'Streaming' plataformak. Euskara. Enric Marin i Otto. CCMAko lehendakari ohia

«Eskumenik gabe, ezin da negoziatu multinazionalekin»

Ikus-entzunezkoetan sortzen ari den egoeran, eskumen banaketaren ondorioz, Hego Euskal Herrian euskara Espainiaren eskuetan dagoela dio Marinek, eta eskema «etnozida» duela.

ALBERT SALAME LLOP.
jon ordonez garmendia
2019ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Streaming plataformek ataka berri batean jarri dute euskara, horietan ere beste batzuk baitira hizkuntza hegemonikoak. Enric Marinentzat (Bartzelona, 1955), afera honetan erabat politikoa da hizkuntzaren gaia: telekomunikazio eskumenak izan behar dira konpainia handiekin negoziatzeko. Ezkerraberrik urriaren 4an antolatu dituen jardunaldietan emango duen hitzaldiaren lerro nagusiak aurreratu dizkio BERRIAri.

Jardunaldiek diote erronka baten aurrean daudela hegemonikoak ez diren hizkuntzak. Erronka, aukera, oztopo... zer da?

Nik esango nuke erronka bat dela, baina, estatuaren eta autonomia erkidegoen arteko eskumen banaketaren ondorioz, oso egoera prekarioan gaudela erronka horrek aurrean jartzen dizkigun gaiei modu positiboan heltzeko.

Zer gai dira horiek, zehazki?

Aldaketa teknologikoa eta ikus-entzunezkoen arloan ikusleak edukiekin duen harremana.

Egoera txarra da?

Publikoki gaiaz eztabaidatzen denean uste den baino larriagoa.

Zergatik?

Batetik, zerbitzu publikoa bermatzeko erregulazioak berehala geratzen direlako zaharkituta, informazioaren eta komunikazioaren teknologien eboluzio azkarraren ondorioz. Bestetik, audientziek edukiekin duten harremana funtsean aldatu delako eta eskaintzaren edukiontzi handiak estatuekin paktatzen duten multinazionalak direlako, ez azpiko beste egiturekin. Eta azkenik, Espainiako gobernuek historikoki jarrera jakobinoa izan dutelako, hala PSOEk nola PPk.

Nola eragiten dute?

Telekomunikazioetan, oinarrizko eskumenak estatuarenak dira, eta horrek esan nahi du estatuak arautzen duela espazio erradioelektrikoa. Erregulazioak baliatuz, Espainiako gobernuek geroz eta baldintza txarragoak sortzen dituzte euskal kulturaren edo kultura katalanaren zabalkunde normalizatuarentzat. Trantsizioaren ostean, telebista oreka bat zegoen katalanezko eta gaztelerazko eskaintzan: Espainiako korporazioak bere edukiak gazteleraz ematen zituen, eta Kataluniakoak, katalanez. Baina geroko erregulazioek desoreka handia eragin dute, estatuak ez dituelako baliatu eskura zituen klausulak edukiak katalanez edo euskaraz eskaintzera behartzeko. Hala, telebista pribatuen, LTDaren eta kable operadoreen erregulazioekin, katalanezko eskaintza baztertuta geratu da: %50etik %3ra pasatu da.

Eta orain?

Europan merkatu digital bakarra definitzen ari da, eta horrek eskaintza orokor bat zabalduko du. Baina guk ezin dugu ezer negoziatu. Soilik espazio erradioelektrikoaren kudeaketaren eskumenak baditugu arautu ahal izango dugu modu egokian Kataluniak eta Euskadik, ez dadin izan bazterrekoa katalanaren eta euskararen presentzia. Lehentasunezkoa da telekomunikazioetan eskumenak izateko borroka egitea.

Bestela, zer gertatuko da?

Estatuak ez ditu bere egiten euskal kulturaren edo kultura katalanaren aldarrikapenak; autonomia erkidegoen esku uzten ditu, jakinda ez dutela eskumenik ezer egiteko. Eta, horrela, ematen du ez dela ezer egiten ari, baina bere helburua betetzen ari da; ez du gazteleraren aldeko politika proaktiborik egin behar. Eskema etnozida bat da.

Erreala da pentsatzea Euskal Herriak eta Kataluniak multinazionalekin zuzenean negoziatzeko aukera izan dezaketela?

Egoeraren jakitun izan behar dugu, eta telekomunikazioen eskumenak lehen lerroan jarri. Bestela, ez Jaurlaritzak eta ez Generalitateak ezingo dute negoziatu Googlerekin, Netflixekin edo Movistarrekin. Estatu baten autoritatea ez baduzu, ezin da egin. Gehienera, harreman atsegina izango dute, eta zerbaiten itxaropena izan.

Konpainia horiek zenbaterainoko sentsibilitatea dute hegemonikoak ez diren hizkuntzekin?

Arazoa da gehienek Madrilen dutela egoitza, baita Portugalerako ere. Eta hortik kudeatzen dute. Eta zuzendariak Madrilen bizi dira, edo madrildarrak dira, eta Espainiako pentsaera dute. Zergatik gastatuko dute dirua filmak itzultzeko inork ez baditu behartzen? Jatorrak garelako?

Ekoizpenean, ordea, badute eragina. Handia-ren aurrekontuaren zati bat bete zuen Netflixek.

Bai, nik ez dut esaten aukera berriak ez dakartzatenik, baina ezinbestekoa da gertatzen denaren kontzientzia erreala izatea.

Telebista publikoak non geratzen dira honetan guztian?

Eskema berri honetan balio dutenak edukiak dira. Eta ezinbestekoa da irrati-telebista korporazio publiko indartsuak izatea, eta horiek aurrekontu egokiak izatea eta edukiak ekoiztea. Eduki-sortzaile bazara, aliantzak egin ditzakezu, eta modu horretan tamaina txiki eta ertaineko telebista nazionalen aliantza bat sortu ahal izango genuke Europan, indarrak batu, koprodukzioak egin eta elkarrekin negoziatzeko. Horrelako estrategietan pentsatu behar dugu. Baina, lehenenik eta behin, politikariek horren guztiaren kontzientzia hartu behar dute.

Ez dute kontzientzia hori?

Ez. Kataluniako prozesuan guztiaz hitz egin da kulturaz izan ezik.

Eta gizarteak?

Gizarte mugimenduek ere horren kontzientzia hartu behar dute gobernuak laguntzeko eta behartzeko dagokien ardura har dezaten. Baina garbi dut Espainiak ez dituela telekomunikazioaren arloan eskumenak aise emango. Sakratua da eurentzat hori.

Filmin.cat-en gisako plataforma bat izan liteke irtenbide bat?

Hori da. Telekomunikazioen arloan eskumenak izan bitartean, irudimentsuak izan behar dugu. Sistemak eskaintzen dituen arrakala guztiak baliatu behar ditugu, eta uste dut ez garela hori egiten ari. Esango nuke ez dugula arazoaren ikuspegi globala eta, beraz, ez diogula behar bezala erantzuten. Aukera guztiak aztertzen hasten garenean, sortuko dira irtenbideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.