baita…

Hori da. Eta pertsona bakar batek ezin du hori guztia aztertu, ez dago horretarako modurik. Baina, alde horretatik, hala ere, uste dut honetatik irakaspen bat baino gehiago aterako ditugula, eta baliagarriak. Hainbat ikertzailek diote pandemia hau dela aurrerago etor daitekeen beste pandemia txarrago baten atarikoa; alde horretatik, orain informazio uholde horri aurre egiteko erabiltzen ari garen modua, nolabait ere, entsegu bat da, eta hurrengoa datorrenean hobeto jakingo dugu nola kudeatu informazio hori dena.

Nola ez galdu, ezta?

Bi gauza daude. Batetik, informazio baliagarri asko egon daiteke lurperatuta: ezkutuan. Arazo bat da informazio hori eskuratu ezina. Beste arazo bat da, era berean, agerian dagoena, zirkulazioan dagoena, informazio txarra izatea, informazio okerra. Biak hartu behar dira aintzat.

Halako ataka batean, garrantzitsua da gizartea kultura zientifiko baten jabe izatea. Zer erakusten ari da, oro har? Nota jar dakioke erakutsi duen mailari?

Ez naiz ausartzen nota bat jartzen. Hala ere, zehaztapen bat egin nahiko nuke hor. Kulturan jantzia den gizarte bat da helburua: kultura oso zentzu zabalean ulertuta. Eta kultura horren barruan, kultura zientifikoa. Testuinguru honetan, kultura zientifikoaz ari garenean, ni ez naiz ari bakarrik epidemiologiaz, edo mikrobiologiaz, edo birologiaz... Ari naiz, orokorrean, ezagutza eskuratzeko prozesuez, horren muineko kontzeptuez. Oso inportantea da jakitea, adibidez, zientzia ez dela erabat finkatuta dagoen ezagutza multzo bat. Egunero ari da berrikusten, berraztertzen, zuzentzen. Horren arabera, kasu honetan, adibidez, aste batetik bestera, edo hilabete batetik bestera aldatzen ari da fenomeno honen inguruan daukagun irudia, eta irudi aldaketa horren arabera, baita hartu beharreko neurriak ere. Zer gertatzen da? Pentsatzen badugu zientzia ezagutza finkoen multzo bat dela, ez dugu ulertzen mezuak zergatik aldatzen diren pandemiaren garapenean zehar, eta zailago onartzen ditugu esaten zaizkigunak, ematen zaizkigun gidalerroak. Gero, bestalde, halako egoeretan oso inportantea da konfiantza: zientzialariengan, komunikatzaileengan, agintariengan. Baina konfiantza hori eduki ahal izateko, kapazitate kritiko bat eduki behar da; bestela, ez da konfiantza izango, beste gauza bat izango da...

Txotxongilo bat izatea…

Bai, hori da; besteen eskuetan jartzea era itsu batean. Ez dut uste hori egokia denik. Baina ikuspuntu kritikoa izateko, ezagutza izan behar da, kasu honetan esan dudan horri buruz: ulertu behar da ezagutza nola sortzen den, oso inportantea da hori. Ez bakarrik horrek laguntzen digulako gauzak hobeto egiten: baita estamentu ezberdinekiko konfiantza sendotzeari begira ere. Orain bizi dugunaren gisako egoeretan, oso inportantea da hori. Nik horren falta sumatzen dut.

Agintariek irizpide asko ebatzi dituzte zientzian oinarrituta ari direla esanez. Zer sendotasun erakutsi dute zientziaren eta instituzioen arteko zubiek?

Ez dakit zer mekanismo erabili diren. Oraindik ez dakit nondik iristen zaien agintariei informazioa; badakit aholkulariak dituztela, batzordeak dituztela, baina ez dakit...

Gardentasuna falta izan da?

Hasieran, bai. Argi eta garbi. Gero, nik uste dut gauzak gardenagoak izan direla, gero eta hobeto dakigu zer dagoen. Baina hasieran... Adibidez, existitzen ez zen batzorde bat asmatu zuen Espainiako Gobernuak. Hori ezin da egin, zeren eta, behin ja hori gertatu eta gero, jendea ez da fidatzen, ez dizute sinesten. Hala ere, ni, gardentasunaz harago, orain gehiago kezkatzen nau pedagogiarik ezak. Adibidez, autoan nentorrela, irratian entzun dut Eusko Jaurlaritzaren iragarki bat, esanez eskuak, distantzia eta maskara garrantzitsuak direla... Ados, hori eslogan bat da, oso ondo dago, baina non dago azalpena? Nik azalpena ez dut inon ikusten.

Komunikazioan zer hobetua egon dela iruditzen zaizu?

Argi eta garbi. Nik kontsumitzen ditudan hedabideak Internetekoak dira; horietan ez dut ikusi, ez baldin badira oso espezializatuak, azalpen egokirik. Hor, Kultura Zientifikoko Katedraren arduradun gisara, autokritika egin dezaket. Guri ere badagokigu lan hori egitea, eta agian ez dugu egin egin behar genukeen intentsitatearekin. Baina egia da nirearen moduko erakunde batek eta beste batzuek ez ditugula administrazioak dituen baliabideak. Beraz, nik autokritika eginez ere, uste dut erantzukizun handiena administrazioena dela. Eta nik ez dut azalpenik ikusi: zergatik eteten da birusaren transmisioa hau eginda edo egin gabe, edota zergatik eraman behar dut maskara kalean bakarrik noanean... Arrazoi bat dago gauza guztietarako. Zergatik ez dituzu ematen?

Argibide falta horrek zaildu dezake jendearengana heltzea?

Bai noski. Nik erabat aldatu behar badut nire bizitza, behintzat azal iezadazu zergatik. Igual ez dut ulertuko, baina arrazoiak ematen badizkidazu, behintzat, jakingo dut badagoela zerbait horren atzean, eta konfiantza sortuko da hor. Hori da nik egiten dudan gogoeta.

Txertoa hemen da. Aro honetan ere berebiziko garrantzia izango du komunikazioak...

Erabatekoa. Hor gauza asko nahasten dira. Batetik, botika konpainien interesak, zenbaitetan jokatzeko moduagatik-eta mesfidantza sortzen dutenak. Bestetik, hasieran populazioaren kopuru txiki bat txertatuko dute. Aldiz, etengabe esaten ari bazara badatorrela txertoa, jendeak pentsa dezake hau amaitzeko zorian dagoela; inkontzienteki bada ere, erraza izan daiteke hor jendeak jokaerak laxatzea.

Gauza positiboak nabarmentze aldera, txertoa lortzeko prozesua, hain bizkorra, lorpen izugarria izan da, ezta?

Bai, bai. Errekorra izan dela esan dut, eta halaxe da: normalean, txerto bat lortzeko, hamar bat urte behar dira; hau, berriz, hamar hilabetean lortu da. Eta ez txerto bat; ja hiru erabiltzeko eran daude, eta beste batzuk oso aurreratuta, eta teknologia ezberdinetan oinarrituta, gainera. Eta hori oso ona da. Zeren eta igual txerto bat ezingo baita erabili pertsona jakin batzuekin, edo arazo jakin batzuk dituztenekin. Ikuspegi zientifikotik, sekulako garaipena da. Eta horrek beste gogoeta bat sortzen du. Orain arte, aipatu dugu jendeak zientzian izan dezakeen mesfidantza; gauzak ez badira ondo ateratzen hasieratik, hori hor egon daiteke. Baina, bestalde, zera dago argi: zientziarik gabe, arazo hau benetan oso-oso larria litzateke. Hortaz, igual kritikoa izan zaitezke zientziaren funtzionamenduarekin, edo botika konpainiekin, bai; baina hortik ez badator konponbidea, ez da beste inondik etorriko, eta nik uste dut ideia hori hor geratuko dela, eta ezagutzari garrantzi handiagoa emango zaiola. Begira, duela ehun urte oso garbi zegoen hau, txertoak garatzen hasi zirenean, edo antibiotikoak: onurak oso nabarmenak ziren. Jendea oso gazte hiltzen zen, eta horiei esker utzi zion jendeak gazte hiltzeari. Behintzat, gure munduan. Badaramatzagu hamarkada batzuk zeintzuetan oso arraroa baita jendea gaztaroan edo haurtzaroan hiltzea; normaltzat hartzen dugu jendeak urte asko betetzea. Hori horrela denez, eta hori normaltzat ematen dugunez, ez dugu baloratzen hori edukitzeko zer bide egin behar izan den. Orain, hau heldu zaigu, eta ikusi dugu ziurtzat ematen zela hori, baina etor daitekeela honen gisako arazo bat eta ipin dezakeela dena hankaz gora.

Egon dira mezu negazionistak. Anekdotatzat jo behar dira?

Ez, ez dira anekdotatzat hartu behar. Uste dut garrantzia eman behar zaiela, eta eraman behar gaituztela horrelakoak ez gertatzeko estrategia batera. Eta horrek zerikusia du kultura zientifikoarekin, baina ez horrekin bakarrik: harremana du, halaber, jendeak ezagutza eta kultura oro har bere egiteko dituen baliabideekin.

Zientziak berak zenbaitetan azalpenak ematean duen umiltasun falta ez al da arazo?

Uste dut oso inportanteak direla umiltasuna eta zuhurtasuna, biak. Onartu behar dugu gerta daitekeela orain dakigunak hemendik sei hilabetera ez balio izatea: horren ordez beste gauza batzuk edukitzea.

Baina, era berean, irmo defendatu behar da unean uneko ezagutza, ezta?

Bai, ez daukagulako besterik. Baina zuhurtzia eta umiltasuna: biak dira oso inportanteak. Ez horrenbeste zientzialarien aldetik; zientzialarien eginkizuna da ezagutza sortzea, ezagutzaren aurrerapenaren mugetan egotea, labanaren ahoaren ertz-ertzean... Hor egon behar dute. Niri ez dit beldurrik ematen zientzialari batek esateak: «Hau honela da». Etorriko dira beste batzuk ezetz esatera. Aldiz, gero zientzia gai horiek gizartera zabaltzean, inplizituak behar lukete hor zuhurtasunak eta umiltasunak. Nik beti esaten dut: «Gaur dakigunaren arabera: hau. Gaur ditugun frogen arabera»... Eta noizean behin «oker nengoen» esatea ere oso inportantea da. Oker berba erabiltzea. Zergatik ez? «Oker nengoen, zeuden ebidentziak ez zirelako zuzenak; orain, hobeak dira. Eta igual orain esaten dudana hemendik sei hilabetera zuzendu beharko dut berriro. Baliteke». Ezagutzak horrela egiten du aurrera.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Larunbatetik, COVID ziurtagiria eskatu behar dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako establezimendu batzuetan. Irudian, Donostiako Aratz jatetxea. ©JON URBE / FOKU

Astebetean %52 handitu da positibo kopurua Hego Euskal Herrian

Ekhi Erremundegi Beloki - Oihana Teyseyre Koskarat - Irati Urdalleta Lete

Gipuzkoako intzidentzia metatua 1.183 kasukoa da, pandemiako handiena. Ipar Euskal Herriko ikastetxeetan protokoloak zorroztera egingo dute, eta diskotekak-eta itxi egingo dituzte hilabetez

Manifestazioa, atzo, Durangoko kaleetan. ©FOKU

«Euskararen Errepublika» helburu, hizkuntza politika burujabea exijitu du EHEk

Maite Asensio Lozano

Ehunka lagun bildu dira Durangon, Euskal Herrian Euskaraz-ek egindako manifestazioan. Euskara «prozesu subiranistaren erdigunean» jartzera deitu du

COVID-19aren aurkako txertaketa Illunben, Donostian, abuztuan. ©GORKA RUBIO/ FOKU

Txertoak: bakarrik ez dira aski

Edurne Begiristain

COVID-19aren aurkako txertaketa ez da nahikoa kutsatzeak eta transmisioa eragozteko. Adituen ustez, bestelako neurriak behar dira, eta errefortzu dosiak ere bai.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.