Bakarrik dauden etorkin adingabeak. Elkarrizketa. Vanesa Goñi. Esku hartze sozialeko teknikaria

«Gazteen identitatea urratzen du migrazioak: hemen ez dira inor»

Adingabe eta familia etorkinen ongizate psikologiko eta emozionalaz arduratzen da Vanesa Goñi gizarte langile iruindarra. Sorterria uzten duten guztiek «dolu prozesu bat» pasatzen dutela azaldu du.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2020ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Zain dago Vanesa Goñi gizarte langilea (Iruñea, 1976), sakelakoari so. Esku hartze sozialeko teknikaria da, Sei elkartean. Esan berri diote migratzaileen familia batek laguntza behar duela eta edozein unetan jasoko duela Whatsapp mezu bat, haiekin kontaktuan jartzeko. Paperen tramiteekin eta hezkuntzarekin laguntzeaz gain, nerabeen ongizate psikologiko eta emozionalaz arduratzen da, «gazteak etsipenean hondoratu ez daitezen».

Zer egiten du esku hartze sozialeko teknikari batek?

Iruñera etorri berri diren gazte eta nerabe migratzaileei arreta eta babesa eskaintzen dizkiegu, eta, batez ere, lagundu egiten ditugu migrazio doluaren prozesuan. Familiekin ere lan egiten dugu: kide guztiek batera migratu duten familiekin, baina baita denbora luzez bananduta egon ostean hemen elkartu direnekin ere. Izan ere, badirudi familiak berriz elkartzean bukatu egiten direla arazoak, baina ez da horrela.

Ez?

Ez. Aintzat hartzekoa da migratzaileen familiek 8-10 urte ematen dituztela bananduta batez beste; batzuetan, 14-15 urte ere izan daitezke. Jakina, hainbeste denboraren ostean, elkarrekin bizitzen hastea prozesu konplikatua izan daiteke, dena aldatu baita: adibidez, sorterrian utzi zenituen seme-alaba horiekin zenuen harremana ez da gaur egun duzuna, edo jada nerabezaroan dagoen semeak ez zaitu gurasotzat hartzen; ez zaitu ezagutzen. Halako prozesuetan, lagundu egiten ditugu familiak, urteetan galdutako harremanak eta loturak berreraiki ditzaten.

«Migrazio dolua» kontzeptua aipatu duzu lehen. Zer da?

Migratzaile guztiek pasatzen duten prozesu bat da, jaioterria utzi eta beste herrialde batera iristen diren momentutik aurrerakoa. Hori sufritzen dutenentzat, bi noranzkoko bidea da. Alde batetik, galdu duten guztia barneratu behar dute: familia, lagunak, eskola, lana, kultura, estatus soziala, osasuna... Eta hori egiten duten bitartean, egoera berrira egokitu beharra dute ezinbestean. Oso prozesu konplexuak eta luzeak dira, eta gaitasun handia eskatzen dute, ez amiltzeko.

Zer eragiten du dolu prozesu horrek adingabeengan?

Adingabeentzat, are zailagoa da egoera horiek kudeatzea, hain zuzen, garapen pertsonal betean direlako. Norbanakook nerabezaroan garatu ohi dugu gure nortasuna, eta, bide horretan, garrantzi handia dute lagunek eta ingurukoek. Hori dela eta, identitate arazoek pisu handia dute nerabeen migrazio doluan.

Zergatik?

Jaioterrian, gazte hauek baziren nor: eskolako ikaslerik bizkorrena, lagun kuadrillako bromazalea, familiako berritsuena... Horren guztiaren arabera eraikia zuten nortasuna. Migrazio prozesuak, baina, urratu egiten du gazteen identitatea: hemen ez ditu inork ezagutzen, eskolan ez du inork beren hizkuntza ulertzen, harrera gunean arau arrotzak ezartzen dizkiete, eta eurekin batera heldu diren beste migratzaileak akaso ez dira herrialde berekoak ere. Etxean bazuten nortasun bat, baina, hona iritsita, ez dira inor.

Hala ere, dolua pertsona bakoitzaren araberakoa izanen da, ezta?

Bai. Migrazio dolua prozesu luzea izan ohi da, bi urte ingurukoa, eta aldagai asko daude jokoan: gazte bakoitzaren egoera pertsonala, jatorrian edo bidean eman dieten tratua, inguruan babes sare bat osatzea lortu duten ala ez... Horrek guztiak arindu edo zamatu egin dezake egokitze eta gizarteratze prozesua. Hala ere, migrazioaren faseak oso antzekoak dira gehienetan.

Zein dira fase horiek?

Migrazio prozesuaren aurreko epeari prestaketa fase esaten diogu: sorterria utzi eta migratzeko erabakia hartzen den unean hasten da. Normalean, migratzaileek ideia, asmo eta itxaropen asko izaten dituzte fase horretan. Europara iritsi osteko lehen egunetan, aktibazio fasea hasten da, eta, horretan, gazteak buru-belarri aritzen dira dena prestatzen, gelditu gabe: bizitoki bat bilatzen, paperak eta tramiteak egiten... Dena egin nahi dute berehala, eta, bat-bateko bulkada horren eraginez, askotan ez dira errealitateaz jabetzen. Horren ostean heltzen da krisi edo desoreka fasea, eta gazteak konturatzen dira hemengo egoera ez dela amesten zutena: lana bilatzea oso zaila da, pasaporterik ez dute, paperak tramitatzeko labirinto burokratiko bat gainditu beharra dute, ez dute bertokoen hizkuntza ulertzen... Oztopo lasterketa bat da eta, gainera, erlojuaren kontrakoa.

Erlojuaren kontrakoa?

Bai. 18 urte bete arte, adingabeak dira, eta administrazioek betebeharra dute babesa emateko. Hortik aurrera, baina, paperik gabeko etorkin bihurtzen dira. Hortaz, beren egoera legeztatu beharra dute 18 urte bete baino lehen, eta, kontuan izanda hona ailegatzen direnerako askok 17 urte beteak dituztela, epeak asko murrizten zaizkie. Hilabete gutxi batzuk besterik ez dute pasaportea tramitatzeko, paperak lortzeko, lan bat aurkitzeko...

Zer eragin du krisi horrek gazteengan?

Ezinegon, estres eta frustrazio izugarriak eragiten dizkie. Pazientzia izateko eskatzen diegu, baina ezin dute. Egonkortasuna behar dute, besteak beste, familiari laguntzeko edo senideei dirua bidaltzeko, baina ikusten dute denbora bukatzen zaiela. Hortaz, amorrua eta haserrea sentitzen dute, ez dakitelako zulotik nola atera.

Zeintzuk dira gazteok adierazten dizkizuten kezka nagusiak?

Bada, paperei eta tramiteei lotutako arazoak kezka iturri diren arren, are ohikoagoak dira familiari buruzkoak. Elementu hori buruan dute beti. Senideengandik aldenduta daude fisikoki, baina, psikologikoki, presente dituzte une oro. Askotariko kasuak ikusi ditugu: familia pobrezian edo egoera arriskutsu batean duten gazteak, gurasoak galdu dituztenak, tratu txarrak pairatu dituztenak... Denetan antzeman dugu familiaren itzal luzea. Badira, adibidez, familiakoei ezer esan gabe etxetik alde egin zutenak. Bada, agur esan ez izana zama izugarria da horietako askorentzat, eta oso gaizki pasatzen dute.

Zer garrantzi du sozializazioak gazte etorkinen doluan?

Ezinbestekoa da. Adingabe etorkinei oso lagungarri zaie beren egoera berean dauden beste gazte batzuen esperientziak, sentimenduak, arazoak eta zalantzak aditzea. Sentitzea ez daudela bakarrik. Etxean edo harrera gunean bakartzeak, oro har, ez die inongo mesederik egiten, tristuraren espiralean behera labaintzeko arriskua areagotzen duelako. Horregatik, oso garrantzitsua da babes sareak eratzea, sentitu dezaten zerbaiten parte direla. Badutela toki bat, eta familia bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.