Koronabirusa

Birus mugagabea nola mugatu

Erresuma Batuak eta Europako Batasuneko zenbait herrialdek bidaiarien mugimenduak murrizteko eta kontrolatzeko neurriak zorroztu dituzte, koronabirusaren aldaera berrien hedapena galarazteko. Txertoa jaso izana herritarren joan-etorriak baimentzeko irizpidetzat hartzea proposatu du Greziak.

Bidaiari gutxi batzuk Londresko Heathrow aireportuko korridore batean, iragan astelehenean. NEIL HALL / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Koronabirusaren aldaera berriak ugaritzen ari dira, eta hala ari dira horiek herrialdeetako mugetatik kanpo mantentzeko ahaleginak ere. Herritarren sartu-irtenak gertatzen diren puntuetan neurriak berritu dituzte herrialde askok, kasuen ugaritzearekin batera.

Aldaera berrietako baten esportatzaile izan da Erresuma Batua —han identifikatutako aldaera munduko 58 herrialdetan atzeman dutela jakinarazi zuen OME Osasunaren Mundu Erakundeak, astelehenean—, eta herrialde horretarako bidaiak eten egin dituzte zenbait herrialdek. Portugal izan da hori egiten azkenetakoa; gaurtik ez da herrialde horretatik abiatuko Erresuma Batua helmuga duen hegazkinik.

Erresuma Batuko Gobernuaren erabakiak ere ildo berekoak izan dira, ordea. Han atzemandakoa hedatzea galarazteaz gain, atzerrian identifikatu dituzten beste aldaera batzuk herrialdean sartzearen beldur da gobernua, eta, George Eustice Ingurumen ministroak herenegun aitortu zuenez, mahai gainean dute mugak ixtearen aukera. «Erabakiak etengabe berrikusten ditugu. Kezkatuta gaude birusaren mutazio eta aldaera berrien kopuruagatik», adierazi zuen.

Aireportuetako joan-etorriei eragiten dieten neurriak hartu ditu asteon Londresek. Hego Amerikatik Erresuma Batura doazen bidaiak bertan behera uztea agindu zuen gobernuak, Brasilen atzeman duten birusaren aldaera berriaren aurkako neurri gisa. Hegazkin bidaiei eragiten dieten neurri zorrotzagoak ere aplikatuko dituzte, datorren astelehenetik aurrea. Segurutzat hartzen dituzten aire korridore guztiak bertan behera utziko dituzte, eta, hortaz, Erresuma Batura doan edozein bidaiarik hamar eguneko berrogeialdia egin beharko du—orain arte, hori egitetik salbu zeuden korridore horien barnean zeuden herrialdeetatik iritsitako bidaiariak—.

Izan ere, pandemia markak hausten ari da Erresuma Batuan —konfinamenduan daude urtarrilaren 5etik—, nahiz eta azken bi egunetan arnasaldi txiki bat eman duen, kutsatuen kopuruari dagokionez. Ez hildakoen zenbatekoari dagokionez, ordea; %14,1 hazi dira COVID-19ak kutsatuta hil direnak herrialde horretan aste honetan, aurrekoarekin alderatuta. Kutsatzeen gorakada aldaera berriarekin lotu dute agintariek, baina, kutsakorra izanik ere, haren hilkortasun maila handiagoa ez dela esan dute orain arte medikuek. Atzo, aldiz, Boris Johnson lehen ministroak adierazi zuen, aldaera berriak, kutsakorragoa izateaz gain, «hilkortasun tasa handiagoa» ere izan dezakeela, eta badirela hala baieztatzen duten ebidentzia medikuak. Gaineratu zuen Erresuma Batuan ematen ari diren txertoa, Pfizer-BioNTech etxeak ekoitzitakoa, eraginkorra dela aldaera berriaren aurka.

EB Europako Batasuneko estatuak ere neurriak gogortu beharrean aurkitu dira, aldaera berrien hedapen azkarra dela eta. Hala egiteko aholkatu zien, hain justu, ECDC Gaitzen Kontrol eta Prebentziorako Europako Zentroak, ostegunean. Erresuma Batuan, Hegoafrikan, Brasilen eta Japonian aurkitutako aldaerek transmisio gaitasun handiagoa dutela ohartarazi zuen erakundeak, eta beharrezkoak ez diren bidaiak bertan behera uzteko eskatu zuen. Egun berean, goi bilera izan zuten EBko 27 estatu kideetako buruek, COVID-19aren aurrean hartu beharreko neurriak zehazteko. Hein batean, hartzen diren neurrietan koherentzia mantentzeko helburua zuen bilkurak. «Beharrezkoak ez diren» bidaiak murrizteko konpromisoak hartu zituzten gobernuek, baina, betiere, mugak zabalik mantentzeko baldintzarekin. Bruselak nola edo hala saihestu nahi du pandemiaren lehen olatuan gertatu zena errepikatzea: herrialdeen arteko mugak ixtea, eta, horren ondorioz, herritarren ibili askea bermatzeko tresnatzat jaio zen Schengen eremua baliogabe geratzea.

Helburu horrekin, «arrisku epidemiologiko handiko» eremuak zehazteko eskatu zien Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak. Zona horietan ez mugitzeko aholkatu beharko dute gobernuek, eta neurri bereziak ezarri beharko dituzte. Gehienez ere gomendioak izango dira EBk emanikoak, hala ere, mugen eta bidaien inguruko direla aitortu baitzuen Von der Leyenek. Dena dela, modu bateratuan eta koordinatuan jarduteko eskatu zien.

Bilkura amaitu bezain pronto iragarri zituen Frantziak bidaiarientzako neurri berriak. EBko beste herrialdeetatik Frantziara doazen bidaiariek azken 72 orduetan PCR proban negatibo eman izana ziurtatu beharko dute, eta, proba negatiboa bada, ez dute bakartu beharko. EBtik kanpoko bidaiariek horretara behartuta daude Frantzian duela egun batzuetatik, eta neurria Europako bidaiarietara zabaltzea erabaki du Emmanuel Macronen gobernuak.

Belgikak ere zorroztu zituen neurriak. Atzerrirako bidaiak nahiz atzerritik iritsitakoak bertan behera utziko dituela iragarri zuen atzo, «ezinbestekoak» direnak salbuetsita. Datorren astean sartuko da indarrean neurria.

Hegoaldekoen eskaria

Herrialde batetik bestera mugitzeko kontuan hartu beharreko irizpideen artean orain arte ez da egon txertaketarena, baina horren aldeko kanpaina egin du Kyriakos Mintsotakis Greziako lehen ministroak, eta baliteke datozen hilabeteetan eztabaida horrek indarra hartzea, Europako hegoaldeko herrialdeek eta turismoa diru iturri nagusia dutenek akuilatuta.

Txertoa hartuta dutenei ziurtagiri bat eman, eta, horren bidez, Europan eragozpenik gabe bidaiatzearen alde mintzatu zen Mintsotakis EBko estatu kideen arteko bileran, baina haren proposamenak ez zuen aurrera egin. Gainerako herrialdeetako buruekez zuten lehentasunezkotzat jo, eta halako ziurtagiri baten legezkotasunaren eta egokitasunaren inguruko zalantzak ere azaleratu ziren goi bileran, txertoa hartu ezin dutenen edo nahi ez dutenen eskubideak urratzeko arriskua ikusi baitzuten batzuek.

Horren ordez, ziurtagiri mediko bat osatzearen alde egin zuten, helburu izango duena osasun agintariei pandemiaren jarraipena egiteko baliabide gehiago ematea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.