Pilulen bidez ere, prebentzioa

Hiesaren aurkako nazioarteko eguna infekzioaren kontrako neurri berriekin heldu da; asteotan hasi dira Hego Euskal Herriko erietxe publikoetan prebentziorako pilulak ematen. Soslai jakin bateko pazienteei ematea erabaki da: gizonekin babesik gabeko sexu erlazio ugari dituzten gizonezkoei.

arantxa iraola
2019ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Eskuragai ipini dituzte Osakidetzak eta Osasunbideak GIB birusa —hiesaren sorburua da— prebenitzeko sendagaiak; hilaren hasieratikNafarroako osasun sistemak, asteon EAEkoak. Aspalditik dira ezagunak botika horiek, eta erruz erabiliak dira aurrez ere; finean, GIBaren aurka egiteko erabiltzen diren botikak dira, pilula gisakoak. Espainiako Gobernuaren baimenik ez zegoen oraindik, ordea, substantzia horiek prebentziorako baliabide gisara ere ematen hasteko, eta Osasun Ministerioak «argibide» aldaketa onetsi arte zain egon behar izan dute osasun zerbitzuek erabilera berria ezartzen hasteko. Ministerioak urriaren amaieran egin zuen urrats hori, eta botikak eskuragai jarri dituzte orain, hiesaren nazioarteko egunaren atarian: igande honetan da. Aurrez beste hainbat estatuk onetsiak zituzten botikak prebentziorako baliabide gisara, tartean Frantziak.

Orain arte, preserbatiboaren erabilera sustatzearen inguruan egon dira ardaztuta hiesaren inguruko kanpainak ia beti, eta urteotan prebentzioaren alorra beste eremu batzuetara zabaldu du botiken erabilerak. Ez dudarik eragin gabe; izan ere, prebentzio eredu horrek preserbatiborik gabeko sexu harremanak ahalbidetzen ditu, eta ez ditu sexu erlazioen bidez transmititzen diren gainerako eritasunak prebenitzen. Harri Beltza elkarteko ordezkari Joseba Errekaldek hamarkadak daramatza infekzioaren prebentzioa sustatzen , eta onartu du botiken bidezko prebentzioak dakartzan kontraesanek zenbaitetan artegatasuna sentiarazi diotela. «Atera kontuak: oraindik ez dugu lortu preserbatiboak dohainik izatea, baina, aldiz, lor ditzakezu pilulak doan».

Espainiako Osasun Ministerioak zehaztu du nori eman ahal izango zaizkion botika horiek prebentziorako, eta irizpide horiek jarraitu beharko dituzte orain osasun zerbitzu guztiek. «Zehaztutako argibideen barruan sartzen direnei bakarrik emango zaizkie; edonork ezin ditu hartu», azaldu Antonio Arraizak, Osakidetzako hiesaren planaren koordinatzaileak. Infekzio berrien gaineko datuetan era temosoegian ikusi da urteotan gizonekin babesik gabeko sexu harremanak dituzten gizonen artean antzematen direla kasu berri gehienak, eta onartu du berariaz populazio horri begira diseinatutako neurri bat dela. «Oro har, GIBaren transmisiorako arrisku handiko sexu praktikak dituztenentzat da». Ezarritako irizpidea da egunean pilula bat hartzea.

Irizpideak

Oinarrizko bi arau jarri dituzte: pilulak hartzen dituzten guztiek izan behar dute GIBik gabeak eta 18 urtetik gorakoak. Ondoren, beste bost irizpide jarri dituzte, botika hartzera doazenek iragan urtebetean izan dituzten esperientziak oinarri hartuta, eta gizonekin sexu harremanak dituzten gizonetan pentsatuta betiere: hamar sexu bikote baino gehiago izatea, babesik gabeko uzki sexua izatea, babesik gabeko sexu harremanetan drogak erabiltzea, sexu harremanen ondorengo profilaxia erabili izana, eta gutxienez sexu transmisio bidezko infekzio bat eduki izana. «Bi horietako bat betetzen duten gizonek hartu ahal izango dute botika prebentziorako», azaldu du Arraizak. Andrazkoak soilik kasu batean sartu dituzte neurrian: prostituzioan ari direnek eskatu ahal izango dute, «normalean preserbatiboa erabiltzen ez badute». Gizonentzat pentsatutakoa da ia guztiz, beraz, neurria. Arraizaren arabera, erabateko funtsa du horrek. «Iaz, esaterako, gurean izan ziren 154 infekzio berrien %80 gizonenak ziren; gehienak gizonekin sexu erlazioak dituzten gizonenak».

Errekalderen arabera, chemsex —drogak eta sexu harremanak uztartzean datza— deituaren jiran harremanak dituzten gizonen soslaiari erantzuten dio, bereziki, prebentzio eredu horrek, «arrisku» praktikak izaten baitituzte usu. Horien harira, gizonen artean homosexualitatea ulertzeko eta barneratzeko dauden ereduen inguruko gogoeta zuztarrekoa egin behar dela uste du. Ulertzen du, ordea, osasun zerbitzu publikoek botikok ematen hasteko egin duen urratsa: «Administrazioa arautzera behartuta sentitu da, bai baitaki jendeak erabiltzen duela». Hain justu, eskura daude bestela ere sendagai horiek: «Interneten, adibidez, inolako kontrolik gabe». Orain, sistema publikoaren barruan hartzen dituztenek hainbat kontrol jarraitu beharko dituzte: hiru hilean behin kontsultara joan beharko dute, eta azterketak egingo dizkiete. Hori bera hainbat pertsonarentzat galga izan daitekeen susmoa du Errekaldek: «Kontsultara joan behar duzu, azterketak egin behar dituzu... Ez dakit zenbait jendek nahiko duen».

«Arrisku» praktikak dituzten horiei begirako neurrietan saiatzea ezinbestekoa dela gogoratu du, ordea, Arraizak. «Izan ere, infekzioa hartzen ez badute, zabaldu ere ez dute egingo. Katea puskatzea da asmoa; infekzio kopuru berria apaltzea». Prebentzio eredu honek ekar ditzakeen arazoen artean dago preserbatiboa ez erabiltzearen ondorioz gainerako sexu transmisio bidezko gaitzen gorakada dagoela usu; badira hori erakusten duten ikerketak. «Baina, oro har, balantzan jarrita, onura handiagoa da», argudiatu du Osakidetzako ordezkariak

Errekalderen aburuz, GIBaren inguruan Euskalsidan baturiko elkarteek ez dute jarrerarik hitzartu prebentzio hautu honen inguruan, baina oinarrizko adostasun bat bada. «Denok gaude nahiko ados: tresna bat gehiago da, kasu oso espezifiko batzuetarako». Prebentzio eredu horren aldeko boz ozenak entzun dira, hala ere, beste hainbat gobernuz kanpoko erakunderen partetik. «Lehen mailara eraman dute;izugarrizko garaipen gisara hartu dute botikak ematen hastea. Ez da gure kasua», azaldu du Harri Beltzako ordezkariak. «Jakina, guk ez dugu hainbeste populazio sexua izateko arrisku planteamendu horietan... Gehienbat Madrilen eta Bartzelonan mugitu dira elkarte horiek. Gure elkartera oraindik inork ez du deitu galdetuz noiz hasiko diren botikekin». Badakite, ordea, eskaintzak eskaria izango duela Osakidetzan. Kuantifikatuta dute, Arraizaren arabera: «Gure estimazioen arabera, berrehun pertsona inguru izango dira lehen urte honetan»

Preserbatiboaren alde

Argi utzi du Arraizak ere aukera berri hau ezin dela izan gainerako prebentzio bideen ordezko: «Ez doa bakarrik. Prebentziorako beste lan ildoekin osagarria izan behar du beti». Aurrez abian jarritako prebentzio estrategia guztiek martxan jarraitzen dutela esan du, horiek hauspotzen segituko dutela. Gizartearen osotasunari begira, oro har, beti gailendu den mezuari eutsi behar zaiola nabarmendu du: «Armarik eraginkorrena preserbatiboa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.